Oihurik gabeko enkantea

Zinemak milaka aldiz irudikatu du burtsako lan martxa frenetikoa: Berdez eta gorriz tindatutako pantailez inguraturik, akzioen salneurria oihukatzen duten bitartekari, erosle eta saltzaileak ageri ohi dira, eragiketa bat abiarazi orduko telefonoa hartu, eta behin betiko baieztapenaren bila dei egiten dutenak. Gaur egun, oso bestelakoa da Bilboko Burtsaren eguneroko jarduera: 2009ko uztailaren 1ean hitzezko merkatua eten zen, ordurako akzioen salerosketa gehienak Internet bidez egiten baitziren. Hala, egun oso gutxi dira eragiketak burtsan bertan egiten dituzten pertsonak, eta horiek nostalgiak bultzatuta baino ez dira biltzen Bilboko Olabarri kaleko egoitzara. Hala ere, Euskal Herriko balore merkatu bakarra da oraindik ere Bilboko plaza, eta hiriko azken mende eta erdiaren historia ekonomikoaren lekuko fidela.

Bilboko Burtsa sortu aurretik, Bizkaiko hiriburuan balore merkatu bat eratzeko hainbat saio egin zituzten. 1860an, Espainiako Ogasun ministro Pedro Salaverriak, Bilbon eta Bartzelonan burtsak irekitzea proposatu zuen: garai hartan Madrilgo burtsa baino ez zen existitzen. Hala ere, bi hirietako udalek ezezkoa eman zioten ministerioaren proposamenari.

1886an, Bilboko Udalari gutun bat bidali zioten hiriburuko hainbat banku, merkatari eta merkataritza artekarik, gobernuari burtsa sortzeko baimena eska ziezaion. Hala ere, burtsaren sorrerarekin, boterea galtzeko beldur ziren merkataritza artekari askok protesta egin zuten, eta udalak mugimendurik ez egitea erabaki zuen.

Azkenean, 1889an ekimen pribatuaren bidez lortu zen egitasmoa aurrera ateratzea: Bolsa de Bilbao sozietate anonimoa eratu zen, bankari, industrialari eta merkatarien parte hartzearekin. Bilboko Burtsan eragin zuzena izan du beti Espainiako egoera politiko eta ekonomikoak.

Hasierako urte horietan, erakunde berriak merkataritza artekariekin arazoak izaten zituen, 1897an artekarien eta burtsa agenteen egitekoa finkatzen zuen akordioa sinatzea lortu zuten arte. Bestalde, burtsak kokapen aldaketa ugari egin zituen, behin betiko Olabarri kaleko eraikinean finkatu aurretik.

Hasieran, eraiki berria zen Arriaga antzokiko sotoan egon zen burtsa: merkataritza artekari bilbotarrek Areatzan lan egin ohi zuten, Correo eta Bidebarrieta kaleen arteko espaloi zatian, eta burtsa jaio berriak ez zuen hiriko finantza munduaren gune tradizionaletik asko urruntzerik nahi. Horren ostean, Plaza Barriko lokal batera mugitu zen, ondoren, denbora tarte txiki batean San Nikolas plazan aritzeko.

Kontratazioek modu nabarmenean gora egin zuten 1897ko akordioaren ostean, eta, 1898an, Espainiak Kuba eta Filipina uharteak galtzeak eragindako kapital itzulerari esker, bere historia laburreko lehen booma izan zuen Bilboko Burtsak. Horrenbestez, berezko eraikin bat izateko beharra sentitu zuten sozietateko kideek, eta Iparraldeko Geltokiaren ondoko orubea erosi zuten. Hala, Enrique Epalza arkitektoak zuzendutako obrak bukatu bezain laster, 1905eko maiatzaren 13an lehen saioa egin zuten burtsaren egoitza berrian.

Lehen Mundu Gerrako urteetan gorakada bat izan zuen burtsak, Espainia neutral mantentzearen ondorioz. Ostera, 1925an krisi handi bat izan zuen Bilboko Burtsak, hiriburuko Credito de la Union Minera bankuaren porrotarekin batera.

Krisi luzea

1929ko New Yorkeko burtsaren crash delakoak munduko ekonomia osoari egin zion kalte, eta Bilboko merkatuak 1931tik aurrera pairatu zuen krisia: Espainiako II. Errepublika aldarrikatu berria zen, eta 1936ko gerrara arte etenik izan ez zuen kapitalen irteera kezkagarria nagusitu zen. Gudak iraun zuen bitartean, gainera, kotizazioa etenda egon zen.

Gerra osteko urteetan, burtsak Espainiako politika eta ekonomiaren miseriak sufritu zituen. Egoera ez zen hobetu 1953ra arte: urte horretan, Espainiak eta Estatu Batuek aldebiko akordioa sinatu zuten, ia hamarkada batez frankismoak izan zuen nazioarteko bakartzeari amaiera emanez.

1959an, Egonkortze Planarekin batera, burtsaren oparotasun garairik luzeena hasi zen. Ekonomiaren liberalizazioa eta atzerriko inbertsioek garapen bidean jarri zuten Espainiako ekonomia, eta Bilboko Burtsak gorakada urteak izan zituen. 1973ko petrolioaren krisiarekin batera, berriz, krisialdi sakonean murgildu zen ekonomia. Bizkaiko industriak hondoa jo zuen, eta, horrenbestez, langabezia eta gizarte gatazkak hedatu ziren. 1984an egoera egonkortzen hasi zen, batez ere Espainia Europako Batasunean sartuko zela iragartzeak sortutako baikortasunaren ondorioz. Hori dela eta, 1984 eta 1986 artean Bilboko Burtsaren indizeak bere balioa laukoiztu egin zuen.

Garai berriak

1980ko hamarkadaren bukaeran, akzioen enkantean ordenagailu bidez parte hartu ahal izateko sistema sortu zuten Madrilgo, Bartzelonako, Valentziako eta Bilboko burtsek, eta, ordutik aurrera, modu nabarmenean murriztu zen eragiketa finantzarioak egiteko burtsara biltzen ziren pertsonen kopurua, baina horrek ez zuen burtsan egiten ziren negozioen bolumena gutxitu; aitzitik, salerosketa bulegotik egin ahal izateak —eta nazioarteko ekonomiak izan zuen loraldiak— Bilboko balore merkatuaren bitartez hara eta hona mugitzen zen kapitalak gora egin zuen 1990eko hamarkadan. Garai berri horietara egokitzeko, burtsaren eraikina zaharberritu zuten hamarkada horren hasieran.

Bilboko Burtsa BME Bolsa y Mercados Españoles sozietatean integratu zen 2002an. Urte horretako martxoaren 4an, ETAk lehergailu bat jarri zuen burtsako erregai biltegiaren ondoan, baina huts baten ondorioz ez zuen eztanda egin. Ordurako eragiketen %1a baino ez zen egiten parketean bertan, eta saioak ez zuen kalte ekonomiko eta pertsonalik eragin.

Azkeneko urteetan, beste krisialdi batek jo du munduko ekonomia, eta Bilboko Burtsak ere beherakada nabarmena izan du horren ondorioz. Etorkizun hurbilera begira, balore merkatuak kudeatzeko modu berriek burtsa fisikoen existentzia bera kolokan jarri dezakete. Izan ere, finantzen munduan, errentagarritasunaren logika da nagusi.