“Bideragarritasuna da egun daukagun erronka nagusia”

Aurretik harremana izan duen arren, 2009an zuzendari izendatu zutenetik bere bigarren etxetzat du Sofia Delgadok Erruki Etxea.

Asko aldatu al da erakundea urte hauetan guztietan?

Adinekoekin bakarrik behar eginda, espezializatzeko aukera izan dugu. Funtsean, lehengo filosofiari eusten diogu. Ongintza erakundea gara, beharrizana dutenei laguntzen diegu, baina orain kalitatezko zerbitzua eskaintzen dugu. Hemengo beharginak profesionalak dira. Gaur egun izen ona dauka Erruki Etxeak. Jendeak hona etorri gura du. Itxaron zerrenda luzea daukagu. Izan ere, leku onean gaude: hirian bertan, lorategi ederrarekin eta garraio publiko eskaintza zabalarekin. Zerbitzua beste edozein adineko egoitzetan eskaintzen denaren parekoa da.

Hainbat aldaketa eta krisi gainditu dituzue bi mende pasako historian. Zein da gaur egun erakundeak daukan erronka nagusia?

Gure erronka nagusia ekonomikoa da, bideragarritasunari eustea. Azpiegituren modernizazioa egin berri dugu. Eskaintzen dugun zerbitzua goi mailakoa da, giza baliabideei eta baliabide materialei esker. Proiektua berez ona da, eta horren froga dugu 200 urte baino gehiagotan eutsi diogula. Baina orain finantzaketan dugu erronka. Proiektuak iraun dezan gizartearen laguntza behar dugu. Krisi sasoia da guretzat ere; igartzen da herritarren, erakundeen eta enpresen ekarpenetan. Gure aldetik ere badugu zer hobetu eta egingo dugu. Lana birplanteatu behar dugu, eta proiektua iraunkorra egiteko nondik aurreztu dezakegun aurkitu behar dugu. Egia esan, egoera ez da erraza inorentzat.

Nola finantzatzen da gaur egun Erruki Etxea?

Lehen ez bezala, laguntzen diegunek, hemen daudenek, gutxi bada ere badute dirua. Pentsiodunak dira. Beraz, orain ahal duten neurrian ekarpen ekonomikoa egiten dute. Eta bestelakoan beti bezala gizartearen ekarpenei esker bizi gara. Dirua batzeko beste ekintza batzuk ere egiten ditugu. Adibidez, kapera ederra dugu eta ezkontzetarako alokatzen dugu. Gainera, adinekoen egoitza garen heinean leku batzuk itunpetuak ditugu Bizkaiko Foru Aldundiarekin eta hori ere diru iturri garrantzitsua da guretzat.