Auzoetatik Piztu Bilbo
Auzoetatik Piztu Bilbotik krisialdi eta salbuespen egoera honi buruzko hausnarketa batzuk banatu nahi ditugu elkarrekin, berotan eta lubakitik idatzitako hausnarketak.
Euskal Herri osoan, COVID-19 izurri larrialdiaren aurrean, behetik gorako zaintza mugimendu autogestionatuak sortzen hasi dira, zaintzaren autogestiotik eta auzoetatik hazitako borroka. Instituzioetatik “sare kutsakorrak” sortzen ari garela dioskue. Eta hala da, sare kutsakorrak sortzen ari gara, elkartasun kolektiboa kutsatzen gabiltza auzo eta herrietan. Klase elkartasunaren birusa Euskal Herri osotik hedatzen ari da abiadura esponentzialaz eta geldiezin bihurtzen dabil.
Larrialdiaren eta “normaltasunaren” arteko dialektikari buruz: Bi mundu ispiluaren aurrean, bi mundu gerran
Lehen egun hauetako “osasun krisiari” dagokionez, esaten denaren aurka, larrialdi egoerak gizartean eta beronek munduari aurre egiten dion moldean aldaketa erradikalik ez dakarrela deritzogu; ageriko uzten du soilik, larrialdian bezain beste, balizko “normaltasun” egoeran ematen dena.
Krisialdian, “nomarltasun” (kapitalistan) bezala, munduan izateko bi era azaleratzen dira, aurka dauden bi mundu eta bi etika antagoniko: badago instituzioengan dena delegatzeko apustua egiten duenik, halakoek egoerari modu indibidualistan egingo diote aurre sá?lvese quien pueda logikapean. Baina bada bestaldean, egiteko eta antolatzeko beste era batzuen alde apustu egiten dugunon mundua ere, era kolektibo eta komunitarioen alde, helburutzat elkar-zaintza, elkar laguntza eta auzo-defentsa sareak dauzkagunon mundua.
Batetik, auzo herrikoiak militarizatuak dituen salbuespen egoerako erantzun poliziala daukagu, imajinario apokaliptiko eta patriarkalaren hedapenarekin bat datorrena; eta bestetik, zaintzaren sozializazioa dago, herriarengandik eta herriarentzako, aspaldi diogun bezala “lagunek eta auzokideek zaintzen gaituzte, ez poliziak” lelopean.
Alde batean, enpresen mundua, larrialdi hau langileoi oradinarazi nahi diguna, kaleratzeen edota eskubide murrizketen bitartez; beste aldean, berriz, langile antolatuak gaude, borroka eta elkartasun sareak sortzen ari garenak esplotazio eta eskubide urraketen aurka; zuen karitate eta asistentzialismoatik haratago joan nahi dugunon, elkartasuna eta klase borroka antolatzen ari garenok.
Batetik, mundu zaharra dugu, haren krudeltasuna azalerazten eta bere dekadentzia eta jasangarritasunik eza erakusten ari dena; bestetik, berriz, beste mundu baten aukera dago —mundu etiko eta solidario berria, krisi une hauetan antzeman dezakeguna—.
Klase borroka hauspotu, munduen arteko gerra sakondu.
Instituzioen jarrerari buruz: Zuena ez da larrialdiarekiko erantzuna, herri autoantolakuntzaren aurkako erantzuna baizik!
Instituzioetatik, banaezin diren haien aurpegi biak erakusten ari zaizkigu: aurpegi asistentzialista eta aurpegi zapaltzailea; polizia ona eta polizia txarra; apaiza eta kartzelarioa…
Euren sare asistentzialista eta karitatetsuak eraikitzen ari dira aurrekontu publiko handien gain (Guztion Artean bezalako sare “ofizial eta antolatuak”) eta aldi berean herri elkartasun sareak kriminalizatzen dituzte —berauek antolatzen ari diren pertsonen identifikazioa aginduz, gainera—.
Orduan, guri zalantza batzuk sortzen zaizkigu:
Eratzen ari zaretena larrialdiarekiko erantzuna al da, ala herriaren autoantolakuntzari erantzuna? Ez ote da izango beldurra ematen dizuena ez dela osasun larrialdia bera, borrokarako prest dagoen herri antolatua baizik?
Auzoetako ekimen autogestionatuei kontrapropaganda egitean pentsatu ordez, zer dela-eta ez duzue hoteletan, pisu turistikoetan eta agentzia immobiliarioen etxe hutsetan esku hartzen, ez daukanari aterpea eskaini edota gaixorik daudenentzako tokiak atontzeko? Zergatik ez dituzue langile klaseko kide guztien alokairu, hipoteka eta ordainketak blokeatzen? Zergatik ez diezue gutxieneko errenta ziurtatzen lan gabe geratu diren langileei eta langabezian edota laguntza sozial barik dauden pertsona guztiei? Zergatik ez duzue osasun sistema indartzen, langile gehiago gain hartuz eta sanitarioen lan karga murriztuz?
Zuen paternalismoaren kontra, herri autoantolakuntza saretu.
“Denok ontzi berean gaude” diskurtso mediatikoari dagokionez: “Ez gaude, eta ez dugu egon nahi”
Ez gaude “denok ontzi berean”. Ez daude ontzi berean luxuzko hotelen eta higiezinen agentzien ugazabak eta kaleratzen ari diren soldata gabeko langileak; ez daude ontzi berean, haien plusbalia apur bat jaitsiko duten euskal oligarkiako edo multinazionalen enpresariak eta soldata zein eskubide gabe geratuko diren berauen enpresetako langileak; ez dago ontzi berean, etxeko umeen zein nagusien zaintzarako langilea soldatapean duen jendea eta krisi garai hauetan erabaki behar duena, lanera joan (jatekoa lortzeko) edota seme-alabak bakarrik uztearen artean.
Ez daude ontzi berean arraunean, krisi honi etekina ateratzeko trikimailuak asmatzen ari diren txerri kapitalistak, aberasteko aukera izan dadin eta salbuespen egoerako neurri iraunkorrak ezartzeko aburuz; eta, bestalde, antolatzen ari garen auzoetako jendea. Ez dugu zuen normaltasun indibidualista eta patriarkalera itzuli nahi, beste bizitza eredu bat eta kolektiboki funtzionatzeko molde berria eraiki baizik. Larrialdiaz gain, zuen “normaltasunetik” haratago doan moldea.
Guk sekula ez dugu zuen ontzi berean arraun egin: zuena luxuzko yatea da eta ekaitzak enbarazu egiten dizue, eguzkitan bainatzera irten ezin zareten heinean; gure barkua, zuenaren kontra, txalupa baino ez da enbataren erdian, zeina hondoratzea guztion arteko kooperazioaz baino ez dugun ekidingo. Baina antolatzen ari gara, ez hondoratzea ekiditeko bakarrik, barku pirata eratzeko baizik. Eta behin ekaitza gainditu dugunean, Kapitalaren yatea abordatuko dugu, eta sozializatu, herritik eta herriarentzat.
Auzodefentsa antolatu, auzo-boterea eraiki!