Ez Espainian, ez Herrialde Katalanetan, Ez Galizian, Hego Euskal Herri osoan ere ez. Parekorik ez du inguruetan. Energia aldetik eraginkorra den lehenengo etxe eredua egin du Egoin enpresak: Vita Etxea. Lan horregatik, goreneko energia eraginkortasunaren Minergie ziurtagiria jaso dute enpresako ordezkariek Markos Schaub Suitzako kontsularen eskutik. Espainiako administraziopean ziurtagiri hori lortzen duen lehendabiziko enpresa da Egoin.
Eako Natxitua auzoan dagoen familia enpresa bat da. “Garapen iraunkorrarekin eta ingurumenarekin konprometitua” dagoen enpresa da, hain zuzen ere. Etxean baino gehiago, euren lana nazioartean askoz ezagunagoa dela azaldu du Peio Gorroño enpresako buruak.
Egoinek pentsatutakoa, proiektatutakoa eta eraikitakoa da Vita Etxea. Prozesu guztia beraiena izan da. Egin duten etxe hori da aitzindaria da. Jaso duten Minergie zigiluak energia eraginkortasunarekin eta ekologiarekin bat datozen printzipioetan oinarrituta eraikitako etxeak direla ziurtatzen du.
Etxe arrunt batekin alderatuta, Minergie zigilua duten eraikinek %60ko energia aurrezpena dakarte. Gainera, ziurtagiri horrek beste zenbait berme ere eskaintzen ditu. Argi naturalaren probetxu egokia, zaraten murrizketa, barneko airearen kutsadura eskasa, baliabideen erabilgarritasuna handitzea, produkzioaren eta prozesaketaren inpaktu minimoa, berreraikitzeko erreztasuna eta birziklapena eta hondakinen deuseztatzea, besteak beste, ziurtatuta daude eraikin hauetan. Minergie zigiluak eskatzen duen hori guztia aplikatu du Egoinek Vita Etxea egiteko orduan.
Bideak irekitzen
Etorkizuna horrelako etxeetan dagoela azaldu du Peio Gorroño Egoin enpresako buruak. Izan ere, 2020. urterako araudiak eraikin guztiak halakoak izatea eskatuko duela zehaztu du. Hala ere, Espainia horretan nahiko atzeratuta dagoela dio. “Gu ari gara merkatu hori bultzatzen, horretan aitzindariak gara; bidea urratzen ari garela esango nuke. Horrek bere arazoak ditu, baina baita gogobetetzeak ere”.
Egoinen ere krisia nabaritzen dutela azaldu du Gorroñok, “nabarmen”, gainera. “Hala ere, bizirik irauteko espirituarekin bizi gara enpresari jarraipena emateko asmoz eta itxaropentsu gaude”, dio enpresa buruak. “Etorkizunari buruzko hainbat galdera egiten diogu geure buruari, baina tinko jarraitzen dugu, langileak gehituz eta urtero inbertsio berriak eginez. Inbertsio garrantzitsuenak krisi garaian egin ditugu”, nabarmendu du. Izan ere, Egoinek zurarekiko maitasuna transmititzen du, egiten duen lanarekiko pasioa eta enpresa erantzukizuna. Etengabe ideia berritzaileak ditu Egoinek. Urte osoan lau edo bost produktu merkaturatzen dituztela jakinarazi du Gorroñok “eta gerora begira bide horri jarraitu behar diogu”, esan du.