‘Marabillosu’

Ez dira ehun urte behar ehun gauza ikusteko”, esan dit andreak, esaera zaharra ahoan. “Egunero alde guztietatik bonbak balira bezala erortzen dira notiziak. Irrati, telebista, egunkariek… ez gaituzte bakean uzten. Nazkatuta nago, odol, defizit eta tristura informazio bonbardaketa honetaz”. Hala ere, ez duela ulertzen zergatik dabilen jendea hain triste azkenaldian, segitzen du esaten. Zergatik lagatzen dugun korronteak eraman gaitzan. Zergatik saminak kutsa gaitzan. Bera beti saiatzen dela irribarretsu erantzuten kaleko jendeari, zer pentsa ere. “Gerri eta mokorretik ez nabil hain ondo, baina burua beti tente”.

“Ez dira ehun urte behar ehun gauza ikusteko. Are gutxiago orain Internet horrekin, ezta?”. Arrazoia eman diot, notizien inflazioa dugula gaur egun. Jakin nahi ez ditugun kontuez ere enteratzen garela, Facebook, Twitter eta abarren bidez. Kontu garrantzitsuenak estaltzen dizkigutela hainbeste sasi-informazioz.

“Gerra aurretik jaio nintzen ni”, jarraitu du berbetan. “1937ko apirilaren 3an zortzi urte nituen, eta oraindik gogoan dut Otxandion jausi ziren bonben durundia. Zortzi neba-arreba ginen eta ni zaharrena. Hamar urterekin hasi nintzen behiak gobernatzen. Gerra pasa duenak ez luke behar gaurko krisiaren beldurrik”.

Orain alargun dagoela, ez duela irribarrea galdu, areagotu ez badu. Senarra aspaldi galdu arren, beste gauza asko irabazi dituela. Hamabi urte dituela bere kanarioak eta sei katuak. Beste zortzi katuri ematen dizkiola esne zopak egunero.

Duela hamarkada batzuk atzera eginez gero, tresna eta jantziek urteak irauten zutela eta orain hilabeteak baino ez. Nahiago dituela, beraz, gauza zaharrak, bera bezalakoak. Urteak labur eta egunak luze joan arren, umoreari beti eusten diola, laurogeita hiru urtean soinean eraman duen gauza iraunkor bakarra hori duela.

“Ez dut ulertzen zergatik dabilen jendea hain triste azkenaldian”, errepikatzen dit irribarrez. “Zer 29ko edo 80ko krisi eta otxokuarto. Gerra pasa dugunok ez dugu krisiaren beldurrik. Nik orduan ikasi nuen zegoenarekin bizitzen, ederto asko”.

Etorri bezala joan da irribarrez. Eta beste persona bat ekarri dit gogora andreak. Gazteagoa. Ondarroako kale estuenean, Ipitxi kalean, eskailerak igotzen topatu izan nuena azkenaldian.

Berrogeita hamahiru harmaila estu, gora eta beheranzko. Besterik ez du kaleak. Eta han ikusi nuen azken aldiz Aitzol Aramaio, zinemagilea. Beti eskaileran gora, kasualitatea. Beti irribarrea soinean.

Urrian 11tik 14ra bitartean ospatuko da Ondarroan haren omenez Marabilli sormen festibala. “Bizitxi marabilli re”, gogora ekartzen zuen sarri, Aitzolek.

Pena, batzuetan ahaztu egiten zaigula. Eskerrak badugun nork oroitua.