Trikiti doinu eta pandero artean

Bizkaiko Trikitixa Elkarteak antolatuta, Nazioarteko Trikitixa Jaialdia egingo dute bihar, Getxon. Trikitia jotzeko modu eta estilo desberdinak erakutsiko dituzte parte hartzaileek. Halaber, trikitia beste musika tresna batzuekin nola uztartzen duten ikusteko aukera egongo da.

Arratsaldeko zazpietan hasiko da jaialdia, eta Euskal Herriko zein kanpoko trikitilariek parte hartuko dute. Sarrerak bihar bertan leihatilan erosi ahalko dira, bestela Algortako Kultur Etxean edota BBKren kutxetan eskura daitezke, 8 euroan.

Bertokoen artean, besteak beste, Agurtzane eta Ion Elustondo legazpiarrak daude. Urte mordoa daramate herriz herri, plazaz plaza trikiti doinuak astintzen, eta txapelketetan ere hainbat sari irabazitakoak dira.

Ruben Isasi, Xabier Valle eta Argibel Euba ere Getxon arituko dira. Isasi eta Valle institutu garaitik dabiltza elkarrekin jotzen. Ehunka joaldi eskaini dituzte hainbat talderekin, eta Sorbeltz eta Kukuma taldeak sortu zituzten. Euba Sorbeltz taldeko partaide zenetik dabil beraiekin. Hainbat kulturatako musika tradizionalak dituzte gustuko, eta horiek bestelako musika estiloekin nahastea ere atsegin dute.

Joseba Tapia eta Xabier Berasaluze Leturia ere ez dira faltako Nazioarteko Trikitixa Jaialdian. Ibilbide luze bezain emankorra dute. Aspalditik Euskal Herriko plazetan oso ezagunak dira. Erromerietan bikote moduan zein Tapia eta Leturia Band taldearekin kontzertuetan saio ugari izaten dituzte urtean. Beraien kantak dira, esaterako, Maitatzen zaitudalako eta Galdurikan nago kanta ezagunak.

Kanpoko parte hartzaileen artean daude Javier eta Jose Manuel Tejedor asturiarrak. Espainiako zein nazioarteko txapelketetan hainbat sari lortutakoak dira. Asturiasko musika tradizionala landu zuten hamar urtez, eta, egun, beraien errepertorioa dute. Lau lan kaleratu dituzte orain arte, eta, horietan, besteak beste, Oreka TXk eta Kepa Junkerak parte hartu dute.

Bestalde, Mirabel taldeak Okzitaniako (Frantzia) aniztasun musikala erakutsiko du bihar. Rafeu Sichelek —ahotsa eta trikitia—, Ermengol Marcosek —ahotsa eta biolina— eta Joan Codinak —ahotsa, txirula eta pandereta— osatzen dute taldea.

Jaialdia amaitu ostean, urteroko Trikisession saioa egingo dute Areetako Glass tabernan. Jaialdian parte hartuko duten musikariak arituko dira modu informalago batean elkarrekin jotzen eta inprobisatzen. Sarrera doakoa da, eta bertara hurbiltzen direnek musikariekin jotzeko, kantatzeko eta dantzatzeko aukera izango dute. Horrela, denen artean, giro ederrean eta musikaz gozatuz amaituko dute eguna.

TRIKITIXA JAIALDIA

Zer. Nazioarteko Trikitixa Jaialdia.

Non. Areetako Andres Isasi musika eskolan.

Noiz. Bihar.

Ordua. 19:00etan.

Trikisession. Jaialdia amaitzen denean, Glass tabernan.