Hiru mende, ospakizun batean elkartuta

Mungian, Lore Jokoen jaia ospatuko dute domekan, zazpigarren urtez. 2005ean egin zuten aurrenekoz, Estepan Urkiaga Lauaxeta herriko semearen jaiotzaren mendeurrena gogoan hartuta. Ordutik, hainbat gai izan dituzte gogoan: Mungia elizatea eta Mungia hiribildua bat egin zirenekoa, Mungia eta Bilbo arteko trenaren azken bidaia… Aurtengoan, berriz ere, Lauaxetari erreparatu diote, ekainaren 25ean haren heriotzaren 75. urteurrena bete zelako. “Urte osoan, Mungian, Lauaxeta eta Euskal Pizkundea eragin zuten gizon eta andreak omentzen gabiltza”, azaldu du Mirenbe Bilbao Mungiako Udaleko Kultura zinegotziak.

Pizkundeari egindako begiratu horretan, Lore Jokoen jaia ere garai hartako euskal kulturaren bultzatzaileei gogorapena egiteko aukera modura ikusi du udalak. Izan ere, Lore Joko deitzen duten jai honetan, urtero, mungiarrek gertaera historiko bat hartzen dute gogoan, eta haren inguruan antolatzen dute eguneko ekitaldi nagusia. Baina Lore Jokoak, jatorriz, beste zerbait izan ziren. “1853an antolatu zituen Anton Abadiak, Urruñan [Lapurdi]. Euskal Pizkundeko kideek Abadiak hasitakoari indar handiagoa eman zioten”, dio Bilbaok. Gogorarazi du Abadiak antolatutako Lore Joko haietan askotariko ekitaldiak antolatzen zirela, hainbat egunez. “Guk jaiari Lore Jokoak deitzen diogu, baina askok ez daki benetan zer izan ziren. Horregatik, pentsatu dugu Lore Jokoetako gaia Abadiaren Lore Jokoak eurak izatea”. Mungian, 1906an egin zen XIX. mendeko estilo hartako Lore Jokoen jaialdia.

Domeka honetan, 11:30ean, jaialdi hura berreskuratuko dute. Abesbatzen lehiaketa, bertsolariak, dantza txapelketa, banden lehiaketa, poesia, antzerkia… Kulturaren agerpen askok izan zuten lekua jaialdi hartan. “Guk horiek guztiak ezin ditugu sartu, bestela egun osoan ibili beharko ginateke antzezten”, dio Bilbaok. Hala, horietako batzuek izango dute lekua Foruen plazan. Besteak beste, bertsoak, dantza saioa eta poesia lehiaketa izango dira. Baina baita antzerkia ere.

Izan ere, Mungiako Lore Joko garaikide hauek Europako Ondarearen Jardunaldiekin bat egin ohi dute denboran. Biak urrian izaten dira. Hala, beti Lore Jokoetan gogoratzea erabakitzen duten gai historiko horrek loturaren bat izaten du Bizkaiko Foru Aldundiko Kultura Sailak jardunaldiotarako proposatzen duen gaiarekin. Aurtengoa 1475 eta 1525 arteko oparotasun garaia da. Beraz, Mungiako Udalak, domekako Lore Jokoen antzezpenaren barruan, XIX. mendeko Lore Jokoetan egiten ziren antzezpenak gogoratuz, antzezlan bat aukeratu du, XV. mendeari lotutakoa: 1471ko Mungiako gudua. Hartara, ekitaldi berberean uztartuko dituzte Lore Jokoak, Euskal Pizkundearen omenaldia eta Europako Ondarearen Jardunaldietan gogoratzen den garai hura.

Gudua leinuen arteko bakea lortu ostean iritsi zen. Ganboatarrek eta oinaztarrek euren arteko gatazka bukatutzat eman zuten. Gudu hartan, bada, elkarren ondoan borrokatu ziren. Arerioa Pedro Fernandez de Velasco Haroko kondea zuten. Izan ere, Fernandez de Velascok lehengo Araba eta gero Bizkaia mendean hartu gura izan zituen. Trebiñuko kondearen aurka borrokatu ostean, Balmaseda ingurura iritsi zen, eta handik Bilbora.

Gaztelako errege eta Bizkaiko Jaun Henrike IV.a Burgosen zegoen bere soldaduekin, baina ez zuen ezer egin Haroko kondeak euskal herrialdeok konkistatzea saihesteko. Kronikek diotenez, guduaren bezperetan, Haroko kondearen tropek Juan Alonso Muxikoaren dorretxeari egin zioten eraso. Historialarien ustez, gaur egun Butroiko gaztelua dagoen parean zegoen dorretxea. Muxikako jaunak Trebiñuko kondeari eskatu zion laguntza. Haren gizonei esker, gaztelarren soldaduei aurre egitea lortu zuten bizkaitarrek. 1471ko apirilaren 27an, Mungiako Larrauri auzoan lortu zuten garaipena.

Bizkaitarren garaipena erabatekoa izan zen. Honako kopla hauek kantatuz ospatu ei zuten: Esto es Vizcaya, Conde de Haro, esto es Vizcaya, que no Belorado. Belorado Burgosen dago, eta kondearen mendeko herria zen orduan. Gudua bukatutakoan iritsi zen erregea, Haroko kondearen tropei Arabatik eta Bizkaitik irteteko agintzera.

Antzezpen horren ostean, bertso saioa, bazkaria eta erromeria egingo dira. Urtero bezala, Mungiako Udalak jantzi tradizionalak aldean irteteko deia egin du.

EGITARAUA

11:15. Matxin plazan elkartuko dira herritarrak. Handik Foruen plazara abiatuko dira; agintari eta itzal handiko jakintsu taldea izango dute zain.

11:30. Foruen plazan, Lore Jokoen ekitaldia: abesbatzaren emanaldia, bertsolariak, dantza txapelketa, V. Lauaxeta Olerki Lehiaketaren sari banaketa eta 1471ko Mungiako guduaren antzezpena.

13:00. Antzinako egoeren antzezpena, Foruen plazan. Aldi berean, Miren Amuriza eta Eneko Abasolo Abarkas bertsotan arituko dira.

13:30. J. M. Arregi abesbatzaren emanaldia, herrian zehar, Foru plazatik abiatuta.

15:00. Herri bazkaria, Bentades ikastetxean. Ostean, euskal kantaldia.

16:30. Matxin plazan, baserriko joko eta jolasen jaia.

18:30. Foruen plazan, erromeria trikitilariekin.