Udako jai giroak bukatuta, kultur jarduerez gozatzeko aukerak ez dira amaitu. Udazkenarekin identifikatu ohi den eguraldi goibelari aurpegi alaia jartzeko moduko programa jarriko du abian, aurten ere, Topagunea Euskara Elkarteen Federazioak. XIII. urtea beteko du oraingoan Udagoieneko Ostera kultur zirkuituak. Eta, ohi bezala, sei herritan gauzatuko diren sei ekitaldirekin dator: bertsoak eta dantzak bat eginda, musika, hitzaldiak zein antzerkia prestatu dituzte.
Lehenengo emanaldia gaur izango da, Elorrioko Arriola antzokian. Bertan, Errimak oinetan deritzon ikuskizuna taularatuko du Haatik dantza konpainiak. Bertsolaritza oinarri du dantza emanaldi honek; 22:00etan izango da, eta zortzi euroren truke eskuratu ahal izango dira sarrerak.
Hurrengo astean, barikuz baita ere, Benito Lertxundik kontzertua eskainiko du Zallako Zine Antzokian. 20:00etan hasiko da. Besteak beste, Oroimenaren oraina haren azken diskoko kantuak entzuteko aukera izango da, hamabi euroren truke.
Azaroaren 22an, osteguna, Betagarri Gasteizko musika taldeak Bilboko Kafe Antzokian emango dute kontzertua. Sarrera aurretiaz erosiz gero, zortzi euroan eskura daiteke. Egunean bertan, hamar euroan salduko dute.
Azaroaren 23an, euskararen historiari buruzko hitzaldia emango dute Mikel Martinezek eta Patxo Telleriak: Lingua Nabajorum: Euskararen historia bi txoriburuk kontatua. Igorreko Lasarte aretoan izango da, 20:00etan, sei euroren truke.
Hilaren 24an, Ruper Ordorikak kontzertua emango du Kultur Leioan. Hodeien azpian diskoa aurkeztuko du, 21:00etan. Sarrerak hamar euro balio du. Azaroaren 30ean izango da azken saioa. Txalo Produkzioak taldeak Hil arte bizi lana taularatuko da Muskizko Meatzari aretoan.