Neguko lozorrotik esnatzeko festa

Neguko lozorrotik esnatzeko festa

Natalia Salazar Orbe

Naturaren arabera eta hark eskaintzen dizkion baliabideei begira antolatu du gizakiak mendeetan bizimodua. Nekazaritzan eta artzaintzan berebiziko garrantzia du eguraldiak, eta urtaroen aldaketari begira sailkatu dituzte egitekoak eta uzta oparoen eta urrien garaiak. Gorabehera horiekin lotzen dira inauterien ospakizunak ere. Zenbaitek uste dute historiaurreko gizakiek jada ospatzen zituztela. Lurrari zenbat eta gehiago lotu nekazaritzaren zein artzaintzaren bidez, orduan eta garrantzitsuago bihurtu zen eguzkiaren indarra. Artzainentzat, oinarrizko egutegia ziren urtaroak: urte erdia mendian igarotzen zuten, artaldearekin, eta beste erdia etxean egiten zuten, lurrari emankortasuna itzuliko zion eguraldi ona berriz noiz iritsiko zain. Neguari agur esan eta udaberriari ongietorria emateko egiten zituzten festak ziren gaur egungo inauterien aurrekoak.

Kristautasunak erlijio kutsuz jantzi zituen ospakizun pagano haiek. Frankismoan debekatuta ere egon ziren. Era batera edo bestera, gaur egunera arte iritsi dira Bizkaiko hainbat herritan.

ABANTO

1998az geroztik ospatzen dute Abantoko aratustea. Inausketak egiteko garaian murgilduko da herri osoa bihar. Mozorrotutako herritarrek intsektuak irudikatzen dituzte, eta intsektuok etxez etxe eta dendaz denda ibiliko dira goizean, janari eske. Antzezpen horren bidez irudikatuko dute intsektuek jaso dutela dagokien ordainsaria. Beraz, udako beroaldiak iristen direnean eta intsektuak aktiboen daudenean, ezin izango dute dagoeneko jasoa duten ordainsariaren eskean itzuli. Jasotako ordainsari guztiak bildu, eta eguerdian bazkaria egingo dute mozorroek Abanton. Arratsaldean, berriz, desfilea egingo dute.

BARAKALDO

Gaur hasita, mozorroek hartuko dituzte Barakaldoko auzo eta txoko guztiak. Festa giroa nagusituko da denean. Gaztetxoenentzako festa egingo dute Gurutzetan, gaur. Bide Onera plazan hasita, berriz, euskal inauteri tradizionalaren kalejirak bidea egingo du herriko plazaraino, eta agerraldia egingo dute han. Asteartera bitartean, hainbat desfile, dantza eta umeentzako jarduera antolatu dituzte auzoz auzo.

BILBO

Joan den asteburuan hasi zituzten aratusteak Bizkaiko hiriburuan. Gaur egun handia dute. Antzinako mozorro tradizionalak jantziko dituzte ostiral mehe honetan, eta Farolin eta Zarambolasen aurkako epaiketa egingo dute. 19:30ean irudikatuko dute epaiketa, Plaza Barrian. Ane Lindane sortzailea eta Joselu Angulo txistulari eta gaita jotzailea dira aurtengo Farolin eta Zarambolas, hurrenez hurren.

Bihar, aratusteen egun nagusian, bi jaigune atonduko dituzte: 12:00etatik 19:30era bitartean, Plaza Biribila, Albia, Astarloa eta Kale Nagusiaren arteko eremua eta Zabalguneko merkatua hartuko dituzte jarduerek. 19:30ean hasiko den kalejirak markatuko du bigarren gunea. Plaza Biribiletik jaitsita, Zazpikaleetan barrena zabalduko da.

Larunbata borobiltzeko, hainbat jarduera antolatu dituzte Bilboko konpartsek eta udalak elkarlanean: umeentzako tailerrak, antzerkiak, ikuskizunak, nekazarien azoka, kontzertuak, erraldoiak, fanfarreak, gaiteroak, herri bazkaria eta mozorro lehiaketa, besteak beste.

Igandean indaba lehiaketa egingo dute, Plaza Barriko karpan, eta asteartean emango diete bukaera ospakizunei, sardina erreta.

Tradizio handia dute inauteriek hirian, Bilboko Konpartsek gogora ekarri dutenez. Konpartsei buruzko lehen aipamenak 1515eko aratusteen ospakizunetan agertzen dira. Konpartsa batzuek kopla txikiak abesten eta txantxak egiten zituztela dago jasota. Kaleetan barrena ibiltzen ziren kantuan, eta dirua, txorizoa eta urdaia jasotzen zuten trukean.

Diktadurak ere ez zuen lortu aratusteak erabat desagertzerik. 1978an, baina, garrantzi berezia hartu zuten, eta indar handiagoa. Bilboko Konpartsek hiriko aratusteetako mozorro tradizionalak zeintzuk izan diren aztertu dute, eta horietako batzuk berreskuratu dituzte; besteak beste, Momoak, Fraiskuak, Higiak, Hartza, Turkiarra eta Beata.

