Greziako historiako pasarte garrantzitsu bat eraman dute Bilboko Berreginen Museora. Akropolis, mito biziak erakusketaren bitartez, Partenoia inguratzen duen Akropolia emango dute ezagutzera. Hain zuzen, bertako hainbat eskulturaren erreprodukzioak jarri dituzte ikusgai.
Besteak beste, Panateneen frisoa, metopak eta Partenoiko frontoien irudien parte bat, Gabiesen Diana, Zeus/Poseidonen burua eta Erekteioieko Kariatidea ikusteko aukera izango dute apirilaren 7ra arte Bilbon izango den erakusketa bisitatzen dutenek.
Atenasko Akropolia Atenea jainkosaren irudiarekin eta Partenoiarekin soilik lotzen dute askok, sarri. Hori baino gehiago dela erakusten dute, ordea, Berreginen Museoan. Hiriko erlijio gunea zen, eta hainbat santutegi biltzen zituen. Mitoak eta historiak bat egiten zuten hiriaren iragana eta, bereziki, Atenea haren jainkosa goraipatzeko. Periklesek Kristo aurreko V. mendean hiria Atenearen omenezko tenplu eta monumentuz zelan jantzi zuen ere kusi ahalko dute bisitariek, hiria gorengo mailara iritsi zen unea, hain zuzen. Martitzenetik zapatura, 10:00etatik 13:30era eta 16:00etatik 20:00etara egongo da zabalik, eta domekaz, 10:00etatik 14:00etara.