Orduen

Badatoz ipar-ekialdetik lehenengo haize hotzak eta badaroez azkenengo haize epelak. Gaur dana ikusten dot baltz, eta ezkorra ekin eta ekin ibili jata, ezin izango dodala udagoienaren melankolia jasan eta erreteari itxi, laneko erritmoari eutsi, etxeko zereginak manejau, aita amultsu bat izan, bikote txeratsu bat izan….

Eta orain ostera, entzun dodanean “aita on bat izan, bikote on bat izan” nire zeregin-zerrenda imajinarioan, pentsau dot behar bada horrexek arduratzen nauela gehien, eta berba horreen definizino egoki bat behar dodala topau. Harrapatuko nabe osterantzean neguko otso grisak, jarraitu eta jarraitu egiten dabenak galduta asmetan daben abelburua.

“Aita on bat izan, bikote on bat izan”. Kuriosoa da baina, hain zuzen, aita eta ama izatea da, askotan, norbera izateko oztopo handiena, eta bikote baten etsai nagusia. Ze gurean amatxok behar dau Nahia, eta Nahiak behar dau Nikole, eta Nikolek behar dau amatxo eta amatxok Nikole, eta aitak danak, eta danak aita, baina ama da ama, eta aita da aita, eta alkar behar dabe aitak eta amak be bai. Ez dakit ulertu dan.

Orduan, amaitu diralarik udako ordutegi akabu bakoak eta desorduak eta nahaste

gozo guztiak, umeen aldera egin dauan grabedade zentroa eroango dogu apur bat familiara, ze aita eta ama ibili dira sano aita eta ama, eta lau aulkidun mahaiaren inguruan bakotxak bere espaziotxoa lantzeako astirik be ez da egon bi urte t’erdi lanpetuotan.

Txarrena da papelean lara sartzea eta pentsetea zureak dirala txikerrak, zure pentzura dagozala, zu barik ezin izango dabela, eta zuk be ez eurak barik.

Baina umeak persona autonomoak dirala ikasten da azkenean, goiz edo berandu. Gogoz kontra hasieran, pozarren gero, munduko gurasoen aurkikuntza da etxetik dabilen horrek bere eretxi, bere amets, bere itxura, bere gustuak daukazala. Ezin geinke guk ia ezer egin, bakarrik maitatu. Diran moduan maitatu, lagundu gainditzen euren buruari ezarritako mugak, lortu komunikazino bat ona, konfiantza bat esateko: laztanak, zoazie zeuok; orain aitak eta amak momentutxo bat hartu gura dabe eurentzat.

Igor Estankona. ‘Begitu’.