Ibai Maruri Bilbao
Araban, Uribarriko urtegiaren irudia adierazgarria zen. Urak bete beharreko eremu zabaletan hondoko lupetza zegoen agerian, edo, are okerrago, lur idorra arrakalatuta. Hildako arrainak ehunka zenbatu zitezkeen. Eta azpiegitura eraiki aurretik zutik egondako eraikinen aztarnak agerian zeuden, berriro ere. Gasteiz eta Bilbo urez hornitzen dituen urtegi nagusia da Uribarrikoa; Zadorrako sistemako handiena. Agintariak kezkatuta zeuden. Ez zegoen eskaera betetzeko behar beste ur. Hala, inork hartu nahi ez zuen erabakia hartu behar izan zuten: 1989ko urriaren 10ean lehen mozketak iritsi ziren; atzo 30 urte. Bi hiriburuetan eta inguruetan milioi bat biztanletik gora geratu ziren txorrotetan urik gabe.
Harako urri hartan sei orduz eteten zuten hornidura, soilik asteburuetan. Baina luze jo zuen arazoak, 1991ko otsailera arte. Apurka-apurka, gero eta luzeagoak izan ziren mozketak. 1990eko otsailean, hamabi ordukoak ere izan ziren, eta asteko zazpi egunetan. Ur edangarri faltaz gain, bestelako kalteak ere eragin zituen: industria, nekazaritza, abeltzaintza eta beste hainbat sektorek galera ekonomikoak izan zituzten. Beharrerako ezinbestekoa zuten ura falta zuten enpresetan, eta gauetako txandetakoek ezin zuten lanik egin.
Ohi baino euri gutxiago egiten ari zen. Urriaren 1ean hasten da urte hidrologikoa eta hurrengo irailaren 30ean bukatu. 1988-1989 urte hidrologikoa oso lehor joan zen. Aemet Espainiako meteorologia agentziaren datuak dira: metro koadroko soilik 732,2 litro pilatu ziren Bilboko aireportuan; 503 litro, Gasteizkoan. Bilboko aireportuan, 1948-1989ko epean urteko batezbestekoa 1.245,2 litro zen; Gasteizkoan, berriz, 856 litro. Bizkaian nabaritu zen bereziki sikatea. 1989an, urte batean egiten duen batez besteko prezipitazioaren bi heren baino ez zituen egin. Eta urte hartako zazpi hilabetetan batezbestekoaren erdira ere ez zen iritsi; urtarrila, ekaina, urria eta abendua izan ziren hilabeterik lehorrenak. Lurra eta landaredia oso lehor zeuden, eta egiten zuen euri apurra eurek xurgatzen zuten. Egoera hartan, ezinezkoa zen urtegietara ura iristea.
“Penintsulako beste inguru batzuekin alderatuz gero, gurean klima nahiko egonkorra da. Adibidez, tenperaturetan ez da egoten alde nabarmenik urte batetik bestera. Baina prezipitazioa asko aldatzen da urte batetik bestera. Urte batean, 1.500 litro pilatu daitezke, hurrengoan 1.000 eta hurrengoan 500. Eta hori normala da. Arazoa hasten da bi urte baino gehiago batezbestekotik behera daudenean: orduan hasten gara lehorteaz hitz egiten”, azaldu du Euskalmet Euskal Meteorologia Agentziako klimatologia arduradun Jose Antonio Arandak.
Esaterako, bukatu berri den urte hidrologikoa lehorretik joan da. Baina, oraingoz, urte zehatz bateko kontua da. “Hurrengoetan zer gertatuko den ikusi beharko da kezkatzeko arrazoirik legokeen jakiteko”, ohartarazi du Arandak. Edozelan ere, horrelako zerbait fenomeno arraroa da: Euskal Herriko prezipitazioen serietik abiatuta egindako ikerketen arabera, bi mendetan hiru aldiz gerta daiteke eremu honetan tamaina horretako lehorte bat.
