Literatura bihurtu da protagonista egunotan Ondarroako txoko guztietan. Udaleko euskara batzordeak literaturaren inguruan antolatzen duen guztia aste honetan bildu du Literatur Amuak proiektuaren bitartez. Herria bete-betean murgilduta dago jada horretan. Bihar emango diote bukaera, gala baten bitartez. Musika, poesia eta dantza saioak izango dira, sari banaketaz gain.
Gaur ere zer gozatu aurkituko dute egitasmoarekin bat egiten dutenek. 6 eta 12 urte arteko gaztetxoentzako antzezlana izango da liburutegian, eta Anariren kontzertua, bestalde, gauean, Kafe Antzokian.
EGITARAUA
Gaur. 11:00etan eta 17:00etan: Idazlea zeu zara, Sarrionandiaren testuetan oinarritutako antzezlana, liburutegian. 22:00etan, Anariren kontzertua, Kafe Antzokian.
Bihar. Itsasoa Berbetan Literatur Gala, 19:00etan, Kafe Antzokian. Musika, poesia eta dantza emanaldia: Kresala dantza taldea, Keu, Joxemari Urteaga, Leire Bilbao, Ana Urkiza eta Mikel Etxaburu. Sari banaketak izango dira, eta Agustin Zubikarai Beka sariaren berri emango dute.