Bizitokia begiraleku bihurtuta

Bizitokia begiraleku bihurtuta

Natalia Salazar Orbe

Bizkaira datozen bisitarien kopurua areagotu eta horien egonaldiak luzatzeko plana aurkeztu zuten urte hasieran Bizkaiko Foru Aldundiak eta Bilboko Udalak. Kopuru zehatzak finkatu zituen Imanol Pradalesek, orduan Bizkaiko Garapen Ekonomikorako foru diputatu zenak: datozen zazpi urteetan bisitari kopurua urtero %5 handitu dadila nahi dute; urtetik urtera 85.000 turista gehiago erakartzea, hain zuzen.

Proposamen zehatzak aletu zituzten. Besteak beste, turismo ikono handien garrantzia nabarmendu, eta inguru horiek edertu eta egokitzeko asmoa iragarri zuten, aparkatzeko eremuak hobetuta eta zerbitzuak osatuta.

Ikono handi horien artean kokatu zuten Gaztelugatxeko Doniene. Azken urteetan, izugarri handitu da biotopoa ikusi nahi duten bisitarien kopurua. Gehienak Game of Thrones telesailaren agertokiak erakarrita iristen dira Gaztelugatxera. Udan 6.000 bisitari baino gehiago elkartu ziren bertan, egun bakarrean.

Turismoaren gorakada horri erantzuteko, azpiegitura berriak beharrezkotzat jo ditu aldundiak, eta 51 autorentzako aparkaleku bat egiteko proiektua du esku artean. Bakiotik Gaztelugatxera doan BI-3101 errepidea eta Eneperi jatetxerako bidea elkartzen diren eremuan kokatu nahi dute aparkaleku hori.

Proiektuaren berri izan bezain laster, SOS Gaztelugatxe plataforma sortu zuten Bakion. Proiektuak ingurumenean eragin handia izango lukeela azpimarratu zuten. Libe Arenaza plataformako kideak eman zituen azalpenak: “Hormigoizko horma itzelak jarriko dituzte: bat, 105 metro luze eta 3,35 metro garai dena; beste bat, 34 metro luze eta 6,5 metro garai dena; eta hirugarren horma bat, 15 metroko garaierakoa”. Aparkalekua jarri nahi duten lekua hiru babes eremuk mugatuta dago, gainera: “Gaztelugatxeko Donieneko biotopo babestua, Gaztelugatxeko Donieneko kontserbazio bereziko eremua eta Urdaibaiko itsasadarreko hegaztientzako babes bereziko eremua”. Horrez gain, salatu dute aldundiaren asmoak auto pribatuaren erabilera sustatuko duela.

Proiektuaren aurkako erantzuna indarra hartuz joan da, eta Change.org plataforman haren aurkako 21.000 sinadura baino gehiago jaso dituzte. Bermeon ere lanean ari da talde bat. Elkarlanean, proiektuaren aurkako ia mila alegazio aurkeztu dituzte.

Azkenaldian nagusi den turismo motaren areagotzeak kezkatzen ditu taldeok: “Jendeak, etorri, eta herrian geratu behar du; orain, argazkia atera, eta badoaz”. Lekua bere testuinguru historiko, kultural eta naturalean ezagutarazi behar dela uste dute. Eta zalantzarik ez dute: mugatu egin behar da bisitarien kopurua.

Plentziako portua, gainezka

Bizkaiko kostaldeko itsasadarrak ere bisitarientzako erakargarri bihurtu dira. Nabarmen egin du gora kirol ontziak dituztenen kopuruak. Plentzian ontziz gainezka daude portua eta itsasadarra. Arazoari irtenbidea emateko berrantolaketa plan bat proposatu du Eusko Jaurlaritzak, baina hainbat taldek eta eragilek ez dute ikusi begi onez, eta mobilizazioetan ari dira, proiektua geldiarazi eta denen oniritzia izango duen berri bat bilatu arte.

Gaur egun, 165 amarraleku daude portuan. Jaurlaritzaren planak 208raino handitu nahi du kopuru hori. Portukoek baino buruhauste gehiago sortzen dituzte, baina, barrurago ainguratutako ontziek. Itsasadarrean ordenarik gabe ainguratuta daude ehunka ontzi, eta horiek ordenatzeko pantalanak aurreikusi dituzte: portua baino barrurago hasita, udaletxe pareraino, ezker ibarrean; eta, Ontziolaren plazatik Geltokiko zubira arte, eskumako ibarrean. Denera, 182 amarraleku izango dira. Bi milioi euroko aurrekontua aurreikusi dute lanotarako.

Proiektuak kezkak sortu ditu herrian. Pribatizazioaren mamua salatu dute batzuek, aurrerantzean itsasadarrean ainguratuta dauden ontzien jabeek ordaindu egin beharko dutelako pantalanak erabiltzeagatik. Iritzi hori agertu zuen Unai Ganzedok. Itsasoko Zientzietako doktore eta ikertzailea da bera. Gainera, uste du proiektuak ez dituela kontuan hartzen klima aldaketaren ondorioak.

Plentziako ontzi jabeetako asko Proa elkarteko kide dira. Javi Onzain presidenteak ezinbestekotzat jo zuen portua berrantolatzea, eta Jaurlaritzaren proposamena abiapuntu ona dela adierazi zuen.

Eusko Legebiltzarrera ere heldu da auzia. EH Bildu, Elkarrekin Podemos eta PPren botoekin, Eusko Jaurlaritzari proiektua geldiarazteko eskatzea onartu zuen legebiltzarrak. Itsasadarra eta haren ingurua babesteko eta adostasuna lortzeko prozesu parte hartzaile bat eskatu dute. Beste horrenbeste egin du SOS Itsasadarra plataformak, antolatu dituen mobilizazioetan.