Usansoloren eskubideen aldarria

Usansolok herri nortasuna badauka ere, auzotzat tratatzen dute Galdakaoren menpe dagoelako. Usansolotarrok beti ilusioz ekin diogu, amestuz eta borrokatuz, gure herriaren desanexioaren bideari. Horren harira, gure nahia ez da gaur goizeko sentimendua ezta gaur-gaurko apeta ere; gure historia, gure herria, gure sentimendua, gure eskubidea eta gure erabakia da. 90. hamarkadan desanexio-prozesua hasi zenetik, Bizkaiko Foru Aldundiak hauteskunde sasoian eta horien Usansoloko emaitzen arabera, zegokion Batzorde Kudeatzailea izendatzen zuen Galdakogaz egin beharreko hartuemonak edo negoziazioak hasi zitzan.

Azken udal-hauteskundeen emaitzen ostean, Usansoloko herritarrok espedienteari jarraipena emoteko, eta gure helburua den Usansoloren desanexioa lortzeko aukera antzeman genuen. Izan ere, horri dagokion eta orain arte indarrean dagoen 2/1987 foru-arauak adierazten duen legez, Batzorde Kudeatzailea berriro zabaltzeko eskubidea daukagu-eta. Horren bitartez lor dezakegulako gure asmoa eta helburua: gure herria Bizkaiko 113. udalerri bihurtzea.

Horretarako sortu genuen Usansolo Herria (UH) plataforma, eta hainbat alderdi harrituta lotu ziren, hautestontzietan ia 1.600 usansolotarren desanexioaren aldeko boza eta erabakia jaso genuenean; Usansoloko erreferendumik argiena izan zen. Ondorioz, UHk zinegotzi bi dauzka, eta herriak emondako erantzun horren erantzunez pasa den apirilaren 13an Aldundiari Batzorde Kudeatzailea zabaltzeko eskatu genion (2/1987ko foru-arauko 17. artikuluan zehazten denari jarraituz), Galdakoagaz hartuemonak martxan ipini ahal izateko. Ostera, Aldundiak isiltasuna bitarteko erantzun zigun, ez du erantzunik emon; bide hori aukeratu duelako uste dugu gure eskubidea ukatzeko argudiorik ez daukala.

Halere, erantzuteko epea amaitu baino egun gutxi batzuk lehenago, Aldundiko bozeramaile Juan Mari Aburtok, prentsaurreko bidez, gizarteari jakinarazi zion foru-araudi berri baten aurreproiektu harrigarria indarrean ipini gura dutela. Foru-araudi berri horrek Bizkaiko edozein guneri desanexiorako edo segregaziorako eskubidea ukatuko lioke; ostera, jakin bakite, Usansolo dela orain arte horretarako espedientea zabalik daukan bakarra. Zergatik ez dute gure eskubidea eta erabakia errespetatu gura?

Orain dela egun batzuk, Espainiako Errege Juan Carlos I.aren azkeneko gutuna irakurri ostean, Ercoreca jaunak egindako adierazpenetan esaten zuen gehiengo demokratikoak errespetatu behar direla; bada, nork errespetatzen ditu gehiengo demokratikoak?

Berton, beren-beregi Bizkaian, Galdakaotik desanexionatuta, bananduta herri legez bizitzeko bere berba entzutea eta bere erabakia errespetatzea eskatzen duen usansolotarren gehiengoak inor gutxi arduratzen duela emoten du. Usansolok badaki bidea ez dela laua eta paseorakoa izango, urte askoko historia da, oztopoak gaindituz, borroka luzea… Halan da be, jakin badakigu eskatzen duguna eta desio duguna, gure herriaren berba errespetzea, lortu arte ez garela geldituko. Hori dela eta, Batzorde Kudeatzailea zabaltzea aldarrikatuz ekin diogu ibilaldiari, eta atsedenaldi barik eta ilusioz, herri osoa bat eginda, gure helburua lortzeko borrokan aurrera egingo dugu.

Irailaren 21ean Bilboko administrazioarekiko auzitegietan neurri kautelarra duen errekurtsoa aurkeztu genuen, Batzorde Kudeatzaile berria izenda dadin; azken udal-hauteskundeetako emaitzak kontuan hartuz, hurrengo banaketagaz osatuko litzatekeena: UHko 8 ordezkari, EAJko 2 eta Bilduko bat.

Gure eskubidea delako, den-dena kontuan hartuko dutelakoan…

Usansolotarrok lortuko dugu!