Sortzaileentzat erakusleiho izan eta herritarrentzat gozagarri: bi helburu horiekin Bosteko 2012 artelan plastikoen erakusketa ibiltariak bere bideari ekin dio asteon Basauriko Ariz dorretxeko aretoan. Iñaki Bilbao bilbotarraren eta Lourdes Vicente eta Juan Sagastizabal gasteiztarren lanek osatzen dute. Hirurek ere errealismoari lotutako margolanak egiten dituzte, bakoitzak bere estiloan. Bizkaiko Foru Aldundiko Kultura Sailak eta Bizkaiko hainbat udalek antolatzen duten egitasmo honek 15. urtea du honakoa. Aurtengo honetan, Basaurirekin batera, Arrigorriagak, Getxok eta Leioak ere parte hartu dute, eta lau herriotan egongo da ikusteko aukera.
Gaur egun izen handiko artista diren askok erakutsi dituzte euren lanak 1998tik hona Bostekoa ekimenean. Mari Puri Herrero, Koldobika Jauregi, Dora Salazar, Zumeta eta Nestor Basterretxea nabarmendu ditu Josune Ariztondo Bizkaiko Kultura ahaldunak, beste batzuen artean. “Erakusketak, beraz, artistak ezagutarazteko tresna moduan, sormena zabaltzeko erakustoki gisa bere lana betetzen du. Gure txikitasunetik gure ekarpena egin diogu Euskal Herriko sorkuntza plastikoari”. Orotara, 56 artistaren lanak ikusi ahal izan dira urteotan. Hasieran, bost margolarik eta beste horrenbeste herrik parte hartzen zuten. Azken urteetan, artista gutxiago eta bakoitzaren lan gehiago erakusteko hautua egin du foru aldundiko Kultura Sailak.
Urriaren 3ra arte egongo da Ariz dorretxean, urriaren 4tik azaroaren 4ra Leioako Kultur Leioa kultur etxean, azaroaren 6tik 30ra Arrigorriagako udal kultur aretoan eta abenduaren 4tik 30era Getxoko Torrene erakusketa aretoan. Hona hiru artistetako bakoitzak erakusketarako aukeratu dituen lanen inguruan egindako hausnarketa.
Ñabardura txikien zale
Juan Sagastizabal gasteiztarrak (Eibar, Gipuzkoa, 1952) aspaldion naturan aurkitzen du inspirazio iturria. “Erakusketara tamaina handiko lanak eta azken urteetan egindakoa ekartzeko eskatu ziguten, eta nik orain naturari erreparatzen diot”, azaldu du. Bere burua errealismoan kokatzen du, erakusketako kide dituen bi margolariekin batera. “Baina hirurok ezberdinak gara, errealismoa konplexua baita. Izan ere, errealitatea islatzen saiatzen gara, baina ez dago errealitate bakar bat. Beraz, errealismo bakar bat ere ezin egon”.
Naturan, ordea, ez dio erreparatzen handitasunari, ñabardura txikiek gehiago erakartzen dute Sagastizabalen arreta. Gasteizen aurkitzen duen natura islatzen saiatzen da: loreak, intsektuak… ederra iruditzen zaion edozer. “Edozein bisitarirentzat ezaguna izango da nire lanetan ikusten duena,Gasteizen nik aurkitzen dudana, Bizkaiko edozein lekutan ere bai baitago”.
Landareen morfologia
Botanika izugarri gustatzen zaio Lourdes Vicente (Salamanca, Espainia, 1959) gasteiztarrari. Horregatik bere lan guztietan landareak ageri dira. Bizi-biziak, loredunak edo zimeltzen hasita: edozelan gustatzen zaizkio. “Ñabardurak zerbait handi, monumentu gisakoak bihurtzen ditudala pentsatzea gustatzen zait. Nire lan bat hartuz gero, landare handi bat ikusiko dugu; baina, berez, oso txikia zen. Naturak baditu gerturatu ezean sumatu ezin diren forma eta egitura txikiak. Horiei merezi duten handitasuna ematen ahalegintzen naiz. Izan ere, landareen morfologiak izugarri erakartzen nau”.
Propagandarako tresna
Artea ez zaio edertasuna adierazteko interesatzen Iñaki Bilbao bizkaitarrari (Bilbo, 1956); harentzat mezuak zabaltzeko bitarteko ezin hobea da. “Gauzak politak margotzearekin batera, auzi baten inguruan arreta erakartzeko balio behar dit. Berba batean esanda, propagandarako”. Azken aldian desagertzear dauden elementuak berreskuratzen saiatu da: besteak beste, grabatuta dagoen musika, esne behiak eta Ezkerraldeko industria paisaiak erakutsiko ditu Bosteko 2012-n.