Pazienteek lortzen al dute guztiz sendatzea?

Ezinezkoa da, Patxi Alicanteren esanetan, sendatzen diren pazienteei buruzko zenbatekorik zehaztea. Ondo ulertu behar da, gainera, hasteko, zer den beraientzat “pertsona bat sendatzea”. Izan ere, paziente kronikoaren izaerari buruz egin du berba. “Badakigu paziente mota horrek, tarteka, kontsumitu egingo duela. Hala ere, gure helburua da bizi-kalitate hobea lor dezaten. Erremintak ematen dizkiegu jendeari zailtasunen batekin topo egiten dutenean erreminta horiek erabil ditzaten”. Manu-Enen paziente ibilitako pertsona batek tarteka egin dezakeen kontsumo hori ez dute porrot moduan hartzen; haientzat, zerbaiten sintoma da kontsumo hori. “Lortzen ari gara paziente mota horrek laguntza eskatzea sintoma hori gertatzen denean. Horrek esku hartzeko aukera ematen digu”, azaldu du. Pertsona horiek, laguntza hori gabe, “aspaldi hilda edo kalean botata” egongo liratekeela deritzo Alicantek. Beraz, menpekotasuna eragiten dieten substantzia guztiz uztea lortzen ez badute ere, euren bizitza “normalizatzea” lortu dutela deritzote.