Industriaren ikuspegiak

Artearen eta industriaren inguruko erakusketa bat dago Barakaldoko Siderurgia Integraleko Langileen Fundazioaren aretoan. Arte+i Industria. Todo el futuro cabe en un cubo izeneko jardunaldien barneko erakusketa da. Urtea bukatu arte egongo da irekita.

Burdiña kolektiboak eta Barakaldoko Udalak antolatu dute erakusketa. 21 artistaren lanak daude, eta guztiek dute industriarekin nolabaiteko harremana.

Hainbat adierazpide artistikotako lanak uztartu dituzte: pintura, poesia, argazkia, eskultura eta bideoa. Alabaina, denek gai berari heldu diote: artearen eta industriaren arteko harremanari. Horrela, industriaren historia eta garapena islatzen dira; Labe Garaietako industria zein gaur egungoa.

David Abajo Burdiña kolektiboko presidenteak azaldu duenez, erakusketaren helburua arteak eta industriak “betidanik” izan duten lotura erakustea da. Lotura egon arren bi eremuak elkarri “bizkarra emanez” egon direla zehaztu du. “Industriari oso gutxi interesatu izan zaio artea, eta artistek beraien lan eremutik urrun ikusi izan dituzte beti industriako langileak”. Erakusketak harreman horri buruzko gogoeta egitera darama bisitaria.

Burdiña kolektiboko kideen lanak dira gehienak. Tartean daude elkarteko presidentearen beraren bi lan: Interior de la llama margolana eta El virus.Texto libre lan grafikoa.

Lehenengoan, Labe Garaietako altzairu ekoizpeneko garraldi bat ageri da. Egilearen berbetan, “sentipen bisualak” eragiteko sortu du. Haren asmoa garraldiaren indarra transmititzea da, baita garraldi horren inguruan dagoen indarra ere. Bigarrenean, ordenagailuko birus batetik irudi bat sortu du, eta irudi horri testu bat gehitu dio artistak.

Javier de las Heras eta Roberto Zalbidea ere Burdiña kolektiboko kideak dira, eta biek dituzte margolanak erakusketan. De las Herasena margolan handi bat da, karratu bat duena, eta karratu horren inguruan pertsonak daude eskean baleude bezala. Abajok dioenez, egungo krisi egoeraren isla da. Zalbidearen lanak Las Catedrales du izena. Itsasontzi baten ekoizpen prozesua du oinarri. Ikusten ez diren elementuak, egurra, burdina… itsasontziaren egitura osatu, bai, baina lehen begiradan antzematen ez direnak. Nolabaiteko hoztasuna adierazi nahi izan du artistak, eta hoztasun horrek eragindako zalantzen inguruan hausnarketa bideratu. “Katedralak bezain handiak diren zalantzak”, azaldu du Abajok.

Beste eremu artistiko batzuk jorratzen dituzte, esaterako, Mikel Orrantia eta Javier Perez elkarteko kideek ere. Orrantiak langileriaren inguruko olerkiak jarri ditu erakusketan. Perezen argazkiak ere ez dira argazki soilak; hausnarketari bidea ireki nahi diote. Horretarako, elementu desberdinak erabili ditu, itxuraz, elkarrekin zerikusirik ez duten elementuak: alanbre arantzaduna eta txotxongiloak, adibidez. Denak baitu lekua erakusketan. Artista bakoitzak ikuspegi pertsonala helarazten du, eta sentipen batzuk transmititu. Baliteke, ordea, bisitariak beste ikuspegi eta sentipen batzuk topatzea.

Marce Arnaiz artistak bi eskultura ekarri ditu Barakaldora. Zeramikazko eskulturak dira, eta + eta – ikurrekin jolasten du; yin eta yangen inguruan hausnartzeko artelanak dira Arnaizenak.

Hitzaldiak abenduan

Arte+i Industria. Todo el futuro cabe en un cubo jardunaldien barnean, abendurako hitzaldiak antolatu dituzte. Hainbat kontu izango dituzte hizpide, besteak beste, artearen, industriaren, komunikabideen eta Interneten arteko lotura eta artearen eta enpresen arteko harremana. Hitzaldiak abenduaren 11n, 13an, 18an eta 20an egingo dituzte.

ERAKUSKETA

Zer. Arte+i Industria. Todo el futuro cabe en un cubo izeneko erakusketa.

Non. Barakaldoko Siderurgia Integraleko Langileen Fundazioaren aretoan.

Noiz arte. Abenduaren 28ra bitartean.

Ordutegia. Astelehenetik ostiralera, 10:00etatik 13:00etara.