Peru Azpillaga Diez
Krisiaren aitzakian azken hamarkadetan azkartu den lan eta bizi baldintzen prekarizazioari mugak jartzeko”, Euskal Herriko Eskubide Sozialen Gutunak greba deialdi bat egin du urtarrilaren 30erako. Grebarako “hamaika arrazoi” daudela konbentzituta, aldarrikapen taula bat zabaldu, eta Euskal Herri osoko eragile, sindikatu eta mugimenduen atxikimendua lortu dute. Horien artean, berebiziko garrantzia izan du bi urtez Hego Euskal Herriko kaleak astindu dituen pentsiodunen mugimenduaren parte hartzeak. “Bi urte daramatzagu astero protestak egiten, baina ezer gutxi lortu dugu; horregatik, jauzi bat emateko garaia dela pentsatu genuen”, azaldu du Karmele Ibarra pentsiodunen mugimenduko kideak.
Duela sei urte sortu zen Eskubide Sozialen Gutuna, sindikatu eta eragile ugarik herritarren eskubide sozialak biltzen dituen aldarrikapen bat osatu zutenean. Oraingoan, ordea, pentsiodunen mugimenduarekin elkarlanean, “lan baldintza, pentsio eta bizitza duinak” bermatuko dituzten neurrien aldeko mobilizazio dinamika bat abiatzea adostu dute. “Bestelako eredu sozio-produktibo bat eraiki behar dugu, bizitza erdigunean jartzeko, zaintzari eta planetaren jasangarritasunari lehentasuna emanez”, argudiatu dute zabaldutako oharrean.
Grebara Eskubide Sozialen Gutunak deitu duen arren, Ibarrak zehaztu du pentsiodunak hasieratik batu direla: “Protestak abiatu genituenean ez genuen espero hainbeste luzatuko zirenik; hala ere, ez dugu etsiko; burugogorrak gara, eta gure helburuak lortzeko bide berriak topatzeko prest gaude”. Jakinarazi duenez, denbora asko zeramaten mobilizazioei “beste buelta bat” emateko gogoekin eta, horregatik, grebara batzeaz gain, haien borrokari lotutako aldarriz bete dute deialdia. “Hamaika arrazoi ditugu grebara joateko, baina, besteak beste, 2011 eta 2013ko erreformetan onetsitako pentsio murrizketak indargabetu behar ditugu; hala nola, [Jose Luis] Zapatero eta [Mariano] Rajoyren [Espainiako Gobernuko presidente ohiak] lan erreformak”. Horiekin batera, dependentziari erantzuteko sare publiko baten beharra, gutxieneko soldataren igoera edota genero bereizketa amaitzeko eskatu ditu.
“Pentsiodunen mugimenduan denbora asko daramagu geure buruak hezten eta gure borroka mantentzeko argudioak zehazten, kaleko borroka galduko bagenu existitzeari utziko genioke eta”. Alde horretatik, mugimenduaren “zatiketaren” inguruan ere hitz egin du: “Egia da sektore bat grebaren aurka azaldu dela, baina mugimenduaren parte dira eta ondo ezagutzen dute gehiengoaren iritzia; horregatik ez dute bozkatu nahi izan”. Hain zuzen ere, Ibarrak azpimarratu du “boterean dauden alderdi eta sindikatuei lotuta dauden kideak” direla, eta mugimenduan indar gutxi izan arren komunikabideen babesa dutela azpimarratu du. “Mugimendua ahuldu nahi dute, baina ez gara horretan eroriko; gehiengoaren nahia ordezkatzen dugu, eta 30ean kalera aterako gara”.
Grebari begira, tokiko batzordeetan parte hartzen ari direla adierazi du, bakoitza bere tokiko errealitatetik. “Nik Bilboko komitean parte hartzen dut, eta baita nire auzokoan ere”, erantsi du. Etorkizunera begira, itxaropentsu mintzatu da: urte hauetan ehundu duten antolakuntza sistemaren indarra balioetsi du. “Erosotasunetik ihes egin eta gure miseria ezkutatzeari utzi diogu. Izan ere, sistema hau da txirotasunera kondenatzen gaituena; borrokatzen ez badugu, duintasuna galduko dugu”.
Bizitzak erdigunean
Eskubide Sozialen Gutunak eta pentsiodunek osatutako aldarrikapen taulari hainbat sektore eta eragilek egindako ekarpenak gehitu zaizkio: mugimendu feministak, gazte zein ikasle eragileek, talde ekologistek… Bakoitzak bere esparrutik, urtarrilaren 30ean izango den grebak mota guztietako aldarrikapenak jaso ditu. Grebara deitzeko ekintzak ere ugariak izan dira, parte hartzen duten eragile eta mugimenduen aniztasunaren seinale; kalejira musikatuetatik hasi eta azken egunetan bankuen aurka egin diren ekintzetaraino.
