Jose Luis Bilbao Bizkaiko ahaldun nagusiaren berbek Batzar Nagusietan ordezkaritza duten talde politiko guztien erantzuna jaso dute. Oposizioak, oro har, “autokritika falta” egotzi dio. Bilbaoren hitzak babestu dituen bakarra talde jeltzalea izan da.
Talde jeltzalearen bozeramailea
“Proposamen zehatzak egin ditu, eta elkarlanerako deia egin die gainontzekoei”
Gustatu zaio Unai Rementeria Batzar Nagusietako bozeramaile jeltzaleari ahaldun nagusiak esandakoa. Egokitzat jo ditu haren berbak: “Solidaritatea, gizarte kohesioa, krisi ekonomikoa gainditzeko bidea eta autogobernua izan ditu ardatz, bizkaitarren kezkei erantzunez”. Rementeriaren irudiko, Bilbao da konponbideak bilatzen ahalegintzen den bakarra: “Zerga sistemari eta bestelako gaiei buruzko proposamen zehatzak egin ditu, eta elkarlanerako deia egin die gainontzeko talde politikoei”.
Bilduren bozeramailea
“Ez da egia aldundiak gizarte laguntzen arloan murrizketarik egiten ez duenik”
“Errealitatetik kanpokoak” eta “autokritika gabeak”: halakoak iruditu zaizkio Bilduko Irune Sotori Bilbaoren berbak. Gogora ekarri du zerga iruzurraren eta zerga sistemaren inguruan Bilduk aspaldi egin zituela proposamenak, eta EAJk beti atzera bota izan dituela. Gainera, ahaldun nagusiak datuak ezkutatu dituela salatu du: “Ez da egia foru aldundiak gizarte laguntzen arloan ez duela murrizketarik egiten.
Alderdi popularraren bozeramailea
“Agortutako 30 urteko kudeaketa eredu baten inertziak agerian geratu dira”
Esther Martinez bozeramaile popularraren ustetan, “Bilbaok ez du ekarpenik egin; %8ko zuloa eragin duenez, zergak igo behar dizkigula baino ez du esan”. Gainera, “lelo zaharkituak” erabili dituela eta “bere hanka sartzeak ezkutatzen saiatu” dela iruditzen zaio. “Dagoeneko agortuta dagoen 30 urteko kudeaketa eredu baten inertziak agerian geratu dira”, ohartarazi du.
Talde sozialistaren bozeramailea
“Ondo etorri zerga politika berrikusi eta aldatu behar dela uste dugunon taldera”
Ahaldun nagusia bere buruarekin “oso adeitsua” izan dela iruditzen zaio Iñaki Egaña sozialistari. “Mamirik gabeko proposamenak” egin izana leporatu dio, gainera. Ohartarazi dio ez diotela edozer onartuko ere murrizketak egitera doanean. Ironiaz, honako hau ere bota dio: “Ondo etorri zerga politika berrikusi eta aldatu behar dela diogunon taldera”.