Birziklatzeko azoka

Trukerako merkatua

Sopuerta

Produktuak erosteko orduan berrerabiltzearen edo birziklatzearen aldeko apustua egin gura duten kontsumitzaileek aukera ezin hobea izango dute bihar, Sopuertan. Erosi, trukatu edo opari jasotzeko aukera izango dute, hain zuzen. Izan ere, Enkarterrialde Landa Garapenerako Elkarteak udalarekin batera trukerako eta bigarren eskukoen lehenengo merkatua antolatu du.

Besteak beste, arropa, liburuak, jostailuak, oinetakoak, haurtxoentzako arropa, poltsak, osagarriak, bitxiak, txanponak, etxerako tresnak, CDak eta DVDak, itsulapikoak eta etxetresna elektrikoak aurkituko dituzte Sopuertako azokara doazenek. 10:00etatik 14:30era egongo da zabalik merkatu berezia, Mercadilloko pilotalekuan.

Erakuslekuak hiru ataletan banatuta egongo dira: trukea, erosketa-salmenta eta opariak. Beraz, produktuak erosi, aldatu edo oparitu eta jasotzeko aukera izango da bihar.

Enkarterrimarket webgunearen erabiltzaileak ere bertan egongo direla jakinarazi dute antolatzaileek, sarean dituzten produktuekin.

Interesa duten guztientzat da azoka, adin guztietakoentzat, eta antolatzaileek ez dute bihar bukatutzat eman nahi merkatu hori: hain zuzen, jarraipena izatea nahi dute antolatzaileek.

Eta proiektu hori helburu jakin batekin sortu dela azaldu dute: berriro erabiliko ez diren etxe-tresnak edo bestelako elementuak eta materialak birziklatzea, berriro erabiltzea eta berreskuratzea, beste pertsona batzuek erabil ditzaten.

Azokak bultzatuz

Bihar Sopuertan egingo duten merkatu horren antzekoak egin izan dira lehenago Enkarterrin. Joan den azaroaren 27an, Zallan egin zuten Enkarterriko trukerako eta bigarren eskukoen lehenengo azoka. Antolatzaileek esan zutenez “arrakasta itzela” izan zuela ikusita, Enkarterrialde eskualdeko bulegoak beste udalerri batzuetara eraman gura du esperientzia. Artzentalesen ere izan zuten antzeko merkatu bat. Hain zuzen, joan den maiatzaren 20an egin zuten bertan tankera horretako azoka bat.