Ibai Maruri Bilbao
Bizimodu Independeterako Trantsizio Plana amaitzen ari da Fekoor, Gutxitasun Fisikoa edota Organikoa dutenen Bizkaiko Elkarteen Federazioa. Urtarrilean aurkeztuko dute, baina jada iragarria dute zein izango den plan berriaren helburua: bizitza autonomoa izatetik independentea izaterako pausoa eman. “Ez dugu soilik gizarte zerbitzuen laguntza jaso nahi. Bizi egin nahi dugu, eta geuk erabakitako moduan, geuk erabakitako pertsonekin. Ez dugu nahi inork esaterik ezinbestean egoitza batean bizi behar dugula”, ohartarazi du Fekorreko zuzendari Juan Carlos Solak.
Joan den martitzenean, abenduaren 3an, Elbarrien Mundu Eguna izan zen, eta Fekoorrek kontzientzia sortzeko urteroko ekintza egin zuen Bilboko Arriaga plazan. Aurten, federazioa sortu zeneko 40. urteurrena ere gogoratu dute. Etortzear dagoen planari begira, bizitza autonomotik independeterako jauzi hori izan zuten eguneko aldarrikapen nagusia. Fekoor saria ere banatu zuten: Osakidetzako kolon eta ondesteko minbizia prebenitzeko programa eta Iñigo Pombo Bilboko Udaleko Gizarte Politiketako zinegotzi izandakoa omendu zituzten.
Planarekin batera, Bizimodu Independenterako Zerbitzu eta Laguntza Zorroa ere garatzeko oinarriak jartzen ari dira. “Egun indarrean dagoen gizarte laguntza eredutik laguntza integralera salto egiteko pausoa eman nahi dugu. Zerbitzuak eta laguntzak uztartzeko aukera aldarrikatzen du, betiere edonork dituen beharren eta nahien arabera”. Fekoorren iritziz, funtsezkoa da laguntzen eta zerbitzuen zorroa txertatzea. Aurki administrazioari aurkeztuko diote, eta hori martxan jarri ahal izateko bide orri bat ere proposatuko diote. “Badakigu erabateko etena sortuko duela orain arteko ereduarekin, baina gure apustua garbia da: norberaren neurrira egindako laguntza integralak nahi ditugu”.
Garatzen ari diren egitasmoak hainbat hobekuntza ekarriko dituela uste du Solak. Besteak beste, honakoak aipatu ditu: bizimodu independentea errazteko sortuko diren zerbitzu pertsonalak, asistentzia pertsonalerako zerbitzua, eguneko laguntza unitateak, bizimodu autonomorako eta bizimodu independetera pausoa ematen lagunduko duten egoitzako laguntza zerbitzuak, eta senideei eta gertuko pertsonei bideratutako laguntza zerbitzuak. Horrez gainera, irisgarritasun eta mugikortasun unibertsala sustatzeko laguntza eta egokitzen produktuen sistema sortzea ere proposatuko dute. Horretarako, garapen pertsonalerako aholkularitza zerbitzu berezitua sortzea nahi dute, eta, horrekin batera, laguntza produktuen katalogoa eta laguntza produktuen sarea.
Datu kezkagarriak
Pauso hori ematea ezinbestekotzat jo du Solak, nahiz eta aitortu duen azken berrogei urteetan “asko” hobetu direla gauzak. Dena den, egoeraren azterketa egin dute, eta “lan izugarria” dago egiteko oraindik. Bizkaiko Foru Aldundiaren Gizarte Ekintza Saileko 2015eko datu basearen arabera, Bizkaian 64.918 lagunek dute desgaitasunen bat; horietatik, 37.285 gizonezkoak dira. Gehienak (%52) desgaitasun fisikoa edota organikoa dute. Adin tarteari erreparatuz gero, 22 eta 49 urte artekoena da tarterik zabalena (%49). Arlo batzuetan Solak emandako datuak “kezkagarriak” dira. Besteak beste, enpleguari lotutakoak. Izan ere, hamarretik zazpi daude langabezian.
“Egia aitortu behar badugu, kolektiboarentzat ez da erraza lan munduan txertatzea”. Legeak jasotzen du 50 langiletik gorako enpresak behartuta daudela desgaitasuna duten pertsonak kontratatzera; gutxienez langileen %2. “Baina errealitatea bestelakoa da. Kontuan hartu behar da administrazio publikoek ere ez dutela kasu askotan baldintza hori betetzen”. Gainera, beharrean daudenetatik erdiak inguru enplegu zentro berezituetan ari dira. 2004-2006 EAEn Desgaitasuna duten Pertsonak Lan Merkatu Arruntean Sartzeko Plana ekarri du gogora: “Oso ona izan zen, baina han dago Eusko Jaurlaritzako tiraderaren batean gordeta, ulertzen ez dugun arrazoiren batengatik”. Horretan indar egiteko eskatu du, elbarri guztiek enpresa arruntetan lan egiteko eskubidea dutelako, erabateko gizarteratzea bermatu nahi bada. Izan ere, Espainiako 1981ko lege batek hori jarri zuen helburu: “Emaitzak ikusita, ez dago zalantzarik porrot egin duela”.
Aisialdiari lotutako datuak ere eman ditu. Bizkaiko hainbat lekutako ostalaritza eta merkataritza lokalak aztertu dituzte; hain zuzen, Galdakaoko, Barakaldoko, eta Bilbon, Zazpikaleetako, Indautxuko eta Deustuko 885 negozio. Hiru adierazleri erreparatu diete tabernen kasuan: sarbidearen egokitasuna, komuna, eta barruan ibiltzeko erraztasuna; dendetan komuna kanpoan utzi dute. Lokalen %26k du sarbidea irisgarri eta %17tan ibili daitezke erraztasunez. Ostalaritzako lokalen %9k dute komuna egoki.