Igorreko herritarrek gai publikoen alorrean parte hartze zuzenagoa izan dezaten lortzeko prozesua abian jarri dute azken asteetan. Hain zuzen, sei foro egin dituzte udalarekin batera iazko udazkenean hasi eta joan den ekainera bitartean. Elhuyar Aholkularitzaren laguntzarekin egin duten prozesuaren helburua udalerriko gai publikoetan herritarrek parte hartze zuzenagoa izateko oinarriak eta egiturak lantzea izan da.
Herritarrek udalerri mailako politikan zertan, noiz eta nola eragingo duten zehaztu dute. Horretarako, orain arteko esperientzia aztertu dute, eta egungo errealitatearen diagnosi globala egin. Ostean, aurrera begirako parte hartzeko sistema diseinatu dute.
Foro horietan, guztira, 87 herritarrek hartu dute parte: politikariak, teknikariak eta antolatutako zein antolatu gabeko herritarrak. Adin, sexu eta jatorriari dagokionez ere, denetarikoak izan direla jakinarazi dute Elhuyar Aholkularitza taldetik.
Parte hartzerako gune berria
Guztien artean aurrera begira ezarri beharreko lehentasunak eta egitura zehaztu dituzte. Besteak beste, osoko bilkuretako erabaki formaletatik haratago herritarrek parte hartzeko, eztabaidatzeko, zalantzak argitzeko eta ekarpenak egiteko gune berri baten beharra sumatu dute. Hutsune hori zerk beteko duen ere erabaki dutela iragarri dute. Hain zuzen, Igorreztarron Batzarra sortuko dutela azaldu dute, herritarrek parte hartzeko gune berri bat, hain zuzen ere.
Erabaki horiez gain, batzuen eta besteen arteko harremanak sakontzeko modu bat ere izan dira foro horiek. Elhuyar Aholkularitza taldetik azaldu dutenez, “udaleko ordezkari politiko, udal langile, herriko elkarteetako ordezkari eta herritar soilen artean zubi berriak sortzeko eta herriko eragileek elkarrekin lan eginez eraikuntza kolektiborako ezinbestekoa den elkar ezagutza eta konfiantza areagotzeko” bide bat izan dira. “Igorreztarren sarea ehuntzeari garrantzia eman zaio, baita aurrera begira herria hobetzeko lanean jarraitzeko ilusio eta energia kolektiboa pilatzeari ere”, gaineratu dute.
Prozesuaren aurkezpena joan den astean egin zuten, kultur etxeko Lasarte aretoan. Bertaratu zirenek, prozesuaren nondik norakoak parte hartzaileen ahotik entzuteko aukera izan zuten, bertatik bertara. Egindako guztia azaltzeaz gain, zer-nolako balorazioa egiten duten ere azaldu zuten. Oholtza bera ere parte hartze prozesuaren irudi bihurtu zen. Izan ere, hasieran bertako aulkiak hutsik zeuden, eta, igorreztarrek gora igo eta hitz egin ahala, oholtza betez joan zen.