Abade etxeen %30 daude herritarren esku

Elizbarrutiaren Egunaren harira, Mario Izeta Bilboko gotzainak Elizbarrutiko diru kontuen berri eman du. Bizkaiko Abadeen Foroari erantzunez, abade etxeen egoera azaldu du. 460 dira. Horietatik herenak “behartsuenen esku utzita daude”, 82 “errenta baxua duten familiei” alokatu dizkiete, eta 56 doan utzi dizkiete “muturreko pobrezian dauden sendiei”. Beste 46 familia Caritasen etxebizitza sozialetan bizi dira.

Izetari “mugatua” iruditzen zaio Espainiako Gobernuak etxe kaleratzeak gelditzeko onartu duen errege dekretua. Behin betiko konponbideak behar direla ohartarazi du.

Caritasek, gainera, muturreko egoeran dauden 709 pertsona lagundu behar izan ditu 2012ko lehen seihilekoan; 2011ko bigarren seihilekoan baino 200 gehiago. “Gehienak seme-alabak dituzten emakumeak izan dira. Horrek agerian uzten du pobreziak andre aurpegia duela”, dio Izetak. Iaz, osotara, 13.464 bizkaitarrek jo zuten Caritasera; 2010ean baino %5,4 gehiagok.

Izetak azaldu du Caritasen aurrekontuaren %70 fededunen ekarpenek osatzen dutela eta %30 dela diru laguntza publikoa. Hain zuzen ere, Caritasek jasotako ekarpen pribatua 5 milioi igo da 2009tik 2011ra bitartean: 7 milioi euro zituen 2009an, eta 12 milioi 2011n. “Deigarria da krisi garaiotan jendeak zelan hartzen duen gainontzekoen premien inguruko kontzientzia sendoagoa”. Elizbarrutiaren kontuei dagokionez ere, %90 autofinantzaketatik datorrela azpimarratu du. Aurten 32,2 milioiren diru sarrerak izan dituzte, iaz baino %3,2 gutxiago. Gastuak, berriz, 32,6 milioirenak izan dira. Alegia, galerak izan dituzte. Aurrekontuaren %41 Caritasek, Esku Elkarteak gobernuz kanpoko elkarteak eta Elizbarrutiko Misioek jaso dute. %26 erabili dute langileria gastuetarako, %23 pastoraltza ekintzen finantzaketarako eta %10 tenpluen mantentze eta zaharberritze beharretarako.

Etxerik gabekoentzako etxea

Jesusen Mirabeek Durangon daukaten komentua Caritasen esku geratu da. Durangaldeko etxerik bakoentzako egoitza bihurtuko dute. Kongregazioak eta Caritasek hamar urterako hitzarmena sinatu dute. Datorren urtean irekiko ditu ateak, Etxepel proiektuaren barruan. Durangaldeko Caritasek emandako datuen arabera, 2009an eta 2010ean 180 etxerik bakori lagundu zieten udalerrian bertan.

Hiru solairuko eraikinean, eguneko zentroa eta lotarako oheak izango dira. Caritasek iragarri duenez, 50 lagunentzako lekua izango du. Egunez, atseden hartu, dutxatu, jan, arropa garbitu eta gizarte laguntza jasoko dute. Horretaz gain, eraikinak daukan ortuan eta lorategian behar egiteko aukera emango diete laguntza eske doazenei.