Bizkaiko Foru Aldundiaren Europako Ondareari buruzko jardunaldien baitan, Bilboko Euskal Museoak bisitak eta hitzaldiak antolatu ditu urri osorako. Erakusketak 1500.urteko Bizkaira darama bisitaria. Ordu beteko saioan, burdinolen jarduna, itsasoarekiko harremana eta lihoaren prozesua azaltzen du gidariak. Herrialde historikoak XV. mende bukaeran eta XVI. mende hasieran bizi izan zuen oparotasunaren abaroan sortutako industrializazioa da gai nagusia.
Burdinolaren aretoa da museoak gordeta daukan berrikuntza nagusia. Han dago Abadiñon egon zen Lebarioko burdinola. XIII. mendekoa da, eta urez dabil. Hau da, hidraulikoa da. XVI. mendean izan zuen jardun gehien eta 1920.urtera arte egon zen martxan. Bisitan haren funtzionamendua azaltzen dute, baita zer egiten zuten eta zein lan tresna erabiltzen zituzten ere.
Garai hartan, Bizkaian zegoen burdina oso ona zen. Alabaina, leku guztietan ez zegoen; eta burdinola gehienek, Enkarterritik eramaten zuten burdinarekin lan egiten zuten. Lebarioko hau da horren adibide.
Euskal Herrian burdinola ugari egon ziren XVI. mendean, batez ere, Bizkaian eta Gipuzkoan. 1548.urtean, esaterako, Pedro Medinaren arabera, 300 burdinola zebiltzan beharrean. Izan ere, burdinolen jarduerak berebiziko garrantzia izan zuen Euskal Herriko orduko ekonomian.
Burdinola handietan, minerala metal bihurtzen zuten. Txikietan, berriz,burdinola handietatik hartutako burdina landuz tresnak eta lanabesak egiten zituzten. Hau da, burdinola txikietan, burdina tenkatu, findu edota laminatu egiten zuten hainbat tresna egiteko.
Denetariko materialak ekoizten zituzten garai hartako faktoria haietan. Esaterako, Espainiako armadarentzako kanoiak eta balak bertan egiten zituzten. Baina, baita egunerokotasunean erabiltzen diren gauzak ere: eraikuntzarako elementuak, laborantzarako zein sukalderako tresnak… Gainera, beraien lan tresnak ere egiten zituzten.
Arma zurien ekoizpenak lortu zuen osperik handiena. Bizkaiko eta Gipuzkoako lantegietatik eramaten zuten materiala Nafarroako eta Gaztelako errege-armadetara. Halaber, Britainia aldera asko esportatzen zuten. Horren adibide da, XVI. mendean Britainia Handian ezpata mota bat Bilbo izenarekin ezagutzen zutela, Bilbon eginak zirelako. Hortaz, hemen ekoitzitakoa ez zen soilik hemen erabiltzen.
Gainera, badago oso esanguratsua den beste datu bat: Burdinolek legedi propioa zuten. Burdinolen Foruak deitzen zitzaien eta esparru juridiko propioa zehazten zuten. Legedi honen bidez arautzen zen burdinolen funtzionamendua.
Bizitzako esparru gehiago
Euskal Herriko tradizioaren parte den hileta erritua egiteko erabiltzen ziren oihalen kopiak daude. Originalak gordeta dituzte ondo mantentzeko. Bisitaldian, heriotzaren inguruko erritua zelan egiten zuten azaltzen dute.
Hil zapietan biltzen zuten gorpua eta etxetik elizara eramaten zuten. Eliza barruan oihala kentzen zuten eta argizaiola ipintzen zuten gorpu ondoan. Argiaren sinbolo ziren. Izan ere, garai hartan beste mundurako bidea iluna zela sinesten zuten, eta bidea argitzeko beharrezkoak ziren argizaiolak. Emakumeek zuten errituaren ardura.
Hamaika kontu gehiago ere badaude bisitariaren gozamenerako. Besteak beste, Euskal Herriko historiari errepasoa egiten diote, XIX. eta XX. mendeko zeramikak ikusteko aukera dago, eta artzaintzak Euskal Herrian izan duen garrantzia azaltzen dute. XVI. mendeko Bilboren eta XX. mendeko Bizkaiaren maketa ere badaude. Jardunaldiak bukatutakoan ere bisitatu ahalko da erakusketa.
BISITA GIDATUA
Non. Euskal Museoan.
• Noiz. Bihar, 11:30ean.
• Izena emateko.94-4 15 54 23.