Bederatzi urte bete ditu Bilbon droga kontsumitzeko jagondako gelak, Bailen kalean. Jagoba Zallo Munduko Medikuak elkarteko kideak (Lezama, 1960) gogorarazi du urteko egun guztietan dagoela zabalik, droga kontsumitzaileen beharrizanek ez dutelako jai egunik hartzen. Gela horrek ekarritako onurez egin du berba.
Bederatzi urteko ibilbidea eginda, azken urtean, 2011n, 968 erabiltzaile izan ditu Bilboko kontsumo gelak. Munduko Medikuak elkartekook zer diozue?
Hasteko, era horretako baliabide gutxi daude mundu osoan. Bilbokoa eredugarritzat daukate hainbatek; atzerritik ere asko etorri dira zelan funtzionatzen duen ikustera —Mexikotik, Frantziatik…—. Drogaren menpe daudenentzat ezinbesteko baliabidea dela iruditzen zaigu, haien osasuna hobetzeko. Guk ez dugu lan egiten haien kontsumoa gutxitzeko. Horretarako, badaude beste baliabide batzuk. Kontsumo hori kalean, modu arriskutsuan eta euren osasunerako modu kaltegarrian egin ez dezaten, modu egoki bat eskaintzen diegu.
Bide batez, burua berotzeko aprobetxatzen dugu, hau da, drogak uztearen onurez hitz egiten diegu. Bestalde, kalean bizi ohi direnez, egoera txarrean daudela ikusten badugu, laguntzen saiatzen gara. Hau da, kalteak edo zauriak edo bestelakoak sendatzeko ospitaleetara, osasun etxeetara-eta bideratzen ditugu.
Era berean, ikusi dugu gela horrek ez duela erakarri drogarekiko menpekotasuna duen pertsona gehiago. Kontsumoak bere horretan jarraitzen du; lehenago kontsumitzen zuten berberek jarraitzen dute kontsumitzen. Orain, ordea, bederatzi urte zaharrago dira pertsona horiek.
Zeintzuk dira haien beharrizan nagusiak?
Denetarikoak. Normalean, droga kontsumitzaile diren neurrian, nahikoa baztertuta ikusten dute euren burua. Eta hala daude: etxetik alde eginda, kale gorrian bizi dira, eta dauzkaten gizarte laguntzak, batez ere, droga erosteko erabiltzen dituzte, euren lehentasuna horixe delako… Guk hemen ez diegu drogarik eskaintzen, leku bat baizik.
Jende askok ez du ulertuko, beharbada, gela horren funtzioa. Zelan azaldu dituen onurak?
Leku osasungarri bat eskaintzen diegu horren beharrizana daukatenei. Guk ez dugu ondo ikusten, ezta erabiltzaileek eurek ere, kalean kontsumitzea, San Frantziskotik eta Bilboko itsasadarrera bitartean dauden eskaileretan eta beste leku batzuetan. Beraz, leku bat eskaintzen diegu.
Menpekotasuna dutenak gaixotzat dauzkagu eta gaixo horiek gaixoago bihur ez daitezen lan egiten dugu. Lehenago xiringak, esaterako, batak bestearenak erabiltzen zituzten. Haietako batek gaixotasun kutsakorren bat izanez gero, beraz, talde osoa kutsatzen zen. Gaur egun, hori ez da horrenbeste gertatzen. Xiringa aldaketaren programaren eta gure kontsumo gelaren bitartez lortu da hori.
Aitzindaria eta erreferentea da Bilboko kontsumo gela. Nondik sortu zen proiektua?
Estatuan aitzindaria izan zen. Nondik sortu zen? Egoera aztertuta, kanpora begiratu zen ea horrelakoetarako zein konponbide egon zitekeen. Genevan zabaldu zen era horretako lehenengo proiektua. Hura aztertuta, gurean ere era horretako bat ona izan zitekeela pentsatu zen.
Hasiera batean, auzokoek kontrako jarrera agertu zuten. Hori guztia gainditu dela esan daiteke.
Hasiera gogorra izan zen.
Bai. Hala ere, esan beharrean edonoren gainetik gure proiektua aurrera aterako genuela, egin genuena izan zen auzokoekin berba egin, udal taldeekin berba egin, erakutsi zein izango zen proiektua, euren konpromisoa gureganatu, auzokideak gonbidatu Genevako esperientzia ezagutzera mesedegarria izango zela ikus zezaten… Eta, gaur egun, nire ustez, auzotarrek ondo ikusten dute. Izan ere, orain ez dute inor aurkitzen euren etxeko atarian, sarreran edo eskaileretan xiringa bat besoan sartuta. Horrelakoetarako aukerak amaitu egin dira.
