Natalia Salazar Orbe
Bizkaiko kiroldegietako langileek astelehenean abiatu zuten bi asterako deitu duten greba. Lokal eta kirol zelaietako 2.000 langile inguru daude deituta mobilizazioetara. Sindikatuen arabera, erantzun zabala izaten ari da deialdia. Asteazkenean ELAk jakinarazi zuen langileen %80-90 ari zirela greba babesten eta egiten, “orduaren arabera”. Poza agertu dute erantzun horregatik. “Langileak indartsu daude, borrokatzeko gogotsu”, adierazi zuten sindikatuko ordezkariek. Hainbat kiroldegi eta igerileku itxita egon dira egunotan. Azaroaren 10era arte iraungo dute mobilizazioek.
Hainbat eskari dituzte. Hitzarmen duina eskatu dute, eta lan baldintza hobeak: 35 orduko lanaldia eta soldatak KPIa baino gehiago igotzea, besteak beste. Eskolak eta ikastaroak prestatzeko orduak ere lanaldian barneratzeko eskatu dute, eta eskola bakoitzean duten ikasle kopurua murrizteko eskean ere ari dira.
Negoziazioak, blokeatuta
Negoziazio mahaiaren azken bileraren ondoren, ez dago aurreikusita besterik. ELAk jakinarazi du Cebek patronalak deitzeko zain daudela. Negoziatzeko borondaterik ez dutela uste du sindikatuak. ELAk ez ezik, LABek, CCOOk eta UGTk egin dute grebarako deialdia, LABek azaldu duenez negoziazio mahaian “blokeoa” jasaten ari direlako. Diotenez, patronalarekin hainbat bilera egin dituzte, baina jarrera “immoblista” besterik ez dute aurkitu. Hala, jendaurrean salatu nahi dute enpresen jokabidea. Horrez gain, salatu dute sektoreko enpresak “mehatxuak, errepresaliak, hertsapenak eta jazarpena” erabiltzen ari direla langileen kontra.
Kalean ikusi eta entzun dira egunotan langileak eta haien aldarrikapenak. Asteazkenean, elkarretaratzeak egin zituzten Leioako Sakoneta zentroan eta udaletxe aurrean. Handik Getxora abiatu ziren, udaletxe aurrera. Atzo, berriz, Bilbon egin zituzten elkarretaratzeak: Azkuna zentroan abiatu zituzten, eta, handik, Bilbo Kirolak-en egoitzarako eta udaletxerako bidea hartu zuten.
Azpikontratatuta daude kirol jarduera horietan ari langileak. Hori dela eta, udalei dagokien erantzukizuna hartzeko eskatu diete. LABek salatu du administrazioak azpikontratatutako langileen lan baldintzak bermatzen dituzten erakundeek ez diotela jaramonik egiten gatazkan bitartekari lanetan aritzeko eskaerari.
Uda hasieran, lanuzteak egin zituzten langileok, eta Bizkaiko Hitza-k horietako batekin hitz egin zuen orduan. Jon Ander Campelo Santurtziko igerilekuko begiraleak eman zuen baldintzen berri. “Langile guztiok ez dugu egiten lanaldi osoa. Lanaldiaren %70 betetzen dugu; gehienez, %80. Soldatak baxuak dira”. Giza baliabideei dagokienez ere, gabezia handiak aipatu zituen. “Sarri asko egoten naiz lauzpabost urteko hamalau umerekin ni bakarrik uretan sartuta. Egoera hori arriskutsua da”. Haren esanetan, enpresek nahiago dute langile asko izan, “sor daitezkeen beharrak asetzeko”. Lanpostu bat hutsik geratzen den bakoitzean enpresa lanpostu horren jarduna bertako langileen artean banatzera behartuta egotea nahi dute. Salatu du enpresei kirol zerbitzua esleitzeko orduan baldintza ekonomikoek dutela pisurik handiena: “Badakite lan hitzarmenak ezarritako baldintzak apalak direla, eta baldintza agiriek ez dutela babesten langilea. Ondorioz, enpresak erraz sartzen dira lehiaketa horietan, gutxi ordainduta”.