Otsailak 6

Maite Berriozabal Berrizbeitia

Lehen zailagoa zen norberari gertatutako zerbait zehatzari buruz ingurukoei galdetu eta norbaitek erantzun argi bat ematea. Arduratzen zintuen zerbaiti buruz han eta hemen galdetu ondoren agertzen zen batzuetan zure beharretara hurbildu zitekeen erantzunaren jabe zen norbait. Internet gugan instalatuta daramagunetik, berriz, edozein eztabaida triangulatzen dugu, eta Google ere eztabaidakide bihurtzen da noiznahi. Nahikoa da gertatutakoa hiruzpalau hitzetan idaztea, eta inoiz irakurtzeko astirik ere izango ez ditugun aholkuz betetzen zaigu pantaila.

Espero ez dugunean gertatzen zaizkigun istripu txikiak huskeria bihurtzen dira klik batean. Adibidez: txikle bat arropan itsatsiz gero izozkailuan sartzea gomendatzen da, txiklea gogortutakoan errazago kentzen omen delako. Zilarrezko gauzak garbitzeko ez omen dago hortzeko orea bezalakorik. Coca Colarekin komuneko marka horixka guztiak kentzen ei dira. Mahai-zapian egindako ardo orbana kentzeko, esnetan sartzea gomendatzen dute. Eta ohartzerako desagertu zaizu arazoa eta dena delakoa garbi-garbi gelditzen zaizu. Kito. Ze erraza den garbitzea batzuetan, ze erraza den bizitzea batzuetan. Azken batean, egunerokotasuna erantzun txikiak behar dituzten krisi txikiz osatzen da.

Gero badaude krisi handiagoak, eta horiek ere badira egunerokoa. Gerta daiteke, adibidez, otsaileko ostegun arratsalde batean mendia goitik behera etortzea, egunero milaka lagunen bidea den autobide baten gainera. Eta gerta daiteke mendia baino zabortegia izatea errepidera indarrez erori dena. Gerta zitekeenerako ezer gertatu ez delakoan, zabortegiko bi langile desager daitezke. Eta denborarekin, zaborrak amianto forma ere hartzen du, lindanoa ere aipatzen da, inguruko baserriak husten dituzte, itzaltzen ez den sute bat pizten da, eta isiltasuna da nagusi.

Denbora gelditzeko botoiari sakatzen diote agintariek, baina bien bitartean Albertoren eta Joaquinen erlojua ez da gelditzen, ezta beraien ingurukoena ere. Isiltzeak ez dakar desagertzea. Zuk besteak ez ikusteak ez du esan nahi besteek zu ez ikustea. Ezer gertatuko ez balitz bezala jokatzeak ez du gertatutakoa aldatzen. Honezkero jakin beharko lukete, honezkero badakite, baina hobe isildu esateko duzunak zabor bilaka zaitzakeenean.

Orban batzuek garbiketa modu errazak dituzte: beste batzuk, aldiz, ez dira zikina lekuz mugitzearekin konpontzen. Baina abilak dira batzuk erruaren eta arduraren kubileteak alderik alde mugitzen. Begira gaudenok aurrean duguna ikusi beharrean, haiek nahi duten lekura begira jarri nahi gaituzte. Baina surik handienaren kea ere alboratzen du haizeak, eta Zaldibarko lurretan dagoen zabortegiaren atzean dagoena ere aterako da argitara.

Ez da komunikazio kabinete batetik hala moduz kudeatu beharreko beste krisi bat gehiago, ez gara prakaren ertz batean itsatsi zaigun txikleaz ari, ez gara zilarrezko lepokoak belztu izanaz kexu; bizitzaz ari gara. Lanean ari zirela galdutakoen bizitzez. Jaten, edaten eta arnasten dugunaz ari gara. Hauteskundeak gorabehera, etorkizunak arduratzen gaitu.