Gernika-Lumoko Arteskolak 50 urte beteko ditu 2012-2013ko ikasturtean. Urte horietan guztietan, Luis Iriondo pintura irakaslea (Gernika-Lumo, 1922) izan da herriko artisten itsasargia. Gernikarrak Fernando Abaunzagaz (Gernika-Lumo, 1924-1976) batera jarri zuen martxan Arteskola, eta gaur egun ere, pintura eskoletara joaten da, “ikasle maiteak” albo batera utzi ezinik. 1962an pintura eskolak ematen hasi zirenetik, 5.000 izen emate inguru izan dituzte, eta, horrenbestez, herriko pinturazaleen harrobi bihurtu da Arteskola.
Iriondo eta Abaunzagaz batera ikasten hasi ziren hainbat gaztek erakusketa ofizialak antolatu dituzte gerora, eta pintura irakaslea “pozarren” azaldu da hala gertatu delako. Iriondok jomuga argida du: “Gure garaian izan ez genituen aukerak eman gura genizkien herriko umeei”. Hala, zenbait ikaslek zaletasuna ofizio bihurtu izana goraipatu du.
Arteskolaren hastapenak 1955ekoak dira. Urte horretan, Iriondok eta Abaunzak Haize-Errota taldea sortu zuten. Domeka guztietan, irteerak antolatzen zituzten inguruko bazterrak marrazteko asmoagaz. Iriondok azaldu duenez, adiskidetasuna zen nagusi: “Pintura gustuko zuen lagun talde bat ginen”.
Pintura eskolak, bestalde, urte batzuk beranduago ikusi zuen argia. Posta bidez marrazketa ikastaro bat egin ostean, “ikasitakoa gernikarrei irakastea” erabaki zuten Iriondok eta Abaunzak, baina ez zen lan erraza izan. 1962an, diru laguntzarik ez zutela eta, euren poltsikotik ordaindu behar izan zituzten eskolaren berri emateko iragarki orriak. Gastuentzako hileko 15 pezetako kuota ordainduta, 29 ume batu zituzten lehen urtean.
Lehenengo garai hartan, Gizarte Etxeko gela txiki baten ematen zituzten klaseak, baina laster geratu ziren leku barik. Hala, Iriondo eta Abaunza Gizarte Etxeko beste gela batzuk erabiltzen hasi ziren pintura eskoletarako. Ikasle kopuruak, baina, hazten jarraitzen zuen, eta Arteskolaren sortzaileak gela “handiago eta erosoago” baten bila hasi ziren.
Zenbait denbora bila ibili ostean, Gizarte Etxearen beheko solairuan aurkitu zuten etxe berria artistek. Alokairu bat ordainduta, Gernika-Lumoko pinturazaleak 220 metro koadroko gelara pasatu ziren, 1972an.
Iriondoren berbetan, “Gizarte Etxeko beheko solairua handia zen, baina ez zen irakasteko lekurik egokiena”. Dioenez, gela egokitu behar izan zuten. Aurrerantzean ere hainbat arazo izan zituzten, ordea. Batez ere, ura zen mehatxu handiena eskolako kideentzat. Iriondok ondo gogoan du: “Euria egiten zuen bakoitzean ura sartzen zen ikasgelara”. Baina Arteskolako kideak ez ziren kikildu, eta, azkenerako, “ura ere eskolako partaidetzat” hartu zuten.
Baldintzak egokienak izan ez arren, Gernika-Lumoko herritarrek momentu on asko bizi izan zituzten Gizarte Etxean. Iriondok dioenez, lagunarteko giro ederrean batzen ziren, eta, horrenbestez, garai hartako oroitzapen oso onak ditu.
1976an ere momentu gogorrak pasatu zituzten Gernika-Lumoko pinturazaleek. Urte horretan, Abaunza hil zen, eta horrenbestez, eskola hankamotz geratu zen. Iriondok dioenez, “kolpe gogorra” izan zen, baina eskolekin jarraitzea erabaki zuen.
