“Euskararen babesleak izateaz gain, andreek sortu zuten euskara”

Toti Martinez de Lezea (Gasteiz, 1949) Mañarian izango da bihar, 17:00etan, udaletxeko osoko bilkuren aretoan. XV. eta XVI. mendeetako emakumeari buruzko hitzaldia emango du. Garai hari buruz dakiena “bat-batean” botako duela azaldu du, gaia ondo ezagutzen duelako.

Nondik nora bideratuko duzu biharko hitzaldia?

Euskal emakumearen egoerari buruzko ikuspegi orokorra eskainiko dut, hasteko. Ostean,kasu zehatz batzuk aipatuko ditut.

Zein eginkizun zuen emakumeak garai hartan eta zeregin horrek zer-nolako lekua zeukan gizartean?

Hasteko, egun baino askoz populazio gutxiago zegoen. Gizonek gerrara, abenturara edo arrantzara joan behar izaten zuten. Ondorioz, emakumeek denboraldi luzeak bakarrik egiten zituzten. Beraz, era guztietako arazoak konpondu behar zituzten —administratiboak, ekonomikoak, lan arlokoak eta familiari zegozkionak—.

Eta han zeuden haiek. Gogor lanean, nahiz eta guregana iritsi diren kronika edo agirietan horren islarik aurkitu ez. Izan ere, kronika egileak jauntxoen menpe zeuden, haiek ordaintzen zieten eta. Herritar xumeek ez daukate eurei buruzko kronikarik idatzita.

Orduan, zelan da posible historia anonimo horiengana guztiengana heltzea?

Testamentu, auzi, salerosketa eta antzeko agirien bitartez daukagu haien berri. Horietatik abiatuta, argazki antzeko bat atera daiteke.

Erdi Aroa oso garai gogorra zen, are gehiago, emakumearentzat. Euskal Herrian egoera bera zen?

Noski. Emakumea, legeei dagokienez, guztien azpitik zegoen, baita seme-alaben azpitik ere, oinordetzei eta bere kabuz jarduteko aukerei zegokienez. Euskal Herrian, ordea, desberdintasun txiki bat zegoen: foruei esker, andreak oinordetza hartzeko bere neben eskubide berbera zuen. Gurasoek erabakitzen zuten nor izango ziren oinordekoak. Kasu batzuetan, emakumezkoak aukeratzen zituzten, eta haiek kudeatzen zituzten ondasunak.

Bestalde, senarrak dotea negozioren batean inbertitu nahi bazuen eta emazteak egokia ez zela iritzi, ezetz esan zezakeen. Horrez gain, gizonak gerrara edo beste nonbaitera zihoazenean, sarri notario aurrean baimena ematen zieten emazteei interesgarri iruditzen zitzaizkien negozioetarako transakzioak egiteko.

Beste alde batean, alargunak ere badaude. Familia aurrera atera behar zuten senarra hiltzen zitzaien emakumeek. Lan egin behar zuten, eta hala egiten zuten; negozioen jabe ziren. Jose Antonio Aspiazu idazleak ikertu duenez, emakumeek negozioak zituzten. Errementaldegiak, esaterako. Eta gizonek haientzat lan egiten zuten. Emakumea ontzien jabe zen, merkataria, tratularia… Baina horrelakorik ez da azaltzen historian, eta uste dugu emakumea etxeko lanetan besterik ez zela aritzen. Mutrikuko kasu baten dokumentazioa dago: birramama, amama, ama eta alaba, denak alaba bakarrak eta herri erdiaren jabe.

Euskararen eta euskal izaeraren babesle ere izan da emakumea. Zein eginkizun izan du lan horretan?

Euskararen babeslea izateaz gain, hark asmatu zuen euskara. Hark esan zituen lehen hitzak gizakia hitz egiten hasi zenean. Nor izan zen silabak elkartzen hasi zen lehenengo gizakia? Nork hitz egin zuen lehenengoz? Emakumeak. Eta nori egin zion berba? Bularrean zeukan umeari.

Argi daukat emakumea izan dela euskara eta sinesmenak gorde dituena. Jakintza iturrietatik urrundu eta baztertu izan dute andrea, eta, hala ere, hizkuntza, hitza, idazten ez den jakintza guztia, sinesteak, tradizioa irakasten jakin du.

Emakumea izan da euskara ez ezik hizkuntza oro asmatu dituena. Baita transmisioa egin duena ere. Izan ere, gizonak etxean ez baldin bazeuden, nork hitz egiten zuen? Nork transmitituko zituen tradizioa, ohiturak, sinesmenak? Emakumeak. Eta emakumerik ezean, ez litzateke ez euskararik ez euskal izaerarik ez beste ezer egongo.

Zer-nolako aukerak zituzten garai hartan ondoan gizon bat ez zeukaten emakumeek?

Gaur egun dituen berberak: lan egin eta aurrera egitea. Eta aurrera egiten zuten. Horren froga da hemen gaudela.

Mespretxatu egiten zituzten?

Ezkongabeak baldin baziren, bai. Gogorragoa zen haientzat. Gaizki ikusita zeuden. Izan ere, inork maite ez zituen ustea zabaltzen zen. Komentuetan sartzen ziren, esaterako. Bateren batek bere kabuz aurre egiten zion bizimoduari. Baina mari-mutil eta antzekoak entzun behar izaten zituzten.

Zein lan egiten zituen emakumeak etxeko lanak egiteaz eta seme-alabak zaintzeaz gain?

Ez zen ibiltzen baleatan edo bakailaotan; ez da izan kortsarioa edo abenturazalea. Bai, ordea, batelaria, eta garraiatzailea, zirga langilea, portuko zamatzailea, ontzi jabea eta merkataria. Ardien artilea kardatzen zuten, familia osoarentzako arropak josi, meatzeetako eta fabriketako langileak ziren, neskameak, mojak, serorak, ospitaleko erizainak, emaginak, sendalariak, ola andreak, prostitutak, bidelapurrak…

Zer-nolako ekarpenak egin zituen emakumeak politika, gizarte eta kulturaren alorretan?

Politikaren alorrean, ziurrenik, eragina izango zuten euren gizonengan. Alor sozialean, gaur egun daukagun izaera, zalantzarik gabe, aurreko garaietan emakumeek izan zituzten jarduteko moduetatik datorkigu.

Kulturari dagokionez, emakumerik gabe ez litzateke ezer mantenduko: ez hizkuntza bera, ez Euskal Herriko legendak, ez tradizioak, ez ohiturak ez sinesmenak; garai batean paganoak ziren, eta gero kristauak. Ekarpena oso handia izan da. Emakume haiek etorkizunekook izatea gura izan zutena gara gaur egun.

MAÑARIKO EGITARAUA

Bihar, 17:00etan. Toti Martinez de Lezearen hitzaldia, udaletxean.

Bihar, 18:15ean. Bisita gidatua, udaletxetik abiatuta: Landa bizitza Erdi Aroan.