Duela zazpi urte hasi ziren Bilboko Udala eta Sonikete elkartea Una Ria Con Duende flamenko jaialdia antolatzen. Ordutik, indarra hartuz joan da, eta aurten egitarau oparoarekin dator. Asteon ekin diote, eta irailaren 30a bitarte kontzertu, tailer eta bestelako ekintzekin gozatzeko aukera izango dute flamenkozaleek. VII. ekitaldi honetan, bereziki, Huelva eta Cadiz (Andaluzia, Espainia) aldeko cante hondo garaikideari erreparatuko diote. Euskal Herrian sortutako flamenkoak ere izango lekua, urtero bezala. Aurten, Juanjo Calderon gasteiztarrak hartu du ordezkaritza hori betetzeko egitekoa.
Dantza, gitarra, cante hondo eta txalo erritmo tailerrak egongo dira asteotan. Martitzenetik gaur arte egin dute, adibidez, txalo eta konpas tailerra. Gitarra jotzen ikastekoa, cante hondoarena eta dantzarakoa, berriz, datozen asteetan egingo dira. Parte hartzeko, www.bilbao.net udalaren web orrian edo 010 udaleko telefono zenbakian eman behar da izena.
Bihar dauka ekitaldi nagusia, bestalde, Euskal Herriko flamenko sorkuntzak. Juanjo Calderonek, beti bezala, Javier Antoñana izango du lagun gitarrarekin. Elizbarrutiaren museoan emango dute kontzertua, eta sarrera doakoa izango da. Tradizio flamenkoak bere jatorrizko mugetatik kanpo ere baduela indarra erakutsiko dute bi musikariek.
Jaialdiaren beste ataletako bat emakumezkoek sortutako flamenkoak ordezkatzen du. Aurten, Huelvako Peña Flamenca Femenina de Huelva taldea ekarri dute Bilbora; 12 urte pasatxoko ibilbidea dute. Jaialdiaren antolatzaileen arabera, “flamenkoa gizonezkoen kontua dela esaten duen beste garai bateko uste hori haustea lortu du talde horrek, eta flamenko munduaren aintzatespena eta errespetua lortu ditu, talentuaren, lanaren eta jakituriaren bitartez”. Andreek egindako flamenkoan, ahotsik azpimarragarrienak dira talde hau osatzen dutenak. Bihar zortzi gozatu ahal izango da haien kantu, dantza eta musika ikuskizunaz.
Jaialdia bukatzeko, Cadizko flamenkoa iritsiko da Bilbora, irail bukaeran. Gainerakoetan baino flamenko tradizio ahulagoa dago Andaluziako probintzia horretan, baina indartzen ari da azken urteetan. Miguel Rosendok eta Keko Baldomerok taularatuko dute kresalak eta eguzkiak indartutako flamenkoa.
UNA RIA CON DUENDE
Zer. Bilboko flamenko jaialdia: emanaldiak, tailerrak eta erakusketak.
Noiz. Irailaren 30a bitartean.