1990. hamarkadan, bestalde, Arteskola berriro lekuz aldatu behar izan zuten, Gizarte Etxea eraitsi baitzuten. Hala, gaur egungo Kultur Etxera joan ziren irakasle eta ikasleak, udalagaz akordio batera heldu ostean. Pintura irakasleak azaldu duenez, hasiera baten lekuz aldatzeak pena eman zien, baina Kultur Etxean askoz hobeto daude.
Pozarren doa eskoletara
Iriondoren ustez, Arteskola asko aldatu da lehenengo urteetatik. Ikasleen adina, esaterako, asko igo da, eta, gaur egun, helduak dira eskoletara doazen gehienak.
Aldaketarik izan ez duen bakarra, irakaslearen zaletasuna izan da. Iriondok azaldu duenez, pintura maite du, eta, ahal duen bitartean klaseetara joaten jarraituko du. “90 urte ditut, eta gaur egun beste bi gaztek laguntzen didate, baina etxetik irteteko moduan egonez gero, ikasleengana joaten jarraituko dut”, dio.
Gernikarra “harro” dago hainbeste urtean zehar egindako lanagaz, baina irakasle lanetan jarraitzeko gakoa, “eskoletako giro bikaina” izan da. Dioenez, urteak joan eta urteak etorri ikasleak oso gustura doaz Arteskolara, eta hala izatea, “pozgarria” da Iriondorentzat.
90 urteko gernikarra pozez betetzen duena, hala ere, ikasleek marrazketagaz gozatzea da. “Asko gustatzen zait, ikasleek aurrerapenak egiten dituztela ikustea, horien poztasunak kutsatu egiten bainau. Klaseetara doazenak laguntzat ditut, eta lagunak pozik egoteak asko betetzen nau ni ere”, azaldu du.
Bere kabuz ikasi zuen
Iriondori “txikitatik” gustatu zaio marraztea. 36ko Gerran, esaterako, Frantziara alde egin zuen familiagaz, eta han hasi zen marratzen “igeltsu zatiekin”. Dioenez, familiak ez zuen dirurik pintura materiala erosteko, eta halabeharrez, lurrean egiten zituen marrazkiak.
Benetako pinturazaletasuna, hala ere, Sena ibaiaren ondoan piztu zitzaion Iriondori. Ur ertzean zegoela, gizon bat ikusi zuen olio margolan bat marrazten, eta inbidia sartu zitzaion gazte gernikarrari. Berak ere horixe egin gura zuela erabaki zuen, eta, beste egun baten, urmargoekin joan zen Sena ondora. “Lehenengo marrazki hura desastre hutsa izan zen”, dio barre artean.
Huts egiteek ez zuten atzera bota, eta Iriondok ez zuen zaletasuna galdu. Hala, soldadutzan ikasi zituen marrazteko zenbait teknika donostiar bati esker. “Haren ondoan jartzen nintzen, eta zelan marrazten zuen ikusten nuen” dio. Soldadutzan teknika desberdinak ikasten zebilela, gainera, kartel lehiaketa bat irabazi zuen, eta irabazitako 100 pezetekin, margotzeko lehen materialak erosi zituen.
Lehenengo margolana ere gogoan du Busturialdeko bizilagunak. Azaldu duenez, Kristo baten irudia aukeratu zuen, eta armadako teniente bati saldu zion, etxera joateko baimen baten truke. Iriondok gogoratzen duenagatik, ez zen lan ona, baina etekin handia atera zion. “Tenienteak famatu bihurtu nintekeelako erosi zuen koadroa, baina oker zebilen”, dio barreari ezin eutsita.
Soldadutza amaituta, bestalde, Gernika-Lumora bueltatu zen, eta liburuekin ikasi zuen marrazten, harik eta posta bidezko ikastaroa egin arte.
Omenaldia Iriondori
Iriondok musu truk egin du lan gernikarren artean pintura sustatzeko, eta, Ricardo Abaunza Kultur Etxeko arduradunak aurreratu duenez, ikasturtean zehar zenbait ekitaldi antolatuko dituzte irakaslearen lana goraipatzeko. “Ez dakigu noiz eta nola, baina omenaldi txiki bat egin gura diogu”, jakinarazi du.