Galdu ez diren baladak

Erdi Aroko baladarik ezagunenetakoa Robin Hoodena da, Ingalaterran XV. mendean sortua. Orduan agertu zen lehen bertsioa. Gerora, beste hainbat agertu dira, mende batean eta bestean. Eta idatziz ere gorde dira, XX. mendean film bihurtu zen arte. Pruden Madariagaren esanetan, “ingelesak euskaldunok baino gehiago dira, eta guk baino gehiago gorde dute”. Hala, euskaraz sortutako balada oso gutxi iritsi dira XXI. mendera.

Madariaga Euskaltzaindiaren Azkue bibliotekako arduraduna da, eta gidari beharrak betetzen ditu Ondarearen Europako Jardunaldien aitzakian akademiaren egoitzara egin daitezkeen bisitetan. “Baladak kanta narratiboak dira, eta, bereziki, batailak eta jauntxoen arteko borrokak kontatzen dituzte”, azaldu du. Ahoz zabaltzen direnez, eta denboran irauten dutenez, azkenean bertsio batetik bestera aldea egon ohi dela dio, istorioak aldatuz.

XV. mendeko euskarazko baladen lehen aipamen idatziak Lope Garcia de Salazar noble bizkaitarrarenak direla dio Madariagak. Semeak atxilotu eta Portugaleteko dorretxean izan zuen preso. Han zegoela Garcia de Salazarrek bere biografia idatzi zuen, besteak beste. Haren lanak eskuizkribuak ziren. Garai hartako jauntxoen jazoeren berri ematen zuen bere idatzietan, eta tarteka balada zatiak agertzen ziren. Idazkia bera gazteleraz egon arren, baladetan, noski, jatorrizko hizkuntza erabiltzen zuen: euskara. “Aipamen horiek apaingarriak edo anekdotak dira, Garcia de Salazarrentzat ez zuten batere garrantzirik. Hari borroken kontakizunak baino ez zion axola”, azaldu du Madariagak.

Hurrengo mendean, XVI. mendean Esteban Garaibai Zamalloa historialari arrasatearrak hartu zion lekukoa. Bien artean lehen desberdintasuna honakoa hau dela dio Madariagak: “Eskuizkribuak barik, Garibaik liburuak argitaratzen ditu”. Eta bigarrena: “Balada zatiak luzeagoak dira”. Hala ere, biek ala biek interes gutxi dute kantu horiekiko; aipu bezala jasotzen dituzte. Garcia de Salazarrek jauntxoen borrokekiko miresmena zuen legez, Garibaik genealogia baino ez zuen buruan. Espainiako errege Felipe II.aren kronikagile ofiziala izatera iritsi zen, gainera. “Erregeak haren zuhaitz genealogikoa egiteko agindu zion. Behar horren bidez, Frantziako errege izateko eskubidea berea zela frogatu behar zuen Garibaik”, gogoratu du Madariagak.

Bi horiek dira, batez ere, euren sasoian ahoz kantatzen zirenak idatziz jaso zituzten bakarrenetakoak. Baina beste balada batzuk ahoz iritsi dira XIX. edo XX. mendeetara arte. Hala, Antonio Zabalak Euskal erromantzeak bilduma osatu zuen pasa den mendean, eta Adolfo Arejitak Mendebaldeko euskal baladak. Idatziz dagoen kanturik luzeena, berriz, Luis de Lezama Legizamonen Cronica de Ibarguen da. Lan horiek guztiak, beste hainbaten artean Euskaltzaindiaren ekitaldi aretoan daude ikusgai, horretarako bereziki antolatu duten erakusketan. Madariagaren esanetan, baina, euskarazko baladarik ezagunena Bereterretcheren khantoria izango da, eta Bizkaian Jaun zuriano. Aurrenekoa XIV. mendeko kantua da, eta Zuberoan bildu zen XX. mendean; Mikel Laboak egin zuen ezagun. Jaun Zuriano, berriz, XVI. mendekoa da eta Ruper Ordorikak musikatu zuen.

Hizkuntza arautzen

Plaza Barriko eraikin nagusian dauka egoitza Euskaltzaindiak, 1900. urtean Kale Nagusian jauregi berria inauguratu zuten arte Bizkaiko Foru Aldundia egon zen lekuan bertan. Bigarren solairuan daukate osoko bilkura egiteko aretoa. “Gela hau da Euskaltzaindia”, dio Madariagak. Haren esanetan, Euskaltzaindia akademia den heinean, akademikoak elkartzen diren lekua da, eta aipatutako areto horretan batzen dira hilean behin. Bisitak bide batez egoitza erakusteko eta erakundearen historiari begiratu bat egiteko aprobetxatzen dituzte.

Aretoan euskaltzainburu izan diren guztien koadroak daude, hormetan eskegita: Resurreccion Maria Azkue (1919tik 1951ra karguan), Inazio Maria Etxaide (1952-1962), Jose Maria Lojendio (1963-1966), Manuel Lekuona (1967-1970), Luis Villasante (1970-1988), Jean Haritxelhar (1989-2004) eta Andres Urrutia (2005tik gaur egunera arte).

Bilera gela horretan 29 euskaltzain osoak elkartzen dira, eta lexiko eta gramatika alorreko erabakiak hartzen dituzte. Horrez gain, beste 150 euskaltzain urgazle inguru daudela azaldu du Madariagak, hainbat batzorde eta sailetan beharrean. Azken batean, nolabait esateko, talde horietan landutako eta ikertutako gaien inguruko erabakiak onartu edo atzera botatzea da euskaltzain osoen zeregina.

Madariagaren ustez, Euskaltzaindia inoiz desagertu ez bada, Azkueri esker izan da: “Frankistek ez zuten akademia itxi, Azkuek lagun garrantzitsuak zituelako bai abertzaleen aldean, baina baita espainiarren artean ere. Gainera, oso kontserbadorea zen, akademiko guztiak diren bezala, eta ez zuten arriskurik ikusten harengan”. 1956an, adibidez, Euskera aldizkaria kalerako baimena ere lortu zuten.

EGITARAUA

Urriaren 17ra arte, 09:00etatik 14:00etara. XV. eta XVI. mendeetako dokumentuen erakusketa.

Urriaren 23an. 11:00etan, hitzaldia: Euskararen corpusa eguneratzeko lana. 12:00etan, hitzaldia: Euskarazko pertsona izenen oroimena berreskuratzen. 13:00ean, hitzaldia: Azkue biblioteka.

Urriaren 30ean. 11:00etan, bisita gidatua. 12:00etan. aurkezpena: Euskararen ahozko ondarea jasotzeko eta zabaltzeko egitasmoak.