Lokaletik globalera

Gehienetan, ingurumenaren alorreko araudiren bat osatzeko prozesua gizatalde jakin batek arazoren bat nozitu eta salatzearekin batera hasten da. Jarraian erakunde publikoek salaketa hori aztertu eta onespena emateko bidearen hasiera puntua horixe izan ohi da. Oro har, gainera, hierarkikoki maila goreneko erakundeak planteatzen du araubidea eta nahitaez jarraitu beharreko gutxienekoak ezartzen ditu. Gero, tokiko eskumenak dituzten erakundeek maila nagusiko araudia beren eskumenetarako egokitu eta aplikatzen dute. Argi kutsaduraren kasuari dagokionez, ordea, arautze prozesua alderantzizkoa izan da. Hain zuzen ere, behetik gora gertatu da: tokiko administrazioetan hasi da, eta urte batzuk geroago onetsi da argi kutsaduraren alorrean estatu osoan aplikatu beharreko araudia. Hainbat autonomia erkidegotako arauak, hain zuzen ere, horietako udalerri jakin batzuetako ordenantzen ostean onetsi izan dira.

Astronomiaren alorreko elkarteak izan dira argi kutsaduraren alarma piztu dutenak eta salaketak egin dituztenak. Gehienetan, beraiek sustatu dute arazo horri buruzko arautzea, lehenik eta behin, tokiko administrazioan, eta geroago, eskualde edo erakunde autonomikoan. 1890/2008 eraginkortasun energetikoari buruzko errege dekretuak arautzen du, besteak beste, argiztapen publikoak zer-nolakoa izan behar duen. 2009ko apirilaren 1ean sartu zen indarrean. Araudi horren helburuak argiztapen publikoko instalazioen energia eraginkortasuna hobetzea, gaueko argi distira gutxitzea eta bidegabe sartzen den eta enbarazua sortzen duen argi igorpena murriztea dira.

Bizkaian, foru aldundiak argiztapen publikoari eta kanpoko argiztapenari buruz azterketa bat egiteko agindua eman zion Tecnaliari 2010ean. Hark emandako ondorioak eskuan, alor horretan eskumenak dituzten erakundeek zelan jardun beharko luketen azaltzeko eskuliburu bat osatu eta argitaratu du Bizkaiko Iraunkortasunerako Institutuak. Kanpoko argiztapenaren kudeaketa publikoaz egiten du berba liburuak, argi kutsadura gutxitzeko asmoz.

Besteak beste, argia argiztatu nahi diren objektuen norabidean zuzentzea proposatzen dute, beste edozein norabidetara argirik igortzea erabat galaraziko duten argigailuen bitartez. Giza begiak ikusteko moduko argi iturriak erabiltzeari ere garrantzitsu deritzote. Neurriz gaineko argiztapena saihestu beharraz egiten du berba, bestalde. Nazioarteko araudi eta gomendioek ezarritako argiztapen mailak ez direla gainditu behar diote. Argi maila jarduera jakin bakoitzak eskatzen duenera egokitu behar dela diote, gainera, argiztapen homogeneoa eskaintzea ahalbidetuko duen uniformetasun mailarekin. Aurretik, ordea, argi puntuen kokapen egokia behar bezala zaindu behar da. Argi kutsadura saihesteko beste modu bat ordu jakin batzuetan argiak itzaltzea edo benetan behar den mailara gutxitzea da.

Eskuliburuaren arabera, argi puntuen diseinu espazialak eskatzen du argiztatu beharreko espazio jakin bakoitzaren alderdi urbanistiko berezi eta zehatzak aintzat hartzea: Hiribide mota, geometria, erreien kopurua, simetria, argigailuen garaiera… Argi puntuen kokapena diseinatzeko orduan kontuan hartu beharreko parametro batzuk dira horiek.

Modu laburrean azalduta, argiztapen instalazio bat diseinatu edo berritu aurretik, nahitaez aintzat hartzekoak dira kokalekuaren ezaugarriak, funtzionamendu erregimena eta beharrezko argiztapen mailak. Kokalekuari dagokionez, lau eremu bereizten dira, sentsibilitate maila handienetik sentsibilitate maila txikienera.

Kokalekua zehaztuta, bertan gauzatuko den jarduera motaren arabera beharko diren argiztapen motak zehaztu behar dira. Eremu hori ibilgailuentzako edo oinezkoentzako bidea izango den, merkataritza edo industrialdea… zehaztu behar da. Ostean, diseinatzen den instalazioak bete beharreko argiztapen eskakizunak ezarri behar dira. Ordu jakin batetik aurrera argia itzaltzerik dagoen edo, gauzatzen den jardueraren arabera, argiztapen maila apaltzerik dagoen planteatu beharko dute argiztapen instalazioa diseinatzen ari diren teknikariek, eta horren araberako erabakiak hartu behar dituzte.

Energia zerbitzuen enpresak

Erakunde guztiek jakin badakite dagoeneko kutsatzen ez duen argiztapen sistemak kostuak merkatu egiten dituela. Arrazoi ekonomiko horiek bultzatuta bereziki, administrazio askok sistema horien aldeko apustua egin dute.

Behar horiei erantzuteko asmoz, duela urte batzuk energia zerbitzuen enpresak sortu ziren. Erabiltzaileei beren instalazioetarako energia eraginkortasuna sustatzeko neurriez hornitutako energia zerbitzuak eskaintzen dizkiete. Bezeroek energiari dagokionez aurrezten dutenarekin ordainduko diote zerbitzua enpresa horiei.