Munduko herritar guztiak elkar ulertzeko asmoz sortu zuen esperanto hizkuntza Lazaro Zamenhof poloniarrak, 1887an. Bilbon esperantisten talde bat dago, 1906an sortua. Barrenkale Barrena kalean dute egoitza. Jesus Garcia Iturrioz (Portugalete, 1955) da taldeko idazkaria. Datorren ostiralean abiatuko dute hizkuntza hori ikasteko ikasturte berria.
Zenbat ikaslek eman dute izena?
Izena emateko epea zabalik dago. Normalean, baina, hamar ikasle inguru izaten ditugu.
Zenbateko arrakasta dauka hizkuntza horrek?
Handirik ez. Arazoa informazio falta izan daiteke. Esperantoa atzerrian bidaiatzeko orduan ate asko zabaltzen dizkizun hizkuntza bat da. Edonora joan eta esperantoz dakiten pertsonek besoak zabalik hartzen zaituzte; berdin dio Txinan, Japonian edo Argentinan izan.
Eta nola aurkitzen dituzue pertsona horiek? Izan ere, munduan esperantoz ez du jende askok jakingo…
Munduan milioi erdi eta milioi bat pertsona inguruk hitz egiten dutela kalkulatzen da. Ez da horren kopuru txikia, beraz.
Jende hori aurkitzeko zenbait direktorio dauzkagu. Esperantista guztiak batzen dituen mundu mailako elkarte bat dago. Hiri garrantzitsu bakoitzean, gainera, ordezkari bat dago hiri horretako jarduerak koordinatzeko. Beraz, bidaiatu nahi duena pertsona horri zuzentzen zaio. Horrez gain, hala eskatzen dutenei ostatua doan ematen dieten pertsona batzuen izendegi modukoa ere badaukagu.
Lehenago 50 ikasle inguru izaten zenituzten, eta, orain, hamar inguru dira. Zer gertatu da?
Bizitzako beste alor guztietan gertatu den gauza bera gertatu da gurean ere. Gaur egun edozein elkartetan krisia dago. Gero eta gizarte indibidualistagoa daukagu.
Bestalde, Internetek berak ere jendea etxean bakarrik geratzea eragiten du eta duela 30 urte herritarrok talde bateko kide izateko genuen grina moteldu egin du.
Teknologia berriak kaltegarriak dira, beraz, zuenaren pareko elkarteentzat?
Kaltegarriak edo onuragarriak izan daitezke. Oro har, jendeak ez dauka elkarteetako kide izateko nahi hori.
Gure kasuan, dena den, Internet lagungarria izan zaigu. Izan ere, munduko edozein lekurekin komunikazio azkarra eta arina izatea ahalbidetzen digu. Esperantistek erdi txantxetan erdi seriotan esaten dute Internet asmatu gabe balego esperantista batek asmatuko lukeela.
Ba al dago esperanto eskoletara doazen pertsonen soslai zehatzik?
Ez. Normalean hastapen ikastaroetara datozenak gazteak izaten dira, baina denetarikoak. Atzerritarrekin harremanak izateko interesa duen jendea baino ez da. Ez dute beste berezitasunik.
Hizkuntza hori nazioarteko hizkuntza osagarri bihurtzeko helburuarekin jaio zen. Helburu hori, baina, atzean geratu da, ezta?
Esperantoaren barruan bi joera daude. Bata, hizkuntza zabaltzen saiatzen da. Hedapena bilatzen du etorkizunean ama hizkuntzaz gain herritar guztiek ezagut dezaten. Bestea, azken aldian sortu da gazteen artean. Horren arabera, esperantoa ez da zertan hedatu behar. Horren aldekoek esperantoa euren kabuz ikasten dute eta kultura berezi batean bizi dira. Gozatu egiten dute hizkuntzak ematen dien guztia, zabalkundeaz horrenbeste arduratu gabe.
Eta zer ematen du hizkuntza horrek?
Batez ere, harreman gizatiarrak. Beste herrialde batzuekin komunikatzeko aukera ematen dizu nahiko modu errazean. Aukera berriak zabaltzen dizkizu. Esaterako, Bilbon jaiotako pertsona batek orain gutxi arte ez zuen pentsatuko Tokion lagun bat izan zezakeenik. Bertarako bidaia ordainduta, ostatua ia erabat doan izango du eta pertsona bat izango du herrialdean barrena gidatuko duena. Eta ez du ingelesezko berba bat ere jakin beharko.
Esperantoa beste hizkuntzak baino artifizialagoa dela deritzozu?
Hizkuntza guztiak dira artifizialak. Ez dago hizkuntza naturalik, ortuan letxuga baten antzera jaio denik.
Bai, baina hizkuntzak herri eta kultura batetik sortu ohi dira. Esperantoa gizon batek asmatu zuen munduko herritar guztiek elkar ulertzko modua egiteko.
Askok izaera artifiziala egosten diote gutxiespen zentzuan. Ez dauka beste hizkuntzekiko desberdintasunik. Esperantoaren bitartez edozein gauza adieraz dezakezu: adiera zientifikoak, sentimenduak… inolako arazorik gabe.
Esperantoak, gainera, hizkuntza naturalek dituzten irregulartasunak baztertzea lortu du. Zenbait arau aldaezin ditu. Esaterako, gaztelera ikasten ari den atzerritar bat zoratu egiten da aditzekin. Esperantoan erregularrak dira aditzak eta nahikoa erraz ikasten da. Ikastaroak orain hasi eta Aste Santuan bukatuko dituzten ikasleek nahikoa ondo moldatu ahal izango dute.
Eta hitz berriak sortu ahala, nork ezartzen du zein izen hartuko duten esperanto hizkuntzan?
Badago akademia bat. Hala ere, hizkuntza hiztunek sortzen dute. Berba berri bat sortzen denean norbaitek neologismo bat botatzen du eta jendeak jaso egiten du. Ez da arazorik sortzen, dena den. Izan ere, teknologia alorreko hitz gehienak ingelesetik datoz. Ama hizkuntza horixe dutenek hartzen dute berba berria eta esperanto hizkuntzan izan beharko lukeen forma ematen diote, beste herrialde bateko edonork ahoskatu ahal izan dezan. Esaterako, software berbari softvaro izena eman zioten.
Zer ekarpen egiten du esperantoak?
Europako ia hizkuntza guztien oinarrian dauden sustraiak jasota sortutako berbak edonori ezagun egitea ahalbidetzen du, kasurako. Hilabete izenak ia berdin esaten dira ingelesez, espainolez zein errusiarrez. Sustrai horiek jaso eta esperanto hizkuntzan aldaezinak diren bukaeretako bat eman zien sortzaileak. Beraz, sortutako berba ezaguna egingo zaio esperantoa ezagutzen ez duen orori.
Zein etorkizun iragartzen diozu esperantoari?
Zaila da. Esperantoaren itxaropen nagusia Europako Batasunean dago. Duela urte gutxi pentsaezinak ziren gauzak lortu dira; esaterako, txanpon komuna. Batek daki etorkizunean norbaitek ez ote duen planteatuko ama hizkuntzak baztertuko ez dituen hizkuntza komuna izatea. Bruselan badaukagu lobbie txiki bat eta lanean ari dira. Hiruzpalau parlamentari esperantista ere badaude eta noizean behin mozioak aurkezten dituzte Parlamentuan. Inoiz gauzatuko ez diren utopietako bat dela eman dezake esperantoa denok ezagutzea, baina batek daki noizbait gauzatuko den.