Trena eta jana eskutik lotuta zihoazen Industria Iraultzaren garaian Enkarterrin. Putxerak garai hartan sortu ziren, baporezko trenaren munduarekin erabat lotuta. Hala azaldu dute Trueba Dokumentazio eta Dibulgazio Guneko kideek. Garai hartan Robla tren lineako langileen eguneroko beharrizanak asetzen zituen tresna ziren putxerak. Elementu hori bera protagonista bihurtuko da datorren martitzenean, Balmasedan, Putxeren Nazioarteko 42. Lehiaketan, eta, festa giroan, tradizioa berreskuratzeko aparatu bihurtuko da.
Trakziozko makinentzako baporezko galdarek metalezko apal txiki bat eta erabilera askotarako eta beroa aprobetxatzeko zipotz bat zeuzkaten. Trenok oso geldoak ziren, eta kilometro gutxi bakoitzeko etenaldiak egin behar izaten zituzten. 1894an, Roblako trenbidea inauguratu zuten. Hari esker, Leondik (Espainia) Bizkaiko siderurgia guneetara ikatza garraia zitekeen. Ibilbide horretan Balmaseda gune garrantzitsu bat zen, mantenurako tailerrak eta biltegiak zeudelako bertan.
Roblara arteko ibilbidea hamabi ordutik gorakoa izanik, beharrezkoa zen treneko beharginen elikadura beharrizanak asetzea. Trueba Dokumentazio eta Dibulgazio Guneko kideek azaldu dutenez, Balmasedan gaur egun ere gogoan dituzte behargin haiek egurrezko kutxa txiki batzuk zituztela. Barruan, lapiko baterako beharrezko ziren osagaiak zeramatzaten. Galdararen apalean zilindro bat jartzen zuten, barruan lapikotxo batekin. Kobrezko hodi txiki baten bitartez, baporezko zipotzarekin lotzen zen. Trenaren triki-trakak egiten zuen gainerako lan guztia.
Hasierako putxera horietan denetik egosten zuten. Egun indabak baino egiten ez badira ere, garai hartan ohikoak ziren patatak bakailaoarekin, bokartekin, txitxirioak eta haragi gisatua.
Ohitura berreskuratuz
Baporezko trenak desagertu zirenean, lapiko txiki haiek ere alde batera geratu ziren. Hala ere, 1971n, Balmasedan lagun kuadrilla batek ohitura hura berreskuratzea erabaki zuen, tren haietan lan egin zuten aita eta aitonak gogoratzeko asmoz. Handik sortu zen Putxeren Lehenengo Lehiaketa. Eta hasiera hartatik bertatik txapelketak arrakasta handia izan zuela ekarri du gogora Trueba guneak. Enkarterriko festetan oinarrizko tresna bat da putxera. Inguruko beste herri batzuetara ere zabaldu dira, gainera; besteak beste, Sestaora, Portugaletera eta Ortuellara.
San Severino, Putxeren Eguna
San Severino da Putxeren Egun nagusia; urriaren 23a, hain zuzen ere, Balmasedan. Santuaren izen bera duen plazan ehunka kuadrillak bat egin ohi dute putxerarik onena zeinek egingo duen lehian. Txapelketan parte hartu nahi dutenek egunean bertan eman dezakete izena, 11:00 baino lehen. Putxerak 12:00etatik 13:30era bitartean aurkeztu ahalko dira. Eta irabazlearen izena 14:15ean jakinaraziko du epaimahaiak.
Gaur egungo putxerek oinarrizko eta berezko ezaugarriei eusten diete, zenbait elementutan aldaketaren bat edo beste gertatu bada ere. Azken hamarkadan zuten irudi zakarra alde batera utzi, eta tresna polit bihurtu dira. Sarri txokoetan eta baserri sarreretan apaingarri gisa erabiltzen dira.
Hainbat neurriko putxerak badaude ere, 10-12 eta 24 anoatik gorakoentzakoak nagusi dira. Bitxikeriaren bat edo beste ere bada tamainari dagokionez. Izan ere, Balmasedako eskulangile batek putxera erraldoi bat egin zuen duela urtebete pasatxo. Datorren urtean errekorren Guinness liburuan sartu nahi du lan horrekin.