Gabon girora salto egiteko prest

Gabon girora salto egiteko prest

Natalia Salazar Orbe

Enbor handi bat erretzen zuten antzina neguko solstizioan, baserrietako sutondoetan, berriro jaio behar zuen eguzkiari omen egiteko. Tximiniako gar haiek led argiei utzi diete lekua herrietako kaleetan: milioi bat argi baino gehiago jarri dituzte Bilbon Gabonei harrera egiteko. Abenduaren hasieraz geroztik argiztatzen dituzte hiriko txokoak. Gabon garaiko jaiegunetarako eta oporraldirako, gainera, jarduera ugari eskainiko dituzte #BilbaoGabonak programaren barruan. Bilbotik kanpo ere aukera zabala dago herriz herri. Hutsik egingo ez duen hitzordua Olentzerori harrera egin eta eskean ateratzekoa izango da.

800 METRO KOADROKO PISTA

Izotz pista ekologiko bat jarri zuten iaz Bilbon, eta 49.000 pertsona inguru bertaratu ziren. Arrakasta hura ikusita, aurten berriz ere eskainiko dute, baina espazioa bikoiztuta. Iaz 400 metro koadroko instalazio bat kokatu zuten, eta aurten 800 metro karratukoa jarri dute. Tamaina ez ezik, kokalekua ere aldatu dute: Areatzako kaian dago. Erripako kaian, berriz, txirrista handi bat jarri dute, irristatzeko sei errei dituena.

Biak ala biak urtarrilaren 5era arte egongo dira zabalik, baina ez dira doakoak. Batean zein bestean aritzeko sarrera ordaindu behar da. Izotz pistan, hiru euroren truke ordu erdiz patinatzeko aukera izango da, eta, txirristako erreietatik hiru aldiz jaistearren, bi euro ordaindu behar dira. Sarrerak leihatilan bertan eros daitezke, eta baita Internet bidez ere, www.eventbrite.es plataforman. 11:00etatik 14:00etara eta 16:30etik 20:30era bitartean daude zabalik, bihar. Asteburuetan, jai egunetan eta eskolaz kanpoko denboraldian, berriz, 16:00etatik 21:00etara irekiko dute.

GABONETAKO AZOKA

Europako hiri nagusietara begira jarri da Bilbo, eta, bigarren urtez jarraian, Gabonetako Azoka jarri dute Erripako kaian. Hiriko merkatariek gastronomia arloko salgaiak, opariak eta dekorazio elementuak eskainiko dituzte, urtarrilaren 5era bitartean. Azokaren aurrean, Arbaso artisau elkartearen Gabonetako Artisautza Azoka jarriko dute, gaurtik aurrera.

AMETSEN FAKTORIA

Erripako kaia ume eta gazteentzako topaleku ere bihurtuko da. Karpa handi baten azpian Gabonetako Ametsen Faktoria dute, hiru eremutan banatuta: sormenezko jolasen espazioa haurrei eta familiei zuzenduta dago; tailer didaktikoen gunean, ingurumenarekin lotutako tailerrak prestatu dituzte; azkenik, Animazio programak ikuskizun asko jasoko dituen agertoki bat hartuko du.

KULTURA AUZOETAN

Bilboko erdigunetik harago, zenbait auzotan programa berezitu bat diseinatu dute. 50 jarduera baino gehiago egingo dituzte denera. Batzuk tradizionalagoak izango dira, hala nola abesbatzen kontzertuak, umorezko ikuskizunak, ipuin kontalariak, kaleko animazioa, zirkuak eta clownak. Baina berritasunak ere izango dira jarduera horien artean. Besteak beste, antzerki laburreko saioak egingo dituzte Basurtu eta Zorrotza barne hartzen dituen zortzigarren barrutian. Abandoko udal zentroan, bestalde, haur eta gazteentzako Gabonetako ipuinak kontatzeko saioak izango dira. Badut taldea, Maite Arrese eta Ana Apika ariko dira lan horretan.

Kaleak ere hartuko dituzte hainbat ikuskizunek. Hortzmuga antzerki taldeak Solokoetxeko, Abusuko eta San Adriango hainbat kale animatuko ditu datorren astean.

