Ukelelearen soinuak lagun

Ukelelearen soinuak lagun

June Prieto

Gitarra bezalakoa, baina lau sokarekin eta askoz txikiagoa: horixe da ukelelea. Mundu osora zabaldu da Hawaiiko musika tresna, jotzeko erreza eta eramateko arina delako. 2013tik domekero egiten dituzte ukedada bilerak Bilboko ZAWP gunean. Nahi duena joan daiteke jotzera, hamar euroren truke; umeak, bost euroren truke. Irakasle lanak Marcos Feijook egiten ditu, eta “oso harro” dago Bilbon sortu den giroaz: “Londrestik hartu nuen ideia, han Ukulele wednesday topaketak egiten dituzte”. Ukelele eta gitarra irakaslea da ofizioz, eta ZAWP gunean dauka ikasgela (Zorrotzaurre Art Work in Progres). “Oso ondo moldatzen gara Zorrotzaurreko lokalean, erabiltzen dudan metodologiarentzat leku ezin hobea da”.

Someone told me long ago / there’s a calm before the storm, I know abesten dute denak batera, eta bitartean pantaila erraldoi batean irakurtzen dituzte abestiaren hitzak eta jo behar dituzten akordeak. Sofan, aulkian edota zutik egoten dira, pantailari begira, abesti batetik bestera Feijook ematen dituen azalpenak entzunez. Erritmoari jarraituta eskua astintzen, abesti ezagunak eta ez hain ezagunak jotzen dituzte: 1970eko hamarkadako abestiak zein Disneyren klasikoak. Euskaraz gutxitan abestu dute, baina Marijaiaren abestiarekin animatu ziren abuztuan. “Inoiz ez ditugu jo ukelelearentzat propio sortutako abestiak. Hawaiiko hizkuntza ez da aproposena guk abesteko”.

Edonork egiteko modukoa

Adin guztietako jendea hurbiltzen da domeketako saioetara. “Ukedada-k askeak dira, edonor etor daiteke abisatu barik eta konpromiso barik”. Umeak, kuadrillak, emakumeak, gizonak eta familia osoak joan dira noizbait ZAWPeko La Nave gelara ukelelea jotzera. Feijook gogoratu du behin neska batzuk ezkondu aurreko agur festa egitera ere joan zirela, inork ukelelea jotzen jakin barik. “Oso ondo pasatu genuen haiekin, eta ezkongaiak bizitza osoan gogoratuko du”. Gazteen artean ospe handia hartu du musika tresna horrek azken aldian; ugariak dira Youtubeko bideoak ere. “Eduki ditut ikasleak ukelelea jotzen ikasi nahi zutenak soilik influencer izan nahi zutelako. Elementu ona da musikarekin hasteko, eta denbora gutxian emaitza onak lor ditzakezu”.

Gitarrarekin hasi zen Feijoo, baina Italian oporretan zegoela ukelele bat ikusi zuen lehenengo aldiz: “Oso interesgarria iruditu zitzaidan musika jotzeko tresna hura; dendan hartu bezain pronto jotzen hasi nintzen, eta horrela gaur arte”. Atentzioa eman zion ukeleleak jendearengan sortzen dituen erreakzioak: “Publikoarekin jotzen nuenean, askok eskatzen zidaten jotzen uzteko. Are gehiago, ahalegin handia egiten zuten soinua ateratzeko. Hori gitarrarekin ez zait pasatzen”.

Badaude ukelelearen arrakastan eragiten duten hainbat faktore. Gitarrarekin alderatuta, jotzeko indar gutxiago behar da. Bi soka gutxiago dituenez, informazio gutxiago ikasi behar da buruz, eta jotzen hasten zaren momentuan emaitzak berehala lortzen dira. “Musika tresna honek besteek baino errazago harrapatzen du. Bizikletan ibiltzea bezalakoa da; behin hasita, ez da ahazten. Halere, abesti batzuk jotzeko praktika handia behar da, gauza guztietan bezala”.

Hawaiiko musika tresna hau jotzea buruarentzat ariketa ona dela dio Feijook: “Sudoku bat egitea baino hobea da”. Gainera, taldean egoteko beste modu bat da musika tresna bat jotzen ikastea: “Esan behar dut bidean aurkitu ditudan pertsona gehienek bizitzarekiko oso jarrera positiboa izaten dutela, laguntasuna bilatzen dutela”.

Domeketako hitzordua 17:00etatik 19:00etara izaten da, baina adituak normalean berandu arte egoten dira ukelelea astintzen. Gainera, ZAWPen taberna txiki bat daukate ondoan, eta horrek arratsaldea gehiago luzatzen laguntzen die.

Aurten, berrikuntza moduan, Errekatxoko jaietan (Barakaldo) ibili dira tabernarik taberna jotzen. Sortu duten taldeak kohesio handia duela azaldu du Feijook. Ukeleleak ematen dituen kantatzeko eta suabe aritzeko aukerak jendea animatzen du publikoan jotzera. Konfiantzazko giroa sortu dute ZAWPen “Kantatzera animatzen zaren momentuan hasten zara taldearen parte sentitzen. Gainera, ez dago epailerik, eta bakoitzak ahal duena eta sentitzen duena egiten du”.