Goizero hartzen dugun lehen ebatzia

Ebatzi politikoa da. Goizean goiz, altxau, itzartu… eta hozkailua zabalduteagaz batera, eskoiko eskuagaz hartzean dogu lehenengo ebatzia: esnea. Hor ebazten da gurean, baserritarren etorkizuna. Behi sektorearen biziraupena. Eta merkeagoa ei dalako, Lidl, edo Eroskin, edo Carrefourren 50 zentimoko ustezko esnea erosi badogu, horrek esan gura dau, bost ardura deuskula inguruko baserritarren egoereak.

Gure bazterrotan, hain maite dogun Euskal Herri honetan ez dogula behirik gura. Adardunak San Ferminetarako. Ostantzean, gurago dogula ez dakit nondik, ez dakit zegan ekarritako esnea. Goizeroko kafeagaz, kolakaoagaz… ebatzi politiko potoloa hartzean dogu guk guztiok. Eredu gara belaunaldi barriagoen aurrean. Eta ez gara lotsagorrituko, ez horixe.

Euskal Herrian, egunero zenbat basukada hartzean ote diran pentsau dogu inoz? Zenbat kafe goxo hartzean doguz negozio batzarretarako, lagunakaz geratzeko, txukumutxuka ibilteko? Maite zaitut, atseginago esateko?

Esne tantakada bakotxa, ebatzi politikoa da gurean. Eta ebazteko eskubidearen alde bagagoz, gure burujabetzaren alde urratsak emoteko prest bagengoz… guk be, gure xumean, asko egin geinke, egunero. Otorduotan.

Elikadurea, azken baten herritarron eskubide bat da. Lana dan moduan, etxea, bizitza… guztiona. Baserri munduak aurrera egitea gura badogu, Euskal Herrian, Euskal Herriko esnea hartzea da ebatzirik ausartena, baina era berean errezena. Ez izan kaikua, hartu zure ebatzia, egunero, goizero. Gure etorkizunaren alde.

Patxi Gaztelumendi. EHNEko kidea ‘Begitu’.