Naia Torrealdai Bilgune Feministako kidea, esaterako, Bilboko greba batzordean ari da parte hartzen, eta mugimendu feministak greba egiteko dituen argudioak azaldu ditu. “Bi urte daramatzagu Martxoaren 8an greba egiten, batez ere bizitza erdigunean jartzeko beharrizana aldarrikatu eta greba formatuari kritika feminista bat egiteko”. Uste du 30eko grebaren planteamendua berezia izan dela, sektore askotako eragileak ere atxiki direlako, eta “bizitza duinaren premisa erdigunean jarri delako”. Torrealdairen iritziz, feminismoa izan da grebaren ideiari ekarpen teoriko eta praktiko hori egin dion mugimendua, eta horregatik guztiagatik murgildu dira buru-belarri grebaren antolaketan.
“Guretzat, grebarako hainbat arrazoi daude, andre pentsiodunen egoeratik abiatuta”. Pentsiodunak grebaren motoreetako bat bilakatu direnez, esparru horretako emakumeen egoerari ikusgarritasuna ematea ezinbestekotzat jo du: “Hainbeste urtez soldatapekoak ez diren lanak egin ostean, txirotasunean bizitzera kondenatuta daude”. Zaintza lan publiko eta komunitarioen beharrizana ere aldarrikatu du. Torrealdairen ustez, sistemak ezin du egungo zaintza zirkulua mantendu: “Komunitate batek bere gain hartzen ez dituen zaintza lan horiek esklabotza forma hartzen dute, eta andre migrante eta arrazializatuen gain erortzen dira”. Hori konpontzeko, Jaurlaritzak eta udalek behar beste eskumen dituztela deritzo. Horregatik, ohartarazi du beharrezkoa dela instituzioak interpelatzea eta egun hain hedatuta dagoen “zuriketa joera” agerian jartzea.
Prekarioen lehen lerroa
“Egia da gazte ikuspegitik uste dugula ezinbestekoa dela greba hau egitea, batik bat gu garelako gaur egungo gizartean bizi baldintza prekarioak modu larrienean pairatzen dituzten sektoreetako bat”, salatu du Xabier Loizagak, Harian Ezkerraldeko Gazte Prekarioen Sareko kideak. Ibarra eta Torrealdai bezala, bera ere eskualdeko greba komitean dabil lanean, eta gazteek greba egiteko eta antolatzeko dituzten arrazoien inguruan mintzatu da. “Gazteok bizi dugun egoera prekario hori iraultzeko, sektore guztietatik jo behar dugula uste dugu”. Izan ere, prekaritatea “arazo estrukturala” dela azpimarratu du; gizarteko sektore guztietan eragina izan arren, bereziki gazteen ikuspegitik aurre egiteko beharra dagoela ohartarazi du.
“Prekaritateak modu askotan astintzen ditu gure bizitzak, geroz eta molde edo tresna konplexuagoekin”. Alde horretatik, gaztetan, lan izaerari dagokionez, “oso eredu neoliberal arriskutsu bat” zabaltzen ari dela salatu du Loizagak. “Zergatik? Gaur egun gazte izateak bizitza proiektu bat izan ezina dakarrelako berekin”. Hori, adibidez, emantzipatzeko arazoekin ikusten dela adierazi du. “Sistema kapitalista egoera horretaz jabetu da, eta gazteon lanari ere lan izaera hori kendu dio, soldata bezalako terminoak ezabatuz; hala jarduten dira, besteak beste, Glovo eta eredu horretako beste enpresak”, azaldu du Loizagak.
Greba orokorrak testuinguruari “era paregabean” erantzuten diola erantsi du. “Egoera jasanezina da gizarteko sektore guztietan, eta grebak, hain zuzen ere, hori islatzen du”. Nabamendu du azken urteetan hamaika aldarrikapen egin direla, baina, “zoritxarrez”, horretan geratu direla deritzo. “Grebak erakusten du herrialde batek bere masa produktiboa edo jarduera ekonomikoa eteteko gaitasuna duela”. Horregatik, iruditzen zaio greba orokorra instituzioen aurreko “indar erakustaldi bat” egiteko baliatu behar dela, herriaren “egoera eta nahia” zein diren erakusteko: “Neurriak hartu ezean, ez dugu etorkizunik”.