Azken egunetan zer esana ematen ari da Basurtu inguruko Bilborako sarrera. 2012ko martxoan inauguratuko da lurpetik joango den errepide berria. Baina lehengo zaharrarekin zer geratuko da? Badirudi datorren urtean hasiko direla eraisten. Konpromiso hori hartu du Jose Luis Bilbao Bizkaiko ahaldun nagusiak. Hala ere, eraiste lanak Foru Ogasuneko itsulapikoak datozen hilabeteetan izango duen bilakaerari lotu du hasiera egun zehatza. Gainera, aitortu du aurretik inguru hartan zer egin nahi den erabaki beharko dela; plan bat diseinatu beharko dela, alegia.
Edonola ere, auzoko bizilagunek ez dute oso argi. Aurrena, Pilar Garamendi Garraio eta Herrilan ahaldunak esan zuen oraindik ez dutela Sabino Aranako sarrera eraisteko plan zehatzik eginda. Hori entzundakoan oposizioa eta auzoko bizilagunak zeharo sutu ziren, bai Jose Luis Bilbao ahaldun nagusiak bai Iñaki Azkuna Bilboko alkateak hauteskunde kanpainan 2012a aipatu zutelako. Juan Mari Aburto Bizkaiko Foru Aldundiko bozeramaileak erantzun zien behin Basurtuko sarrera berria inauguratuta, Sabino Aranako arazoa konponduta egongo dela, eta eraistea kontu estetikoa baino ez dela, “krisi garaietan, presarik ez duen zerbait”, alegia.
Bilbaok, bada, honako konpromiso hau hartu du lanetara egin berri duen bisitan: “Egoera ekonomikoak aukerarik emanez gero, 2013ko foru aurrekontuetan Sabino Aranako zubia eraisteko diru sorta onartuko dugu”. Basurtuko bizilagunei pazientzia eskatu die. Eraitsi eraitsiko dutela hitzeman die, baina aukera dagoenean. “Garai zailean bizi gara, eta aurrekontuan lehentasunak finkatu behar ditugu”.
Lan hori 8 milioi euro kostatuko litzatekeela kalkulatu du foru administrazioak. Gainera, eraisten hasi aurretik inguru horretarako plan bat egitea komeni dela iruditzen zaio. Egiteko hori Bilboko Udalarena litzateke; hala ere, ahaldun nagusiak elkarlanerako jarrera agertu dio Azkunari. Alkateak ulertu du foru aldundia diruz larri dabilela, eta egoera hobetzean eraiste lanei ekiteko eskatu dio Bilbaori.
Oposizioa, haserre
“Bilbaok orain badio ez duela inguru horretan zer egin erabakita, jakin daiteke zer egiten duen jaun honek?”, galdetu du Iñaki Egaña batzarkide sozialistak. Gainera, gogoratu du San Mames inguruko lanak eta Sabino Arana eraistea orain arte lotuta egon diren proiektuak izan direla, eta ez duela ulertzen orain zubiaren auzia kontu estetikotzat jotzea.
Bilduk argi du orain arte hartutako konpromisoak “hauteskundeetara begirakoak” izan direla soilik. Bestela, ez dute ulertzen duela hamarkada bat auzokideek egindako eskaera oraindik betetzeke egotea. Errekaldeko zubia eraisteko konpromisoa hartu zutela ere gogorarazi dio EAJri.