Mugimendua barrutik indartzeko erronka

Mugimendua barrutik indartzeko erronka

Natalia Salazar Orbe

Salda badago lelopean egin zituzten Euskal Herriko V. Jardunaldi Feministak, azaroaren 1etik 3ra bitartean. Durangoko Landako Gunean 3.000 emakume baino gehiago elkartu zituen topaketak. Adin, arraza eta jatorri askotako emakumeak aurrera begirako erronkak zehazteko elkarlanean aritu ziren. Mugimendu feministaren barne egitura indartzea ezarri zuten helburu nagusi gisa. Azaldu zutenez, horrek gaitasun handiagoa emango die inguruan eragiteko eta esku artean dituzten helburuak garatzeko.

Bost ardatz nagusi izan zituzten aztergai: bizitzak erdigunean jartzea, dekolonialitatea, gorputza eta sexualitatea, indarkeriarik gabeko bizitzak, eta mugimendu feministari berari buruzko eztabaida.

Bi urtez aritu dira jardunaldiak prestatzen. Emaitza “izugarria” izan zela aitortu zuten antolatzaileek. Hazten eta elikatzen aritu da mugimendu feminista urteetan, herriz herri. Herrietako taldeen artean zein Euskal Herrian egin diren baterajotzeek mugimendua sendotzen lagundu dutela uste dute. Durangoko jardunaldien ostean, bide horretan segitzeko asmoa azaldu zuten. Horrez gain, aurrera begirako erronka nagusi bat ere ezarri zuten: “Amorrua antolatu eta konplizitateak jostea”.

Izan ere, mugimendu feministak ondorioztatu zuen emakumeek beren larruan bizi dutela “sistema zapaltzailea”. Eta xehetasunak ere eman zituzten: “Kapitalismo basatia berregituratzen ari da, dominazio heteropatriarkala etengabe indartzen eta migrazioaren aurkako politika zurruntzen, eta indarkeria matxistak ez du etenik”. Gainera, Euskal Herriko instituzioei egotzi zieten ez dutela planteatzen eredu “antidemokratiko eta antisozialaren” hausturarik. “Inboluzio” egoera hori ikusita, “haustura eta eraldaketa” aldarrikatu zituzten. Antolatzeko deia ere egin zuten.

Hitzaldi, mahai inguru, ikuskizun eta eztabaiden bidez, edukiz bete zituzten Euskal Herriko mugimendu feministaren erresistentziak eta borrokak. Esperientziak partekatuta eta denetariko errealitateak ezagututa, datozen urteetarako apustuak eta erronkak finkatu zituzten.

Bizitzak erdigunean

Martxoaren 8ko greba feministan aldarrikatu zen itun soziala ere gogoan izan zuten Durangoko jardunaldietan. Bizitzaren ardura kolektibizatu eta zaintza lanak berrantolatzeko beharra azpimarratu zuten. Bide horretan, dei egin zuten pentsio duinen, lurraren defentsaren eta etxeko langileen eskubideen alde antolatzeko. Gogoan izan zituzten beste auzi batzuk ere. Besteak beste, erabaki zuten norbanako bakoitzaren “pribilegioei” eta “zapalkuntzei” erreparatu behar zaiela. Horren harira, okupatutako herrialdeetako borroka feministak ikusgarri egin beharra azpimarratu zuten.

Hori guztia Martxoaren 8ko grebaren arrakastaren ostean iritsi zen. Beste behin, mugimendu feministak kaleak bete zituen. Milaka lagunek egin zuten bat Bilboko manifestazioarekin eta deialdiekin. Horiez gain, herriz herri antolatutako mobilizazioetan ere indar erakustaldia nabarmena izan zen. Bost ardatz izan zituen deialdiak: pentsiodunak, ikasleak, kontsumoa, zaintza eta soldatapeko lana. Bizitzaren esparru guztietan emakumeek duten zapalkuntza salatu zuten, goizetik gauera arte.