Egon badaude eta teknikariak ibiltzen dira auzoan barrena begiratzen zer-nolako kontsumoa dagoen eta nortzuk dabiltzan… Eta jendea erakartzen saiatzen dira.
Garrantzitsua deritzogu auzokoak gustura egoteari. Eta garrantzitsua da azpimarratzea kontsumoak ez duela gora egin. Esaterako, Aste Nagusian jende gehiago etortzen zen lehen. Aurten, ez dugu horrelakorik ikusi. Urteko egun guztietan zabalik egotea ezinbestekoa da. Prebentziorako baliabide bat da gurea; ez drogazaletasunarentzat, osasunarentzat baizik.
Erabiltzailea halakoa izan da, nagusiki: 35-44 urte arteko gizonezkoa, droga injektatzen, erretzen edo esnifatzen hamabost urte daramatzana. Ezaugarri horiek, gaur egun, iraganeko kontua dira?
Bai, sintetikoak kontsumitzen dira gehiago gaur egun. Eta etorkin gazteek, esaterako, asko kontsumitzen dute itsasgarria esnifatuta. Hala ere, guk era horretako kontsumoak ez ditugu horrenbeste kontrolatzen. Guregana datozenak edo xiringa bitartez injektatzera datoz, edo esnifatzera.
Nabaritu duzue, baina, erabiltzaileak aspaldi heroina eta kokaina kontsumitzen hasitakoak direla?
Bai, oro har hori da. Gehienak gurekin hasitakoak dira. Berriak ere sartzen dira, edo batzuk desagertu egiten dira, utzi egin diotelako, hil egin direlako edo gutxi-tu egin delako kontsumo mota hori.
Esnifatzeko joera gero eta handiagoa zegoela ikusi genuen une batean, xiringa bitartez drogatzekoa baino gehiago. Horregatik jarri genuen horretarako gela bat ere.
Gazteak drogek eragiten dituzten kalteez kontzientzia hartzea ez da lortu oraindik. Zerk huts egin du lan horretan?
Heziketak, nire ustez. Irakatsi egin behar dira kontsumoaren kalteak. Erakundeek egin dituzte hainbat kanpaina. Heziketa hori, dena den, ez da eskoletan bakarrik egin behar; etxeetan egitea ere garrantzitsua da: Umearen zentzua, etxean entzuna dio esaera zaharrak.
Era horretako beste gelaren bat zabaltzeko beharrizana ikusten duzue?
Egon ziren eskaerak Barakaldo inguruan. Kalean kontsumitzen bada, bai, beharrezkoa ikusten dugu. Kontua da noraino hedatu behar duen era horretako sare batek. Erakundeei dagokien lana da hau. Guk ez dugu hau egiten ibili eta zabaldu nahi. Gure erakundearen leloa da desagertzeko sortu garela. Hau da, baliabide hau erakundeek oso-osoan euren gain hartuko balute, gu pozik.
Beste leku batzuetan egin behar den? Ba, bai. Zenbatentzat egin beharko litzatekeen, non kokatu beharko litzatekeen Barakaldoren moduko leku batean… Neurtu egin beharko litzateke, non, zenbatentzat, daukan kostuak emaitza emango lukeen ala ez… Ez da gauza erraza.
Zuen gelan zenbatentzako lekua dago?
Txandaka etortzen dira erabiltzaileak. Kontsumorako leku bi daude. Bietan seinaka sar daitezke. Datuak hartzen zaizkie datozen erabiltzaileei; galdetu egiten diegu non erosi duten droga. Zerbait jan duten galdetzen zaie eta eskaini egiten diegu jana eta edana. Itxaroten egon behar izaten dutenez lekua libratu arte, jana eskainita, gizarte langileek galdetu egiten diete zer moduz dabiltzan, ezertara behartu gabe… Gero, zenbaki bat ematen diegu eta zenbaki horrekin, ordenan gelara sartzen dira.
Administrazioek behar beste laguntzen diete era honetako proiektuei?
Behar bestean? Egia esan, guk ez daukagu kexa handirik. Beti izan dugu laguntza. Gainerakoan, zelan eutsiko genioke era honetako proiektu garesti bati? Bizkaiko Foru Aldundiak, batez ere, babes handia erakutsi digu. Eusko Jaurlaritzaren aldetik ere laguntza izan dugu. Eta Bilboko Udalak ere laguntzen digu, neurri batean. Noizean behin, baita Europako Batasunak ere.