Soinean papera jarrita

Erakusketa

Gueñes

Moda erakustaldi berezia izango dute egunotan Gueñesko Sodupe auzoko kultur etxean. Paperezko jantzien erakusketa bisitatzeko aukera izango da, hain zuzen ere, gaur hasi eta datorren azaroaren 5era bitartean.

Ez da gueñestarrek era horretako arteaz gozatzen duten lehen aldia. Izan ere, paperezko jantzien erakusketak eta lehiaketak tradizio handia dute herrian.

Mollerusatik (Lleida, Herrialde Katalanak) eraman dituzte moda artelan horiek Gueñesera. Erakusketa hori Gurutzeko jaien barruan egin ohi duten paperezko jantzien nazioarteko lehiaketaren harira jarri dute, aurten ere. Txapelketa bihar egingo dute.

“Aurreko urteetan, 2005az geroztik, aurreko egunean desfilea egiten zen Mollerusako museotik ekarritako diseinuekin. Horrekin batera, Roberto Comas zenaren lanen erakusketa ere egiten zen. Horregatik berreskuratu nahi izan ditugu desfile horiek. Oraingo honetan, ordea, jantziak erakusketa baten bitartez aurkeztuko ditugu, paperaz egindako artelan horiek ikusteko denbora gehiago izan dezan jendeak”, azaldu du Koldo Artaraz Gueñesko alkateak.

Erakusketa bisitatzeko ordutegiari dagokionez, goizetan 11:00etatik 14:00etara egongo da zabalik; arratsaldez, bestalde, 17:00etatik 21:00etara. Hiru sailetan banatuta egongo da, gainera: Gaur egungo moda, antzinakoa eta fantasiazkoa. Atal horietan beretan banatuta dago abenduoro Mollerusan egiten duten paperezko jantzien lehiaketa.

Sodupetik Gueñesera

Bestalde, Arenatzarte parkean, paperezko jantzien erakusketa iraunkorra dagoen eraikinean, paperezko jantzien 2012ko nazioarteko lehiaketako diseinu irabazle guztiak ikusteko aukera ere izango da. Domekatik aurrera izango da hori, Artaraz alkateak zehaztu duenez. “Lehiaketa egin eta hurrengo egunean diseinu irabazle guztiak jarriko ditugu ikusgai. Erakusketa bi hauekin —Sodupekoa eta Gueñeskoa— paperezko jantzien inguruan herrian bisiten zirkuitu bat eratzea da helburua”.