1990 hasieran, Eusko Jaurlaritzak alerta egoera ezarri zuen. Ur hornidura murrizketez gain, lorategiak ureztatzea eta kaleak garbitzea ere debekatu zen. Eta konponbide bila hasi ziren. Esaterako, Bilbo Bizkaia Ur Partzuergoa Bilboko Portu Agintaritzarekin harremanetan jarri zen ur edangarria itsasoz ekartzeko. Petroliontziak erabiliko zituzten, baina ura ekarriko zuten Erresuma Batutik. Metro kubo bakoitzaren kostua —mila litro— garai hartako 500 pezeta izango zen. Baina, azkenean, baztertu egin zuten, garestiegia zelako.
Obrak egin ziren ibaietan, ura hartu ahal izateko. Baita lurpeko akuiferoetan ere. 42 milioi euroko inbertsioa egin zen. Izan ere, euri falta ez zen Arabako eta Bizkaiko kontua izan; Gipuzkoan, Nafarroan eta Kantabrian (Espainia) ere lehortea izan zuten. Gipuzkoan ere izan zuten hornidura arazorik, baina Nafarroan eta Kantabrian, ez. Bizkaian, Gipuzkoan eta Araban urtegiak ziren ur hornidura bermatzen zuten iturri bakarrak. Nafarroan eta Kantabrian, aldiz, lurpeko akuiferoetatik hartu zuten ura, mozketarik egin behar ez izateko. Beraz, lehortea ez zen izan hornidura arazoak eragin zituen aldagai bakarra. Izan ere, 2001-2002ko urteetan ere ez zuen euri askorik egin, baina ordurako nabarmen aldatu zen uraren kudeaketa, eta ez zen hornidura arazorik egon. 1989ko lehortean agerian geratu zen Bizkaiak bestelako iturri batzuen premia zuela.
Aldaketa premia
Duela 30 urteko hornidura sareak zuen beste arazoetako bat galerak ziren. Bilbo Bizkaia Ur Partzuergoak emandako datuen arabera, orduan urtegietatik irteten zen uraren %40 bidean galtzen zen; gaur egun, %5etik beherakoa da portzentaje hori. Azken hamar urteetan, esaterako, 150.000 herritarrek kontsumi dezaketen beste litro ur hodietan ez galtzea lortu da Bizkaian.
Ur kontsumoan egon den aldaketa ere adierazgarria da. Lehorte hark kontzientzia sortu zuen gizartean: etxeetan, industrian eta nekazaritzan ahalik eta ur gutxienarekin baliatzeko ahalegina egin da. Hala, kontsumo estatistiketan nabaritu da aldea. INE Espainiako Estatistika Institutuarenak dira datuak: 1990eko hamarkada hasieran, bizkaitar bakoitzak, batez beste, 175 litro inguru kontsumitzen zituen egunean; gaur egun, berriz, 110 litro dira. Kontsumitzailerik handiena industria da, eta urteotan ur kantitaterik handienak eskatzen zituzten enpresetako asko desagertu dira; besteak beste, Bizkaiko Labe Garaiak.
Era berean, azken urteetan aparteko ur hartuneak bilatu dira; esaterako, Boluetako ponpatze estazioa eraiki da Bilbon, behar izanez gero Ibaizabaleko ura hartzeko aukera bermatzeko. Helburua da ura ahalik eta leku gehienetatik hartu ahal izatea, batek huts egiten duenean besteak eskura edukitzeko. Urtegien kudeaketa arauak eta prozedurak orain askoz zorrotzagoak dira, euri sasoietan ahalik eta ur gehiena biltzeko, eta ur goraldiak datozenean haien ondorioak edo kalteak murrizteko.
Ura Uraren Euskal Agentziak argi du ur partzuergoek zer egin behar duten: sarea egokitu eta iturri berriak bilatu. Uste du hori dela datozen urte eta hamarkadetan hornidura bermatzeko bide bakarra. Era berean, ur eskaera gutxituz joatea ere ezinbestekoa dela uste du: “Ur eskaintza etengabean hazteko bidea garestia da alde askotatik: bai ogasun publikoarentzat, bai lurraldearen artikulaziorako ere; eta ur masen egoera ekologikoari kalte zuzena eragiten die”. Zenbat eta eraginkorragoak izan, orduan eta ur gutxiago atera beharko da.