Erralde hiltegiaren itxierak atzera bueltarik ez dauka. Ahaleginak ahalegin, Erralde elkarte publikoa desegitea erabaki zuten joan den astean hura osatzen zuten hamabost udaletako ordezkariek. Egoera lar zaila dela iritzita hartu zuten erabakia.
Mikel Ansotegi Erralde elkarteko presidenteak esan du “aurretik egindako kudeaketaren ondorioz” iritsi direla gaur egun dauden egoerara. “Durangoko Udalarekin alokairua negoziatzeko zailtasunak, Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailarekin izandako arazoak…”, hainbat arazo aipatu ditu, eta gaineratu du zailtasun horiei irtenbidea bilatzen saiatu direla. “Aurreko kudeaketa txarrak, ordea, horren gaiztotuta utzi zituen arazook, ezen ezinezkoa egin baitzitzaigun hiltegia berriz zabaltzea”.
Zorrak zeresan handia izan duela esan du Ansotegik. “Herentzian jasodugu baserritarrei eta hartzekodunei hainbat diru zor diegula. Gu sartu ginenerako, zorra sortuta zegoen, eta oso handia zen”, oroitu du. Iazko udal eta foru hauteskundeen ondoren, Bilduk eskuratu zuen gehiengoa Erralde elkartean; presidentea bera ere alderdi horretakoa da. Osotara, 320.000 euro zor dizkiete baserritarrei eta hartzekodunei.
Bestalde, hiltegiko beharginak lanik gabe geratu ziren joan den uztailean, enplegua erregulatzeko txostena zabaldu ostean, eta haiei ere kalte-ordainak eman behar dizkiete: 120.000 euro inguru. Horrez gain, bankuei 1,9 milioi euroko mailegua zor diete. Guztira, beraz, 2.340.000 euroko zorra.
Zorraren eta zailtasun horien ondorioz hiltegi zaharra zabaltzea ezinezkoa zela ikusirik, Berrizen hiltegi berri bat zabaltzeko egitasmoan buru-belarri ibili zirela gogoratu du presidenteak. “Hiltegi berria martxan jarri, eta horri esker lortuko genukeen finantzazioarekin baserritarrei zorrak ordaindu nahi genizkien. Modu errazena, bizkorrena eta komenigarriena horixe ikusten genuen. Batetik, hiltegi berria martxan jarriko genukeelako, eta, bestetik, zor guztiak ordainduko genituzkeelako”.
Krisi ekonomikoak eta lanerako erritmo motelak eragindako eragozpenak izan zituzten, ordea. “Uste genuen azkarrago eman ahal izango genituela pausoak, baina pentsatu baino geldoago joan da guztia. Oso luze jo du”. Beraz, pentsaturik egoerak konponbide zaila zuela, administrazio kontseiluak Erralde desegitea erabaki du. Batez ere, pilatutako zorrak eraman ditu horretara: “Bereziki, baserritarrekin dugunak, jakinik zer nolako mundu korapilotsua eta gogorra den eurena”, azaldu du Ansotegik. Abeltzain eta hartzekodunek zor zaien dirua “epe labur edo ertain batean” kobratuko dutela bermatu nahi dute erabakiarekin.
Elkarte barruan ere proiektuari eusteko zailtasunak aurkitu dituztela azaldu du presidenteak. “Herri batzuk aurreragotik zeuden Erralde desegitearen alde. Eta horrek ere ez digu batere lagundu aurrera egiteko orduan. Barruan bertan ez dugu kideen arteko sektore baten laguntza izan aurrera egiteko. Horrek gauzak zaildu egin dizkigu”.
Zorra zelan kitatu
Zorrari aurre egiteko zenbait proposamen egon dira. Ansotegiren esanetan, orain arte herri bakoitzak egiten zuen diru ekarpena aldagai zenbaiten araberakoa izaten zen. “%60, herriak dituen biztanleen arabera egiten zen; %20, zituzten behi eta txahalen arabera, eta gainerako %20, zituzten ardien arabera”. Beraz, proportzio horiei jarraituta, lurrak, eta proiektua bera, gaur egun Erraldeko kide diren herriek beren gain hartu eta birfinantzatzea proposatu zuten. “Orain artean bezala kuotak proportzio berean ordainduz, lurrak eta proiektua bermatuta egon litezkeela uste dugu; baita baserritarrei ordaintzeko moduan egongo ginatekeela ere”. Bankuei herri guztien konpromiso hori erakutsita, birfinantzazioa lortuko luketela deritzo, eta, horrela, zorrak ordaindu eta bankuari mailegua apurka ordainduko lioketela esan du.
Proposamen horrekin udal gehienetako ordezkariak bat zetozela azaldu du Erraldeko presidenteak. Elorrioko ordezkaria, baina, kontra agertu zen. “Orain arteko portzentajeei ez zien eutsi nahi; herri guztiek kopuru bera ordaintzea gura zuen”, azaldu du. Hori, ordea, herri txikientzat “ezinezkoa” dela deritzo Ansotegik. Ados jarri ez zirenez eta hamabost ordezkariek erabakia aho batez hartu behar dutenez, datozen egunetan berriz ere batzartzekotan geratu ziren. Bien bitartean, udal guztiek eztabaidatuko dituzte proposamen horiek euren kabuz. Hamabostek aho batez onartu zuten zorrak oso-osorik ordainduko dituztela.
Proiektua “bideragarria” zen
Erralde hiltegiko kudeatzaile ohi Eneko Egibarrek ere esan du proiektua “bideragarria” zela. Elkarteak pilatutako zorra “kudeaketa txarrari” egotzi dio. Erraldeko administrazio kontseiluari egotzi dio kudeaketa txar hori. Dirua komertzializaziorako erabili beharrean beste gauza batzuetara bideratzea leporatu dio. Jokaera horrek, Egibarren esanetan, zorra handitzea eragin du.
Bizkaiko EHNE sindikatuak apustua egin du Berrizen eraiki nahi duten hiltegiari bultzada bat emateko. Erralde elkarte publikoa desagertu ostean,”elikadura subiranotasuna bultzatzen duen proiektuan udal gehiagok parte hartzeko etapa berri bat” zabaltzen dela deritzo Unzalu Salterain bozeramaileak.
2007ko urtarrilean zabaldu zuten Durangoko Erralde hiltegia, eta joan den urtarrilean itxi. Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak eman zuen ixteko agindua, egoitzaren egitura behar bezalakoa ez zela argudiatuta. Bereziki, hiltegiaren produkzio linean ikusten zituen eragozpenei erreparatuta eman zuen agindua.