Tradizioak, plazara

Euskal jaia

Areatza

Arratialdean eta, oro har, Bizkaian errotutako tradizioak eta ohiturak ahaztuak izan ez daitezen saiatuko dira Areatzan. Gaztetxoek ohitura horien berri izan dezaten, hainbat ekitaldi prestatu dituzte gaurko eta biharko antolatu duten Euskal Jaian.

Aurtengo gai nagusia kirol eta joko tradizionalak izango dira. Horretarako, herri osoan banatuko diren hainbat jarduera izango dira. Gaur arratsaldean hasiko dira. 17:00etan, tailerrak egingo dituzte parkean. Larruzko pilotak egiten irakatsiko dute, besteak beste. Hain zuzen, antzina jolasteko erabiltzen ziren tresnak nola egiten diren ikasi ahal izango dute bertaratzen direnek.

Eskuz sortutako objektu horietako batzuk bertatik bertara ikusteko aukera izango da handik bi ordura. Izan ere, pala eta zesta-punta partidak antolatu dituzte 19:00etan, frontoian. Neska eta mutilek izango dute parte hartzeko aukera.

Tradizioak eta ohiturak kantuen bitartez ere zabaltzen direla eta, gauean horrexetarako tartea iritsiko da. 21:30ean, areatzarrak —eta jaialdiarekin bat egiten duten beste herrietako guztiak— frontoitik aterako dira kalejiran, eta ikasitako abestiak kantatuko dituzte bidean.

Euskal Jaia bihar ospatuko dute, Gudarien plazan. Hala ere, alde zahar osoa beteko dute nekazaritza eta artisautza alorreko hanbat eta hainbat produktu salgai izango dituzten saltokiek. BERRIAlagunek, gainera, lagun gehiago erakartzeko mahaia jarriko dute. Gorbeako gazta, artoa, pastelak, ogia, txakolina eta taloa dastatu ahal izango dira, besteak beste. Zeramika eta burdinazko objektuen tailerrak ere ikusi ahalko dituzte bertaratzen diren guztiek.

Gorbeialderen eskutik, erakusketa mikologikoa zabalduko dute 11:30ean. Horrekin batera, herri kirolei emango diete hasiera. Joko tradizionalei ere tartea egingo diete bihar goizean, eta nahi duten guztiek hartu ahal izango du parte horietan.

Euskal dantzen erakustaldia izango da, bestalde, 13:00etan. 15:00etan, herri bazkariari emango diote hasiera. Txartelak aurretiaz erosi behar dira, hamar euroan. 19:00etan, Aikoren erromeria hasiko da.