Trazando el diálogo da Gizagune fundazioak egin duen lehen ekinaldi publikoa. Dena dela, bloga, hileroko buletinak eta gai espezifikoei buruzko artikuluak ere badituzte euren webgunean. Raquel Cancer fundazioko kideak azken argitalpen honi buruz hitz egin dio Bizkaiko Hitza-ri.
Bizikidetzarako sor daitezkeen gatazka horiek kudeatzeko, elkarrizketa da konponbidea?
Elementu garrantzitsuena duda barik elkarrizketa da, bizikidetzarako sostengua da. Alde biek irabaz dezaten ezinbesteko elementua dela uste dugu. Adostea da helburua.
Nola bururatu zitzaizuen pertsona ezagunekin bideo bat grabatzea?
Bideoa argitalpenari bultzada emateko egin genuen, irudi bat jartzeko asmoz. Hasieran, lauzpabost pertsona baino ez agertzea genuen buruan, baina, azkenean, hamabost lagunek egin digute ekarpena. Esan beharra dago benetan eskertzekoa izan dela euren parte hartzea. Ez dugu batere zailtasunik izan jendearekin kontaktuan jartzeko orduan, eta oso prestuak izan dira guztiak une oro. Azkenean, produktu bat bilakatu da bideoa ere, eta ezagutarazteko Euskal Herriko hainbat herritan egin ditugu aurkezpenak.
Zelan erabiliko da material hau praktikan?
Auzokideen komunitate batean izan daiteke, esaterako. Bitartekotasun zerbitzuen bidez landu daiteke, edo instituzioetan. Elkarbizitzan gerta daitezkeen gatazkak, zaratak, espazio komunak… Argitalpenaren bitartez, hainbat metodologia eskaintzen ditugu, eta norberak metodo bat edo beste erabil dezake, bilatzen ari denaren edo komeni zaionaren arabera: elkarrizketak, bitartekaritza, negoziazioa…