Historiaren zati bat gorde duten hobiak

Hilobi itxura dute, baina euren funtzioa beste bat da. Animalien larruak ondu, landu eta tindatzeko juduek erabiltzen zituzten hobi batzuk dira: larru hobiak. Balmasedan aurkitu dituzte, Tenerias auzoan —izena bera praktika horretatik datorkio auzoari—, hainbat eraikinen azpian. Aurkikuntza arkeologiko garrantzitsua da; izan ere, Araba, Bizkai eta Gipuzkoan ez dago era horretako beste aztarnarik. Hainbat aurkitu dituzte Enkarterriko hiribilduan.

Begi bistara ez, baina antzina zeuden lekuan jarraitzen dute, Balmasedako auzoan. Aurkitu ahala estali egin dituztela azaldu du Pedro Bejo udaleko arkitektoak: “Hala, ez dira hondatuko. Guztien gainean jarduteko aukerarik ez dugun bitartean, ez dauka zentzurik gutxi batzuk kanpoan uzteak, estalperik eta babesik gabe, hondatzeko arriskuan”.

Udala plan berezi bat osatzen ari da Tenerias auzoa eraberritzeko. “Plana bukatu eta martxan jarri arte, ezin izango da inguru osoaren azterketa arkeologikoa egin. Zundaketa ugari egin ziren duela zenbait urte, asmatzen saiatzeko zer-nolakoa den gutxi gorabeherako perimetroa —azkenengoz, 2008an aurkitu zuten larru hobi bat—. Hala ere, ez dakigu zehatz nondik nora doazen hobi horiek, ezta zenbat dauden ere. Zenbait atal trenbidearen azpian geratuko dira, gainera…”, azaldu du Bejok. Datuok eskuan izan arte, gainera, ez dute erabakiko aztarna horiek zelan ezagutarazi eta bisita gidaturik egingo duten.

XVII. mendekoak

Hemezortzi hobi inguru aurkitu dituzte orain arte. Sonia Anibarro arkeologoak gidatu ditu lanok. XVII. mendeaz geroztik erabilitako larru hobiak dira Balmasedakoak. Hain zuzen, “Errege-Erregina Katolikoen aginduz eta zenbait bizilagunek egindako salaketen ondorioz” juduak hiribildutik kanporatu zituztenekoak.

“Jarduera horretan aritzen zirenei ez zieten uzten hiribildu barruan egoten, usain txarra eta osasunerako kaltegarritzat jotzen dituzten arauak aitzakiatzat jarrita”, azaldu du Anibarrok. “Baten batzuek etxean bertan zeuzkaten larrua ontzeko euren hobiak”, adierazi du. “Beraz, hiribildutik kanpo ezarri ziren, gaur egun Tenerias izena duen auzoan. XIX. mendearen bukaera eta XX. mendearen hasierara bitartean funtzionatu zuten horietako batzuek”.

Larruak lantzeko hobietako batzuk “haitzetan egindakoak dira; beste batzuk, hargintzatik eratorritakoak; beste batzuk, adreiluzkoak… Larruak hor sartzen zituzten, haragia, ilea eta izan zitzaketen gainerako zikinkeria guztiak karearekin kentzeko. Karbonatoz betetako bainuontzi zuri-zuri batzuen itxura hartzen zuten orduan hobiek. Jendearen arreta bereganatzen zuen horrek. Ondoren, itsatsita gera zitezkeen haragi eta ileak kentzeko, harraskatu egiten zituzten. Ostean, taninotan eta halako substantzietan sartzen zituzten, larruak biguntzeko eta maneiagarriago uzteko”.

Leku handiak

Prozesua luzea eta geldoa zen; beraz, leku asko behar zuten larrua ontzeko. “Instalazioak prekario antzekoak direla esango nuke. Lurrean bertan egindako hobiak dira, eta taninoa —zuhaitzetatik eratorria— ehotzeko aparatuak, okre mineraletik ateratako hematiteak… baino ez zituzten. Garrantzitsuena hobiak eurak dira. Horietako batzuk perfektuak dira, gainera; laukizuzenak, ederrak”, esan du Anibarrok.

Besteak beste, kobrea lantzen zuten behargin ugari zeuden garai hartan. “Langile horiek amantalak behar zituzten, garai hartako lan uniformeak, hain zuzen, larru gogorrez egindakoak; behi larruz, adibidez. Larru ontzaileek horiek lantzen zituzten”, azaldu du. “Baita arkumeen larruarekin egindako kategoria handiagoko beste elementu batzuk ere”, gehitu du.

Garestia zen larrua lantzeko hobi horiek egitea. Beraz, arkeologoak azaldu duenez, aurkitutako bat hobi bi aprobetxatuta sortutakoa da: “Ezin zitekeen bat apurtu, kendu eta beste bat egin, oso garestiak zirelako. Hori dela eta, aurkitu ditugunetako batean, nabari zen hormak kalte ugari izan zituela. Hobi hori beste batekin lotzen zuen horma —kaltetuta zegoena— kendu egin zuten, eta beste hobi bat sortu, besteak baino askoz handiagoa”. Anibarroren esanetan, hobi berri horren forma “amorfoagoa zen, gainerakoak ez bezala, besteak perfektuagoak baitziren “.

Larrua ontzeko hobiak Bizkaiko hiribildu gehienetan zeudela azaldu du arkeologoak. “Urduñan, esaterako, piloa egongo ziren. Bilboko alde zaharrean, Plaza Barritik gertu, ehundik gora aurkituak zituzten. Urbanizatzeko leku gutxi daukagu hemen, ordea, eta arkeologia alboratuta geratzen da. Zazpikaleetan eta halako lekuetan, milaka obra egin dituzte, eta, umeentzako jolas parke bat egin behar badute, sedimentuak hondatu egiten dituzte”, esan du.

Balmasedan, berriz, hobi horiek dauden eremua gehiegi ez dela hazi ekarri du gogora. Horrez gain, azaldu du auzoa berriki eratutakoa dela, juduak Balmasedatik XV. mendean bidali zituztela gogorarazita.

Arkeologoak uste du, ordea, trenbideko lanek eremu hori zapuztu dutela. “Guztia izorratu du. Tenerias auzorako sarbideak ez luke izan behar gaur egun den bezalakoa, sarrera bakarra. Trenbidea egiteko lanek erdi-erditik moztu zuten guztia”, iritzi dio.

2008az geroztik indusketa gehiagorik egin ez badituzte ere, Anibarrok ez du itxaropena galdu. “Ikusgarria da hobiak zelan kontserbatuta dauden. Tenerias auzorako plana eratzen ari diren arkitektoak, gainera, konprometituak dira, eta aztarnetan kalterik ez egiteko moduak aztertzen ari dira. Gaur egungo egoeran, ordea, batek daki”, esan du. Ikusi egin beharko da, beraz, historiak bere lekuari eusten dion.