“Zentroetan bai, baina bakartuta ez dute egon behar”

Ander Retolaza psikiatrak (Bilbo, 1952) 30 urteko ibilbidea egin du Osakidetzan. Droga motaren baten menpe daudenen ezaugarriak aldatu egin direla deritzo, eta tratamendu motak ere aldatu egin behar direla.

Zein da tratamendurik egokiena menpekotasuna duten pertsonentzat?

Menpekotasunak dituzten pertsonen soslai bat baino gehiago dago. Lehen, heroina zen arazo nagusia; gaur egun, ordea, dibertsifikatu egin behar dugu. Tratamendu egoki bat baino gehiago dago. Gaur egun, batez ere, estimulatzaileak, kokaina eta abar hartzen dituen kontsumitzaile bat daukagu. Adin ertainekoak izan ohi dira; sarri, familia izaten dute, eta, batez ere, substantzia mota bat baino gehiago kontsumitzen dituzte.

Arazo hori ikusirik, joera naturala zerbitzuak komunitatean lantzea da. Hala ere, iraganean zegoenarekin alderatuta, beste modu batean dimentsionatu behar dira.

Ezinezkoa da, beraz, tratamendu egoki jakin batez berba egitea.

Bai. Kontsumitzaileen soslaiak erabat desberdinak dira. Beraz, profilaren dibertsifikazioa bilatu behar dugu eurekin lan egiteko.

Komunitate terapeutikoak baino zerbait gehiago behar dugu. Esaterako, eguneko ospitaleak, osasun soslai indartsuago batekin. Leku horietan, psikologoek eta psikiatrek presentzia handiagoa daukate. Izan ere, pazienteek patologia duala daukate. Hain zuzen, droga arazoa izateaz gain, arazo psikiatriko larri bat ere izaten dute: nortasun desorekak, depresio larriak… Beraz, bi gauza horiek ezin ditugu bi mundu desberdin gisa landu. Ahalik eta ondoena integratzea da gure helburua. Lehengo arreta eredu batetik azaltzen ari naizen beste honetarako bidea egiten ari gara.

Zein leku izan behar dute familiek terapia horietan?

Garrantzitsua. Buruko osasunarekin lotutako alor guztietan oso garrantzitsua da familiekin egiten den lana. Eta hori ezin daiteke galdu, inolaz ere. Familiak artatu egin behar dira; haiekin egiten diren terapiek presentzia garrantzitsua izan behar dute.

Droga kontsumoa arazoren baten sintoma izaten da beti?

Ez, beti ez. Batzuetan, buruko gaixotasun baten sintoma gisa ager daiteke. Familia gatazka batek ere eragin dezake, eskolako edo gizarteko egoera zail batek… Sarri, ordea, inguruaren presioa besterik ez da; bereziki, nerabeen artean.

Hori dela eta, prebentzioa lantzen dugu oso goiz, kontsumoak saihesteko. Gazteekin lan egiten dugu. Horrek familiekiko harremana handiagoa izatea ere eragiten du, ahal den neurrian, behintzat. Konponbide horiek balio ez duten pazienteentzat komunitate terapeutikoen aukera geratzen da, egoitzena… Prozesuaren zati batean egitura itxiagoa duten egoitza horietan egon daitezke. Ziurrenik, dena den, horien beharrizana lehen baino txikiagoa da.

Argi utzi nahi dut Manu-Eneren kasuarekin ez dugula inor bakarrik utziko. Beste komunitate terapeutiko batzuetara jotzeko aukera egongo da. Bizkaian badaude gehiago. Eta Manu-Eneren funtzionamendua ere ez dugu bat-batean aldatuko. Bakoitzaren egoera pertsonala kontuan hartuko dugu; kontu handiz jardungo dugu.

Senideek, baina, ez dakite noiz arte funtzionatuko duen gaur egun dagoen bezala.

Zalantza asko eta beldur handia dute, eta logikoa da. Prozesu berrira egokituz joateko, apurka funtzionamendua aldatuko dugu datozen hilabeteetan. Manu-Enen jarraitu behar duten pazienteek han jarraituko dute, eta eguneko ospitalean egon ezin direnei beste komunitate terapeutiko batzuetan aurkituko diegu lekua. Bizkaian, Gordexolakoa eta Kortezubikoa daude. Gainerakoak bezain publikoak direla esan daiteke, %100 diru publikoarekin ordainduta daudelako. Komunitate horiei, gainera, eskatuko diegu —dagoeneko eskatu diegu— gurekin batera koordinatuta landu dezaten egoitza horietan egoteko beharrizana dutenentzako guztia.

Komunitate horietan, pazienteak zenbait hilabetetan handik atera gabe daude, baina.

Bai, asteburuetan ez dira ateratzen.

Zenbait familia ez daude gustura funtzionamendu horrekin, uste dutelako tratamenduan ezin dutela parte hartu eta lagundu.

Bai, argi dago, baina haratago joan behar dugu. Zentroan bai, baina bakartuta ez dute egon behar paziente horiek. Familiekin harremanetan egon behar dute, eta lantaldeek modu trinkoan jardun behar dute familiekin. Manu-Enen oso ondo landu dute hori.

Dena den, egoitza berrietan arazoak sortzen badira, aldaketak egiteko aukerak egongo dira. Kontuan hartu behar da sinatzen dituzten hitzarmenak diru publikoarekin egiten direla. Euren lana gure zentroekin, familiekin eta kalitatezko estandarrekin koordinatzeko eskatuko diegu.