Mikel Lizarralde, Iñigo Astiz
Kultur programazioa ere doministikuka jarri du koronabirusak. Egunetik egunera handituz baitoa koronabirusaren eragina Bizkaian eta Euskal Herrian, eta kultura arloan ere ondorio nabarmenak izaten ari da. Asteazkenean hasi ziren erortzen kultur agendako ekitaldi ugari, eta atzo tantaka-tantaka eta etenik gabe iritsi ziren bertan behera gelditu diren ekitaldien eta ateak itxi dituzten kultur azpiegituren jakinarazpenak. Erortzen azkenetakoa Bilboko Loraldia jaialdia izan da. Atzo arratsaldean bilera egin zuten antolatzaileek, eta jarraian ohar bidez eman zuten erabakiaren berri: «Agintariek martxan jarri dituzten neurriak kontuan harturik eta areto, egoitza eta artistek hartutako erabakiek eraginda, Loraldia Festibalaren 6. edizioa bertan behera uztea erabaki behar izan dugu». Jaialdia asteartean hasi zen, eta bi ekitaldi besterik ez ditu eman ahal izan.
Herenegun jakinarazi zuten MAZ Basauri jaialdia bertan behera gelditu dela —aste honetan eta hurrengoan egin behar zuten—, eta atzo jakinarazi zuten beste hainbat ekitaldi ez direla egingo eta hainbat kultur azpiegiturak ateak itxiko dituztela . Hala, Bilbon, Arriaga antzokiak itxi egingo du datozen hamabost egunetan, eta ez du ekitaldirik emango. Erabaki bera hartu dute Basauri, Zornotza, Elorrio, Galdakao, Durango eta Gernikako antzokiek ere. Halaber, atzo erabaki zuten Durango Arte eta Historia Museoak eta Gernikako Bakearen Museoak ixtea.
Atzeratu egingo dute, halaber, Gatibu taldea hilaren 28an Bilboko Miribilla kiroldegian hogeigarren urteurrena ospatzeko ematekoa zen kontzertua ere; urriaren 31ra pasatuko da. Gernikako Lekuek jaialdia ere eten egin dute, eta bertan behera geratu da Jabier Muguruzak Geltokiak izarretara aurkezteko larunbatean Bilboko Bidebarrietan eman behar zuen kontzertua ere. Break On Stage Bilboko kultura urbanoaren jaialdia martxoaren 21ean zen hastekoa, baina ekainaren 13tik aurrera egingo dute, programazio berarekin. Bilbao Poesia jaialdia bertan behera utzi dute, baita Bilboko Orkestra Sinfonikoaren hurrengo emanaldiak ere.
Gaur Bilbon Obusek Stage Live aretoan eta Sons of Apollo eta Noturnall taldeek Santana 27n ematekoak zituzten kontzertuak atzeratu egin dituzte, eta baita Kafe Antzokian izatekoak zirenak ere, 091 taldearena eta gainerakoak. Maria Aguadok Cotton Cluben ematekoa zuena, berriz, bertan behera utzi dute. Eta Speedometer taldearena ere bai, Getxoko Muxikebarrin. Fnac dendako programazioa ere eten du enpresak, bestalde. Halako erabakiak hartu dituzten lehenak izan dira, baina, birusaren hedapenaren arabera, litekeena da hurrengo egunetan beste hainbat kultur antolatzailek ere bide hori hartzea.
“Koronabirusaren hedapena gelditzeko neurriekin laguntzeko”. Horretarako,Basauriko Udalak eta Last Tour enpresak erabaki dute lau eguneko kontzertu zikloa bertan behera uztea. Saioak atzeratzea “ezinezko” iruditu zaie antolatzaileei, eta horregatik erabaki dute, azkenean, emanaldi guztiak bertan behera uztea. Guztira, hamalau artista ziren bertan jotzekoak: Temples, Manel, La Bien Querida, 12Twelve, Enric Montefusco, Viva Belgrado, Hidrogenesse, Mice, Sara Zozaya, Samoah, Cactus, Dukkha eta Lumi. Sarrerak erosiak zituztenek bueltan jasoko dute dirua.
Gutun Zuria eta EOS
Birusaren hedapenaren abisupean egin zuten Azkuna Zentroan asteazkenean Gutun Zuria Bilboko Letren Nazioarteko jaialdiaren aurkezpena ere. Martxoaren 31tik apirilaren 4ra egingo dute jaialdia. Gonzalo Olabarria Bilboko Udaleko kultur zinegotziaren hitzetan, Eusko Jaurlaritzak besterik adierazi artean, programak martxan jarraitzen du, baina antolatzaileek jadanik mahai gainean dute hainbat saio online egiteko aukera. Izan ere, saiakera da jaialdiaren aurtengo ardatza, baina literaturaz bestelako hainbat diziplina ere hartuko dituzte kontuan.
Besteak beste, bertan izatekoak dira Martha Rosler eta Txomin Badiola artistak, Eider Rodriguez, Mari Luz Esteban, Anjel Lertxundi eta Katixa Agirre idazleak, eta Paul B. Preciado eta Aleksei Jurtxak pentsalariak. Hainbat parte hartzailek birusak eragindako egoerari buruzko kezka azaldu diete antolatzaileei, ordea, eta, hain zuzen ere, jaialdi osoa bertan behera ez uzteko aukera bat izan daiteke hitzaldiak digitalki egiteko aukera.
Euskadiko Orkestra Sinfonikoak ere mahai gainean du denboraldiko hurrengo saioekin zer egin erabakitzea. Bizkaiko Hitza-ren edizioa itxi denerako, Gasteizen martxoaren 18an ematekoak ziren kontzertua da bertan behera utzi duten bakarra. Baina, orkestrako arduradunek onartu dutenez, aztergai dute itxiak dituzten hurrengo emanaldiekin egin beharrekoa. Dena ongi bidean, Iruñean martxoaren 16an, Donostian 17an eta 20an, eta Bilbon 21ean eskainiko dituzte Beethovenen 8. Sinfonia eta Berloizen Sinfonia Fantastikoa.