Burujabetzaren alde, duela 200 urte

Bizkaia eta Euskal Herria, 1810an, Parisetik gobernatzen ziren. Frantziar inperioaren zati zen, Thouvenot zen Bizkaiko gobernadorea eta Donostia hiriburua. Gobernamendu berria, liberalismoan oinarriturik baina armada bonapartistaren babespean. 1812ko irailean Gabriel Mendizabal buruzagi militarrak han-hemen zenbiltzaten gerrillariak koordinatu ondoren, zazpigarren armada deiturikoa eratu zuen, eta Wellingtonen armada britainiarra lagungarri zuela ere Bilbotik frantsesak jaurti egin zituen eta Bizkaiko Batzar Nagusien bilkurara deitu zuen. Bilboko San Nikolas elizan bildu ziren Bizkaiko herrien ehun ordezkari, Durangaldeakoak ezik, bertan frantsesen ildokoak zirelako agintari. Bilbon agintaritza berria indarrean jartzea zen helburua, Cadizen onartu zen konstituzio politiko berria irakurri eta onartu ondoren. Berez, Bizkaiko Batzar Nagusien deialdia ez zen araudiari loturik egin, gerra giroa bizirik baitzegoen. Hori bai, herri xehea frantsesentzat kontribuzioak ordaintzeaz asperturik zegoen.

Cadizen 1812an onartu zen konstituzio berria irakurri ondoren, 1812ko urriaren 18an bi proposamen eztabaidatu ziren: Ildefonso Sanchok, Bilboko abokatu liberalak, konstituzio berria besterik barik zin egin behar zela eskatu zuen. “El Señorío de Vizcaya congregado habiendo oido la lectura de la Constitución politica de la Monarquia Española recibe gustosa y espontaneamente sin reserva ni restricción ninguna y quiere que se cumplimente“. Konstituzio berrian, ohizko foruetan baino hobeto babesten ziren pertsonen eskubideak, eta beraz konstituzio berriak ohizkoaren perfekzio bidea egiaztatzen zuen. Bigarren proposamenak zioen Konstituzioa onartu egiten zela, bai, baina aldi berean Bizkaiko konstituzioa ere bai. Hori legezkoa zenentz Espainiako Batzar nagusiari galdetzea proposatzen zuten, zalantzetan zeudelako. 1808an Bizkaiko ordezkaria Baionako bilkurara joan zen. J. J. Yandiolak Bizkaiko konstituzioak indarrean jarraitu behar zuela eskatu zuen Napoleon enperadorearen aurrean. Beraz, Bizkaiko konstituzioaren alde egitea euskal liberal batzuentzat ere bidezkoa zen.

Azkenik, 1812an bozketa egin zen, eta Batzar Nagusietan onartu zen testuak eskatzen zuen Bizkaiko eta Espainiako konstituzioen arteko uztartzea arautu behar zela. Bi konstituzioak bideragarriak zirela. Berez. Konstituzio berria onartu egiten zen. Baina harik eta konstituzio bien arteko azterketa eta uztartzea lortu arte, ohizkoak, Bizkaikoak, jarraitzen zuen indarrean. Gutxiengoan gelditu zirenak Cadizera abiatu ziren Batzar Nagusien erabakia salatzeko, konstituzio berria ez zelako indarrean jarriko.

Beraz, Bizkaitik Cadizerantz batzorde bi joan ziren: Gutxiengoarena egoera salatzeko eta gehiengoarena, Espainiako eta Bizkaiko konstituzioen artean, egokitzapena eta uztartzea lortzeko asmoz. Gehiengoaren batzordean, M. Antuñano Bizkaiko Junta-Diputazioaren kidea, hau da, Frantsesen aurkako gerran erakunde politikoaren buruzagia eta Santiago Unceta, 1808an legezko azken Batzar Nagusietan Diputatu nagusia aukeratua izan zena joan ziren.

Mariano Renovales Comandante general para las Provincias Vascongadas zenak txostena idatzi zuen. Batzar Nagusiak deitzea eta bertan hartutako erabakia Kadizeko Konstituzioaren arabera legez kanpo zegoela salatu zuen: “Lejos de eso continuaban haciendo Decretos que mas parecían de una república independiente que de una Provincia de la Monarquía Española. Allí se señalaban sueldos a los Diputados[…] allíse davan los empleos de todo género. Allí se señalaba la paga de la oficialidad y de los soldados…“. Laburbilduz, Bizkaiko agintaritza Bizkaiko foru konstituzioaren arabera eratu zen, zergak arautuz eta abar.

Baina Cadizen zegoen Espainiako agintaritza nagusiak ez zuen onartu Bizkaiko Batzar Nagusietan erabakitakoa. Areago oraindik, F. Xavier Castaños militar buruzagia Bizkaira bidaltzea agindu zuten Konstituzioa bere horretan zin egin zezaten, ezelango salbuespenik gabe: “reprimir dichos desórdenes” […] “hiciese inmediatamente publicar y jurar la Constitución sin dilación, restricción ni modificación alguna, sino lisa y llanamente“.

1813an, jadanik, Diputazio probintziala Konstituzioaren arabera indarrean ezarri zuten, konstituzio berria herriz herri zin egitera behartuz.1813ko irailean, aduanak ere kostaldera aldatzea erabaki zuten. Esperientzia berria abiatu zen.

P. J. Astarloa eta Bixenta Mogel garaikideak, Bilbon, frantsesen aurkako gerra eta aldi berean euskaldunen artekoa zergatik gertatu ziren argitzen saiatu ziren, eta hara erantzuna: “Gordetzearren zintzoro / jaunaren fedea / geure lege garbiak / geure euskerea”. Pentsamolde horrek jarraipena izan zuen, eta gai honetaz sakontzeko, ikus: Euskal Herritarren burujabetza. 1793-1919. (Irun, Alberdania, 2012).