GETXO

Itzubaltzetako inauteriak ospatuko dituzte izen bereko Getxoko auzoan, bihar. Goizeko egitaraua umeei begira antolatu dute: haur jolasak, tailerrak eta haurren mozorro lehiaketa egingo dituzte. Marrazki bizidunak dira aurten mozorroetarako gaia. Musikak girotutako bingoak alaituko du herri bazkariaren ondorena. Tostaden lehiaketaren ostean, kalejira eta mozorroen desfilea egingo dituzte herrian zehar. Musikarekin emango diote bukaera inauteri egunari.

MARKINA-XEMEIN

Hartzaren ibilaldia eta Zaragi dantza dira Markina-Xemeingo inauterietan falta ezin diren ekitaldietako bi. Ikerlariek ez dakite zergatik azaltzen den hartzaren irudia aratusteetan: ez dute aurkitu horren inguruko agiririk. Hala ere, badakite 1679. urte aldera hartzak ehizatzen zituztela inguruko mendietan. Domeka eguerdian azalduko da hartzaren irudia herriko kaleetan. Harekin batera, Zaragi dantza egingo dute zortzi dantzarik. Antzinatik datorren ohitura bat da: ibilbidea egiten zuten herriko kaleetan, eta etzi ere halaxe egingo dute.

Bi ekitaldi horien aurretik eta ostean ere hainbat jarduera izango dituzte markina-xemeindarrek. Atzo eman zioten hasiera inauteri sasoiari. Txitxi-burduntzia egin zuten, Kontzejupean. Bihar, berriz, flamenkoa eta bertsoak uztartzen dituen Gorria ikuskizuna eskainiko dute Uhagonen, 19:00etan. Etzi, mozorroen desfilea, herri bazkaria eta Jainaga eta Narbaizak girotutako erromeria izango dira, besteak beste.

MUNDAKA

Urtero bezala, atorrek eta laminek goizean zuriz eta arratsaldean beltzez jantziko dituzte Mundakako kale estuak eta txoko guztiak. Gizonak atorra eta praka zuriak jantzita aterako dira. Samatik behera, azpiko gona zuriak besoak ere estaliko dizkiete. Jantzia osatzeko, buruan zapi gorria eta burkoaren azala dituztela ariko dira, kalejiran, aratusteei buruzko kantuak abesten. Elezahar bitxi bat dago ohitura horren atzean. Esaten dutenez, Anton Erreka kondea mozkortuta iritsi zen etxera. Emaztearen haserretik ihes egiteko, konturatu gabe, haren azpikogona jantzita atera omen zen kalera. Herritarrek kondearen jarrera imitatu zuten, eta erromeria luzea egin zuten.

Ohi bezala, Jose Maria Egileorren etxe parean hasiko da kalejira, etzi. Egileor izan zen 1936ko gerran eta diktadura garaian ospakizuna sustatu zutenetako bat. Aratuste, aratuste, mundakarrentzat egun hoberik ez leloak ez du etenik izango igandean.

Iluntzean, berriz, laminak bihurtuko dira protagonista. Lamiarango sorginak ibiliko ziren moduan aterako dira kalera: aurpegi eta ileorde zuriek kontrastea egingo dute haien soineko beltzekin. Kantuan, dantzan eta zantzoka ibiliko dira, jai giroan.

SONDIKA

Festa giroa nagusituko da hurrengo asteburuan Sondikan. Ostiral arratsaldean suziria jaurtitzen dutenetik larunbat gaueko ordu txikietara arte ez da etenik izango. Besteak beste, mozorro lehiaketak, musika, dantza eta hainbat jakiren lehiaketak antolatu ditu Sondikako Inauterien Elkarteak. Tostada eta patata tortilla onena zeinek egin ere lehian ariko dira bizilagunak. Perro Locoren kontzertuak, Gora Herria erromeriak eta disko jartzaile batek emango diete bukaera ospakizunei, hurrengo larunbatean.

TRAPAGARAN

Ohitura bitxia berreskuratu dute Trapagaranen ere. 1936ko gerraren aurretik egiten zuten Carrascoliendas izeneko kalejira egiten dute. Datorren asteko larunbatean egingo dute, eta, horretarako, Danetarako dantza taldeak Carrascodantza tailerrak egin ditu hainbat astetan.

Ikertutakoaren arabera, 1920. urtera arte urtero ospatzen zituzten Carrascoliendas direlakoak. Urte hartatik aurrera, ohitura ahulduz joan zen, eta frankismoak debekatu ere egin zituen. Herriko gaztetxeak eta dantza taldeak berreskuratu dituzte inauteri haiek, herriko adinekoekin hitz egin eta zer-nolakoak ziren ulertu ostean.

Inauterietako ostegunean ateratzen ziren herritarrak kalera, janari eskean, etxez etxe, oilar bat eskuan zeramatela. Oilar beltzaren istorioa izaten zuten ardatz kantuetan. Hala ere, garai hartako arazo politikoak eta auzoko aferak ere izaten zituzten mintzagai kopletan.

Gaur egun, larunbatez ateratzen dira, kantuan ez eze baita dantzan ere. Inauteri dantza osatu dute. Kantu zaharrak abesten dituzte, eta herriko bertsolariak ere kopla kantuan aritzen dira.

Asteburu honetan, berriz, udalak antolatutako egitaraua izango dute. Gaur, danborrada egingo dute. Bihar eta etzi, kalejirak eta mozorro lehiaketak izango dira.