Peru Azpillaga Diez
Barakaldoko Kareaga auzoko bizilagunek “gaseztatu” egiten dituztela salatu dute. Eguzki talde ekologistak azaldu du Reco Recubrimientos Electronicos SM enpresak bere tximinietatik isurtzen dituen gasak “intoxikatu” egiten dituela, irailetik, apenas 30 metrora dauden etxeetako bizilagunak; eta Barakaldoko Udalari esku hartzeko eskatu dio.
“Eguzki elkarteak eta Kareagako bizilagunok udal gobernuari eta Alba Delgado Ingurumen zinegotziari Kareagako bizilagun batek aurkeztutako kexak kontuan hartzeko eskatzen diogu”, adierazi dute argitaratutako oharrean. Bertan, Kareagako 17, 19 eta 23 zenbakietako bizilagunek salatu dute metro gutxira duten Reco enpresaren “gas kaltegarrien” isuriek arnasteko arazoak eta usain txarrak eragiten dizkietela. Gainera, azpimarratu dutenez, bizilagun bat birritan joan behar izan da larrialdietara arnasketa arazoak izan dituelako.
“Orain dela bi hilabete deitu zigun auzokide batek”, hasi da esplikatzen Andoni de la Concha Eguzkiko kidea. “Udalean zenbait kexa jarri zituela esan zigun, eta ez zuela inolako erantzunik jaso”, erantsi du. De la Conchak dioenez, bizilagunaren etxera joan ziren. Bertan airea kutsatuta zegoela nabaritu zutela azpimarratu du. “Bizilagun horren ama birritan eraman behar izan dute ospitalera”. Auzokideak jakinarazi du behin udaltzainak eta suhiltzaileak deitu zituela ere. Poliziek egindako txostenean, “disolbatzailearen antzeko usain bat” antzematen zutela zehaztu zuten, handik ordu erdira “eztarriko azkura” nabaritzen zutela gehituz. Suhiltzaileek, berriz, neurketa negatiborik ez zegoela ziurtatu zuten, eta leihoak gehiago irekitzeko gomendioa egin zioten bizilagunari.
Arazoaren aurrean eta udalaren “arreta faltaren” ondorioz, bizilagun horrek sinadura bilketa bat egin du, eta hogei bizilagunetatik hemezortzik sinatu dute, haren kontakizuna babestuz. “Haren etxea dago tximinietatik gertuen, baina eragina guztiek nabaritzen dute. Oso arazo larria da, eta udalak berehala esku hartu beharko luke; jendearen osasuna dago jokoan”, salatu du De la Conchak.
Jaurlaritzak jakinarazi duenez, 2019ko maiatzean ikuskatze bat egin zuten enpresan, eta ez zen inongo arazorik topatu. Baina De la Conchak adierazi duenez, gasen arazoa handik lau hilabetera hasi zen. “Ikuskapena egin zuten. Ados. Hala ere, esan dute bizilagunak itotzen ari direla, ez al da nahiko larria beste ikuskatze bat egiteko?”, galdetu du.
“Immobilismoa” udalean
Egoera hori dela eta, bi gauza eskatu ditu Eguzkik, auzokideekin batera. Batetik, Barakaldoko Ingurumen Zerbitzu Teknikoak Kareagara joan eta egoera larria konpontzeko emango dituen urratsak azaldu ditzala. Horrekin batera, beste ikuskatze bat egitea enpresan, aurrekoa baino “sakonagoa, eta azpiegituren barruan eta kanpoan”.
“Irailetik ari dira gauza arraroak usaintzen. Gero eta nabarmenagoa da gas horien presentzia, eta auzokideak benetan kezkatuta daude”, ohartarazi du De la Conchak. Bizilagun batek birritan jarri ditu kexak udalean, eta, erantzunik jaso ez duenez, Eguzkirekin jarri da harremanetan. “Benetan larria da halako egoera batean udalak inongo neurririk ez hartzea, eta auzokide honi jaramonik ez egitea; guztiz ulergaitza da”.
De la Conchak dioenez, enpresak gezurtatu egiten du auzokideen bertsioa, eta udalak argudiatzen du suhiltzaileen neurketak normalak izan zirela. “Arazoa estaltzen ari direla uste dugu; halako kexa larriekin, udalak ez luke hainbesteko oztoporik jarri beharko. Baina, neurriak hartu ordez, beste alde batera begira dabil”. Alde horretatik, bizilagunek azalpenak baino ez dituztela eskatzen azpimarratu du De la Conchak: “Denbora asko pasatu da ikuskatzea egin eta gero, ez al da posible bertan zerbait aldatu izana? Produkzioa handitzea edota zerbait izorratzea?”. Eguzkik auzokideekin bilera bat egiteko eskatu dio udalari, egoeraren inguruko azalpenak eman ditzan. “Bestela, guk egingo dugu bilera, eta ez dugu inondik inora baztertzen auzitara jotzea”.