Deslokalizazioen ehunka biktima

Elkarren ondoan daude Galdakao eta Basauri. Nerbioi eta Ibaizabal ibaien ertzetan, industrialde garrantzitsua dute biek ala biek. Eskualde horretan, baina, langabeziak gogor jo du azken hilabete eta asteetan. Aurrena, Sidenorrek enplegua erregulatzeko txostena aurkeztu zuen, eta bi txandatan etenaldiak egin zituen, joan diren abenduan eta otsailean, Etxebarri eta Sestaoko lantegietan. Etxebarrikoan, adibidez, 700 behargin geratu ziren etxean. Hurrena, Formicak Galdakaon duen lantegirako beste txosten bat aurkeztu zuen zuzendaritzak: 169 kaleratze. Azkena Bridgestone izan da: 216 behargin kaleratzeko asmoa agertu du zuzendaritzak, aurtengo lehen seihilekoan izan dituzten irabaziak iazko epe berberean baino %39 handiagoak izan diren arren. Horietatik 184 Basauriko lantegiko beharginak izango dira, eta beste 32ak, Usansolokoak (Galdakao). Kaleratzeak abenduaren 15etik urtarrilaren 15era egingo lirateke.

Basaurik 42.017 biztanle ditu erroldan, eta 3.881 langabe urriko datuen arabera. 2010ean, 1.900 ziren. Galdakoztarrak, berriz, 29.049 dira; horietatik 2.177k ez zuen beharrik urrian. Duela bi urte, 1.200 lagunek osatzen zuten langabeen taldea. Eta gorakadak ez dauka etenik. Joan den hilean, langabeziak %3,11 egin zuen gora Basaurin. Galdakaon, berriz, %4,11.

Ezinegona eta haserrea nagusi dira herri bietan. Bridgestonek hartutako erabakia ez dute ulertzen. Zuzendaritzaren esanetan, azken urteetan pneumatikoen eskaerak izan duen beherakadak behartu ditu erabaki hori hartzera. Bizkaiko bi lantegi horietan eta Espainiako beste bitan kaleratzeak aurreikusi dituzten, baina Hungariako lantegian 267 milioi euroko inbertsioa egitea erabaki dute. Zertarako? Ekoizpen gaitasuna hirukoizteko. Sindikatuek argi ikusten dute koherentzia falta: “Eskaera gutxi bada; zertarako hirukoiztu behar da Hungariako ekoizpena?”, hausnartu du UGT sindikatuak. Haien ustetan, galdera horren erantzuna argia da. Enpresak kostuak merkatzea baino ez du buruan, eta hori errazagoa du ekialdeko eskulan merkearekin.

Langile batzordeak deituta, beharginak gaur dira elkartzekoak Basauriko lantegian. Datozen egunetan zer egin erabaki behar dute, haserrea nola agertu. Enpresak hitzeman die ez dutela lantegirik itxiko, denei eutsiko dietela. Baina beharginek ez dute gura enplegua desegiterik. Sindikatuetako batzuek, egungo lantaldeari osorik eusteko eskatzen dute; besteak, kaleratzeak ahalik eta gutxien izatearekin konformatzen dira.

Beharginak, gainera, ez daude oso pozik sindikatuok egiten duten lanarekin. Herenegun, 300 behargin inguruk elkarretaratzea egin zuten, ez daudelako ados negoziazioak langile batzordearen eta enpresaren artekoak izatearekin. Esan dute erabakiak beharginen batzarraren oniritzia behar duela. Beharginen %33k eskatu beharko lukete batzarra, egin ahal izateko.

Beste proiektuei ateak itxi

Formicako auzia ere deslokalizazioarekin lotu dute denek. Galdakaoko Tokiko Garapen zinegotzi Fernando Eizagirrek argi dauka: “Kasu nabarmena da; ez daukagu zalantzarik. Ikusiko dugu zer plan dituen Valentziako [Herrialde Katalanak] lantegirako, baina esango nuke ekoizpen osoa hara eraman gura dutela”. Langile batzordeak asteon salatu du enplegua erregulatzeko txostena EAEko Auzitegi Nagusian. Beharginek protesta itxialdia hasi zutenetik 59 egun beteko dira gaur. Sindikatuek salatu dutenez, enpresak eginak ditu kaleratze gehienak.

Martitzenean elkartu zen Bizkaiko Batzar Nagusietako Ekonomia Batzordea. Imanol Pradales Ekonomia Sustapenerako foru ahaldunak egin zuen berba. Haren esanetan, Zelanda Berriko Fletcher Building multinazionalak —Formicaren jabeak— uko egin zion Euskal Herriko inbertitzaile batzuk laguntzeari lantegiari eusteko. Inbestitzaile horiek proiektu berri bat zuten lantegi horretarako, baina martxan jartzeko, Formicaren jabeen oniritzia behar zuten, eta ez zieten eman gura izan. Pradalesek azaldu du uztailean Eusko Jaurlaritzako, foru aldundiko eta Galdakaoko Udaleko ordezkariak jabeekin berba egitera joan zirela, eta ekoizpenari eusteko jaso zitzaketen diru laguntzak zein ziren azaldu zitzaiela. “Baina alferrikakoa izan zen”.