Errekalde berriz ere zirkuaren agertoki bihurtuko da. Abenduaren 20an hasita, sei zirku ikuskizun egingo dituzte bertan. Haurrentzako zirku emanaldiak eta tailerrak ere emango dituzte, doan, Errekalde, Irala eta Urretamendiko udal zentroetan. Uribarrin, pailazoek eta clownek zortzi ikuskizun eskainiko dituzte.

Adinekoek eta umeek elkarrekin egiteko proposamenak egin dituzte Abandoko barrutiko zentroan eta Basurtuko ikastetxean. Familia tailerrak antolatu dituzte abenduaren 23 eta 30erako eta urtarrilaren 2rako; teknologia, pintura eta magia landuko dituzte, besteak beste.

Bertsolariak, antzezlanak eta ipuin kontalarien saioak Deustun ikusi ahalko dira; euskaraz emango dituzte horiek guztiak.

Bi erromeria ere aurreikusi dituzte: bata, Basurtuko Aita Donostia plazan egingo dute, abenduaren 24an, 18:00etatik aurrera. Beti Jai Alai taldeak eskainiko du. Hilaren 30ean, beste erromeria bat izango da, Salbatzaile dantza taldearen eskutik. Erraldoiak ere kalejiran ibiliko dira hainbat egunetan.

ARTEA, JAKIN-MINA PIZTEKO

Azkuna zentroak esperientzia artistikoak, jokoak eta ikuskizunak eskainiko dizkie familiei datozen egunetan. Sorkuntza garaikidea haurrengana eta haien gertukoengana hurbiltzeko hamalau jarduera eskainiko ditu. Jolasa, sormena eta hezkuntza baliatuta, pentsamendua sustatu eta haien gaitasunak eta trebetasunak garatzea dute helburu. Protagonista bihurtuta, haien jakin-mina indartuko dute Azkuna zentroko jarduerok. Besteak beste, La Baldufak Safari bere azken lana estreinatuko du, euskaraz. Erabiltzen ez diren hitzak jolasen bidez berreskuratu eta berriak asmatzea izango da proposamen anitzetako beste bat.

HERRIZ HERRI

Bilbotik kanpo, jardueraz betetako egitarauak antolatu dituzte. Etxeko gazteenen aisialdia dute ardatz denek. Tailerrak, ikuskizunak eta parte hartzeko ekitaldiak prestatu dituzte batean eta bestean. Basaurin, esaterako, paper ingeniaritza landuko dute, hiru dimentsiotan, eta estanpazio tailerra ere eskainiko dute. Magia saio bat taularatuko du, berriz, Eritz magoak.

Bermeon, kultura, aisia eta ikuskizunak uztartuko dituzte. Azken urteetan egin duten bezala, puzgarriak jarriko dituzte igerilekuetan, bost egunetan, goizez. Aurten ere izotz pistan aritzeko aukera izango dute bertakoek zein bisitariek. Kontzertuek eta Pirritx, Porrotx eta Marimototsen ikuskizunak osatuko dute eskaintza.

Gainerako herrien antzera, Gabon giroan murgilduta daude jada Zornotzan ere, eta hala jarraituko dute datozen egunetan. Bihar, esaterako, Ghero ikuskizuna emango dute Zornotza aretoan. Belatxikietarako igoera, AIDAE klasikoen rallya eta Katillukadak antzezlana aurkituko dituzte, besteak beste, durangarrek.

San Silbestre lasterketak ere ez dira faltako. Tradizio handikoak dira zenbait herritan: Mundakan, Galdakaon, Sodupen eta Urduñan, esaterako. Eta badira ohitura horri oraintsuago heldu dioten hainbat herri ere.

GABONETAKO PARKEAK

Urtetik urtera hutsik egiten ez duen ekitaldi nagusietako bat da Gabonetako umeen parkea. Bilboko erakustazokan hasi zuen ibilbidea lehenik, eta gero BECera lekualdatu zuten. Azken urteetan, bertaratzen diren gaztetxoek, besteak beste, elkartasunean eta berdintasunean jarduteko proposamenak lantzeari ekin diote. Ezagunena Barakaldokoa da, baina beste hainbat herritan ere jarriko dituzte parkeak; besteak beste, Basaurin eta Zornotzan.